Hertzainak

Untitled

Bizi genuena ez da erraz blog honetan
kontatzeko. Hainbat bideo ikusi ditut han eta hemen, eta ez, ez dute adierazten
han bizitakoa. Edo bai. Baliteke nik bizi nuena ez ikustea bideo horietan ze
hori hain da norberarena… Gaztetua eta kontzertuan sartua sentitu
nintzen. Lehenengo kantuan tuiteatu ere egin nuen, baina utikan aparailuak
bigarrenerako. Harrapatu egin ninduten.

Orain pare bat aste hasi zen zurrunbiloa.
Orduan enteratu nintzen ni Tito joan zela. Josu Zabalaren berri ere izan nuen,
bazebilela ikus-entzunezko bat gertatzen omenaldi txiki bat egiteko… Argazki
eta grabazio pilo bat zituen, baina bere izatean dago gauzak ondo egitea eta
gureganaino ere heldu zen galdezka. Guk, Goienan, bagenituen Arrasaten
egindako kontzertu grabaketa batzuk. Tito bera zen bezalako agertzen diren
WHS-ak. Ikus-entzunezko landua egin zuen Zabalak, egiten duen edozerrek izaten
duelako “Zabala” marka. Tonoan jarri gintuen denok eta ezagunago egin
zuen Tito Aldama hango gehienondako. Beragatik elkartu ginen eta elkartu ziren.

Egun berezia zenean hasi zen guztia, 00:00ak
pasatakoan, apirilak 29an. Egun horretan hil zen Johnny Brusco eta baita Tito
Aldama jaio ere. Gaueko lehenengo taldeak, Gobeo Bayk pare bat bider gogoratu
zigun zertarako geunden han.  Arnasten zen giroa bazen
Titoren gertukoa eta edadeari begiratuta argi ikusten zen han zeudenak
ingurukoak zirela. Aretoa lepo beteta. Lehenengo taldearen eta mimo minututxo
batzuen ostean…

“Kaixo lagun guztiok, gu gara Hertzainak”

Kantatzen hasi zen Txanpi eta adrenalina gora
Garik esan zuenean: ¡que viejos estais, cabrones! propio jarri zioten
hanka-zurruneko mikrotik.

Emozionatu egin ginen hango gehienok eta
seguruenik baita Hertzainakeko taldekideak ere: Txanpi, Kike, Bingen, Gari
eta Josu ziren taula gainean, pare bat sasofoijotzailek lagunduta eta hasierako
kanturako Urdangarinek panderoa jota. Azken kantuan igo zuen Ruper Ordorikak
“ta ezer ez da berdin” kantatzen laguntzeko.

Bost kantu

Sei disko eta hainbat singletatik aukera
zabala zegoen ba jotzeko, baina badirudi saxoa entzun zitezkeen kantuak izan
zirela aukeratuak. Aspaldi entzun barik genituen kantuak Josu Zabalaren
gidaritzapean eta Gari frontman indartsuaren ahotsera:

  • Hertzainak
  • Eh txo!
  • Rock&Rolla Batzokian
  • Egunero
  • Ta ezer ez da berdin.

Hertzainak bueltatuko den? Beti dago galdera
bera askoren buruetan…: “Isilik inola ez, hobe da abestu” kantatzen
hasi ziren, baina, nago, “ta ezer ez da berdin” izatea azkenengo
kanta ez dela ausazkoa izan. Ez, ezer ez da berdin, baina erakutsitako indarrak
hogei urte eta gero ere funtzionatuko lukeela ez dago dudarik. Hori talde onei
bakarrik gertatzen zaie. Besterik da momentu konkretu eta sentitu hautatik
kanpora kontzertuen zurrunbilo neketsuan hastea, hala ere. Gogor daude, topean, emateko
gogoarekin, osasuntsu… baina ez, ez dut ikusten aukera bat denik ere. Agur.
Untitled

Eskerrik asko Aianai elkartekoei hau dena
antolatzeagatik, Helldoradokoei eta bereziki Josu Zabala eta Hertzainak-ekoei urrezko minutu horiek
erregalatzeagatik. Gogoan izango dugu apirilaren 19koa eta baita Tito Aldama ere

TitoHertzainak

Pelota partidurik ez neban ikusi

Eta arraro sentitzen naiz. Egixa esan parian tokau ezkero ikusi egingo neuke eta gustora ikusi sufridu arren. Gurago izan neban olatu haundixak ikustia kostan, hala eta be.

  • EAEn % 33ko audientzia (portzierto, zelako nahastosua dan erkidegua eta talde politikua be EAE izatia. Nekosua beti ANV-EAE idaztia… ).
  • Nafarruan % 40ko audientzia. Bi lagunetik batek ikusi zeban partidua.

