Joseina Etxeberria oso ondo ezkontzan

Ez nuen pentsatuko hau inoiz esango nuenik. Lagun batek ere horixe gogoratu dit ezin zuela sinistu esaten nenbilena. Ba esango dut eta idatzi ere bai: Joseina Etxeberriak oso lan ona egin zuen asteburuko ezkontzako DJ lanetan.

Gu jatetxera joan orduko zeukan dena antolatuta: bafleak, nahasketa mahaia, mac gris eder bat… eta zelan ez, mikroa. Berak montatu eta desmontatu. Hasieran ez nuen ikusi baina bai entzun. Lehenengo burura etorri zitzaidana izan zen ia trafikoaren berri jakiteko noiz moztuko zuen musika.

Hasierako ordua koktelekoa da. Euskal musika dezente eta bestelakoren bat ere bai jendea erretratua ateratzera deitzen zegoen bitartean. Ondo. Eta bazkaltzen geundela egon ginen komentatzen ia Joseina Etxeberria zelatan DJ lanetan ezkontzaz ezkontza… ba mahaiko batek komentatu zidan urtebete baino gehiagoko asteburuak dituela hartuta dagoeneko. Flipatu egin nuen! Ni beti izan naiz ezkontzetan zuzeneko musika (txar-txarra ez bada, behinik behin) nahiago duten horietakoa-eta… eta ez naiz Euskadi Gaztea zalea ere…

Hasi zen dantzarako tartea eta oso ondo! Eta zein da sekretua? ba lana, batetik; musika jakintza, bestetik.

  • Lana diot ze jakin nuen ezkonkideei gustuen inkesta bat pasatzen diela eta bodara joango direnen gaineko zaletasunak ere eskatzen dituela horrelako galderak eginda: “Txoriak txori jartzen
    badut zenbatek ezagutuko dute?”.
  • Jakintza: Joseinak asko daki musikaz, pila bat. Badaki zer gura duen entzun jendeak, badaki zein kanturekin jarriko duen jendea biribilketan, edo noiz jarriko dituen gitarra jotzen eta ACDC edo Ramones imitatzen. Jakintza dago hor eta baita kantu bat bestearekin josteko abilezia ere. Ondo harilkatuta, ondo aukeratuta… Lasarteko seme Joseba Tapia eta Manhattanen jaiotako Lady Gaga zelan lotu daitezkeen belarriak tirrin edo krask egin barik… ba lortzen du.

Bai, nik nire gusturako beste kantu batzuk ere jarriko nituzkeela? ba klaro. Baina 200 lagunetik gora, 6-90 urte bitarteko jendea, ezkontza giroa, gin-tonicak gora eta behera… Ez nuke hobeto egingo inoiz! Ez, ez da bat ere erraza izan behar eta jakintza eta lanaren gainetik badago gako oso inportantea: gustatu egiten zaio egiten duena. Ondo pasatu zuelakoan nago eta horrek ondo pasarazten laguntzen du. Hor ba, esanda. 🙂

CIMG1532