Momentuz euskarazko berbarik ez ETB2n

Berriako plaza sailean irakurtzen nuen:
EUSKARAZKO HITZAK ETB2 KATEAN. Orain arte euskarak ez du
tarterik izan ETB2n, baina atzo (
abenduak 21) Andoni Ortuzarrek iragarri zuenez,
emankizun batzuetan euskara sartuko dute. Albistegietan, adibidez,
elkarrizketatuen hitzak euskaraz errespetatzeko asmoa dutela azaldu
dute. Gaztelaniazko azpidatziekin joango dira euskarazko adierazpenak.

Gaurko albistegiak

Albistegi-jalea naiz-eta… eta notizia beretsuak bi bider ikusi ere egiten ditut batzutan. Lehenengo saioan, ETB1ean ikusi dut Patxi Mutiloa eibartarra herri berbetan, eibarreraz. Gerora, ETB2an gaztelera hutsez. Azpidatzirik ez.
Bi aldiz adierazpenak egitea… en fin. Egitea ere ez dago ondo, baina euskaraz jaso ostean erdaraz ere egiteko eskatzea… Eta ikusi duzue Xala gazteleraz berbetan albiste horretan bertan? Hau marka!

Andoni Ortuzarren esanak irakurtzean asko poztu nintzen. Ia esandakoa lehenbailehen ikus-entzuten dugun. Urte berriarekin, akaso? Euskal hiztunok merezi dugu. Orduan bakarrik ikusiko da ETB2n bagaudela eta bagarela.

Albistegi motza ETB1ekoa

Motza. Zatarra? ez dakit, baina bai motza, laburra. Dozena bat minutu gutxiago? Amaitu ezinik hala ere: Ezin konexioak egin satelite bidez, ezin ez urrun zeudenekin ez gertuagokoekin. Irudiak izoztuta geratu dira ez aurrera ez atzera. Soinurik ez zen sartzen eta sartu behar ez zena ere entzun dugu.

Eta bai, etxe guztietan gertatzen dira horrelakoak, antza. Nik gaur penaz begiratu ditut ETBn ikusitakoak. Seguru nago lan-talde guztia egon dela sufritzen.  Bilbon dabiltzanetik hamaika dira egiten dituzten hutsak, eta gaurkoa…

Hori bai, gustatzen zaizkit egindako aldaketa guzti-guztiak irudian-eta. Platoak ederrak dira, berri-berri dago dena… Ez da egon diru faltarik aldaketok egiteko eta dirua txarto inbertitu dutenik ezin esan nik.

OdriozolaIriarte

Aurkezleak

Chapeau! Biak egon dira ondo. Ondo Asier Odriozola, baina Maialen Iriarte… Azkenengo irudietan amorratuta ikusi dugun arren, profesional handia izan da gaur ere. Albistegiaren pisua eramateaz gain esango nuke idatzita ez zegoen albisteren bat ere eman duela. Hiru albisterekin ezin izan du aurrera egin eta badirudi berak erabaki duela albistegia etetea ere. Maialen, gaur ere ondo. Ondo egon direnak eman dute aurpegia eta txarto ibili direnak… Hori gertatzen da telebistan.