Partidurik ez eta telebistarik bez. Aste akaberia aretotik aretora ibilli naiz.

Barikuan Txuma Murugarren (webgunia ei dauka, baiña telefonicaren lotura bat agertzen da…) eta Gari (ikustera ohittuta ez nagon webgune bat, zeozela esatiarren) ikusi nittuan Plateruenan. Etxian moduan egoten naiz hango antzokixan. Kontzertu ona. Bixak dittut gustoko eta oso oso txarto egin biharko leukie nik okerrekorik esateko. Hori bai, Roberto Mosok urten zeban momentuan… gure lagun batek galdetu zeban moduan: Roberto Morro dok dantzan dabillena?

Zapatuan Leo Bassi Elgetako Espaloia Kafe Antzokixan. Jendez lepo egon zan Espaloia eta ez zan iñor urten disgustora. Berakin afaltzeko aukeria euki neban eta gustatzen jata daukan bizi-filosofixia. Jarduntsua da eta luze egon giñan entzuten kuadrillatxua. Oingo astian Toledon egongo da, ateuen elkargune izango da Toledo. Zein herri eta Toledo! Blogari saiatua da Bassi eta nundik nora dabillen jarraittu geinke errez. Emongo dau zeresana Toledon probokazio-man-ek.

Domekan olatuak ikusten lehenengo eta gero goxo-goxo Victoria Eugenian. Berandu erabaki giñuan Ruper ikustera fatia, baiña aukera ona izan zan. Lekua… elegantia da, baiña gu hirugarren solairuan egon giñan. Zer esango dot ba! Ba galdu egitten da taula gaiñekua bertatik bertara ikusten ez danian. Hirugarrenetik be soiñu ona eta argixak mundial. Jabi Ulla ezaguna da, baiña ezagunago izateko meritu guztiak egin zittuan domekan be. Ruper bera ondo (hobeto egon izan da Ruper be). Atzo nerbioso-edo… anplixari “on” emotia ahaztuta behin, zubitoren batekin be larri, letraren batzukin nekez be bai… baiña ondo. Haizietan jardun zeben  Gorka Benitezek (saxua eta zehar-txirulia) eta Juan de Diegok (fiskornua). Entsegu gutxitxokin seguruenik, baiña kolore politta emon zotzen pare bat kanturi. Jendez lepo aretua eta artistiari txalo zaparrada haundixak joten, entregauta. Politto egon zan. Dana grabau da eta lau kamaratan, gaiñera! Komentarixo asko egin zittuan eta kritikatxo bat be bai. Irratixetan euskal musikarik jartzen ez zebeneko urtien gaiñian egon zan berbetan eta bota zeban: bueno, gaur egun moduan. Txaluak entzun ziran antzokixan. Komentarixuak badauka mamiña, baiña hau beste egun baterako.

Gaur astelehena… eskerrak zubixa be badatorren. Animo!

Bik, behintzat, irakurri dute

Jo, isil-isilean-edo zabaldu dut txoko hau eta bi sarelari handik irakurri dute aurkezpen mezu motz hori: Garik eta teketenek.

Eskerrik asko erantzuteagatik eta erantzuna anonimoa ez izateagatik. Pentsatu beharko dut anonimoekin nola jokatu, portzierto.

Blog hau… Ez dago sekreturik… Beroaldian sortutako blog honi hiru opor egunek jarraitu diote. Ez wifi ez Internetik ez zegoen herri txiki batean egon naiz, Espainian. Eskukoak ere ez zeukan estaldurarik, fenomeno! Baina etxera bueltatu eta zapata berri hauek ikusteko gogoa izan dut. Ikusi eta jantzi. Bigarren mezu hau idazten hasi naiz, nahiz eta badakidan Espainia aldean pasa ditudan egunak ez direla blogean kontatzekoak. Hori bai, hain ondo pasatu dut… hauek egunok gogoan edukitzeko dira, ez lau haizetara zabaltzeko.

Eta zalantza

Zeinendako idatzi dezaket hemen? herriko lagunendako, kuadrilakoendako, ezagunendako, maite ditudanendako, unibertsitateko lagunendako, Eskoriatzakoendako, lankideendako, sarearen bitartez ezagutu ditudanendako, ezagutzen ez ditudanendako… Nekeza! Bakoitzarekin modu batera komunikatzen naiz, ez ditut berba berak erabiltzen… eta ikasi dudanez, nork-zer garrantzitsua da, eta baita nori ere… Eta asmatu ezinda hasi naiz, zalantzatsu.

Bloga irakurri duten bi lagunen perfila bakarrik dakit eta hauei ezer gutxi daukat erakusteko, ezer ere ez. Biak ala biak munstro batzuk dira Interneten. Eskerrik asko irakurri eta erantzuteagatik.