Unai Iturriagak Berrian : Haurrek Txaikovski nor den badakite, baina Imanol ez; norbaitek bultzatu beharko luke hori.
Eta ez du arrazorik falta! Besteak beste horrekin konturatuta Debagoienean Kantari ekimena jarri genuen martxan urriaren 20an. Ideia bat egiteko ETBko “Egin kantu” moduko bat da, baina baditu ezberdintasunak:
- Ez ditugu ume onenak aukeratu. Denak dira onak.
- Debagoieneko ume guztiek parte hartu ahal izan dute eta 550 umek igo dute oholtzara.
- Ez dago irabazlerik. Edo hobeto esanda: denak dira irabazle.
- Denei erakutsi diegu koreografia minimo bat.
- Uda aurretik eman genien CD parea 40 kanta euskaldunekin. Hainbat gurasok ere entzun behar izango zuten umeek ikasi beharreko kantua…
- Ez dira izan euskaratutako kantak, baizik eta euskaraz sortutakoak, euskal sortzaileenak.
- Denak, 550 umeak aterako dira telebistan, GOITBn.
- Edozein joan ahal izan da Kantari-ko grabazio saioetara (lau herritan egin dira) eta doan.
- Denei emango diegu aukera ikuskizuneko DVDa 6 euroan eskuratzeko. Kantariko kamiseta opari.
- Kantuak: Pirritx eta Porrotxen “Maite zaitut”, Joxe Ripiauen “Kaiser Sose”, Tapia eta Leturiaren “Galdurikan nago”, Oskorriren “Katuen testamentue”, Itoizen “Goizero”, Hertzainak talderen “Bi minutuero”, Kortaturen “Sarri sarri”, Hemendik At-en “Eskutitza”, Sorotan Beleren “Arratsalde honetan” eta Latzenen “Laztana”. Baita ere, zelan ez, ekimen honetarako propio sortutako Kantariko kantua ere.
Unai Iturriagak dioen moduan norbaitek bultzatu beharko luke euskal kantua ezagutaraztea, plazaratzea, erreferente bihurtzea, gozatzea… Batzuei sorkuntza dagokie, beste batzuei, berriz hori entzunarazteko bideak erraztea: udalak, kultura teknikariak eta zinegotziak, antzoki sareak, euskara elkarteak, tabernak, liburutegiak… badugu zer egina.
Oraingoan ere pentsatzen dut tokian tokiko proiektuek badutela bestela antolatu eta arrakastatsu izateko modua. Debagoienean kantari ekimen xumea Durangaldean kantari ere izan beharko litzateke, edo Goierrin kantari, edo Bortzirietan kantari, edo.. Txaikovskiz gain euskal kantariak ere ezagun izan daitezen.