- Informatua izateko. Norbera informatuago izateko modua da. Niri balio dit gai honen edo haren gainean gehiago jakiteko. Googleri astindu bat eman eta sakondu. Egindakoak balio dion irakurleari? Berak erabaki dezala berriro bisita egin edo ez aukeratuz.
- Euskaldunon komunitatea handitzeko. Euskara sarean egotea garrantzitsua delako bai hizkuntzarendako eta bai euskaldunondako. Euskalkiak egotea ere garrantzitsua dela uste dut.
- Irakurri ere gustura irakurtzen ditut… zergatik ez nire harritxoa jarri? 3 irakurle baditut nahikoa da. 3 irakurleko blog askorekin milaka irakurle geundeke euskaraz irakurtzen… Irakurtzen al dira horrenbeste euskaraz dauden liburuak edo?
- Idaztea ez da tortura bat. Gozatu daiteke idazten. Ez dut uste behar bat denik, baina gustuko dut.
- Beste jende baten iritzia jasotzeko zuk duzun iritziaren gainean. Oso interesgarria da eta batzuetan jasotzen diren erantzunak hain dira osagarri… baita norbere mezua baino askoz hobeak ere, sarri.
- Moda bat baino gehiago komunikazio bide bat delako. Oraindik gogora datorkit idazle jende batek-eta zelan egiten zuten trufa blogintzaz. Badatoz blogari izatera eta gero eta gehiago dira. Baita orduan blogariak arraroak zirela uste zutenak ere. Gainera, idatzi batzuekin horrenbeste paper zikintzea ere 😉
- Memoria txarra dugunondako badaukagu artxibo bat erabilgarri bat, etxean lekurik okupatzen ez duena eta artikuluak topatzeko bilatzailearekin.
- Idazteko leku honek nire zentsura bakarrik duelako. Gune libre bat da eta neu naiz neure buruaren editorea. Nik telebistan, irratian, Interneten eta paperean egiten dut lan, baina hango jarrera guztiz neurtua da, profesionaltasunak eta ardurek horrelaxe eskatzen dutelako, besteak beste. Blogean, berriz, nik erabakitzen dut argazkia jarri edo ez eta zelakoa, gai hau sartu edo paso egin, noiz eta zelan idatzi, luzera…
- Blogari izatea jardun bat delako, aktiboa. Blog bat eduki edukitzeko… ez! erabiltzeko dut blog hau eta jardutea gustuko dut, geldi egotea baino gehiago.
- Balio dit pista ez galtzeko. Teknologiarekin zerikusia duten gauzatxoak probatzen ditut blogean, beste blogari batzuk jarraitzen ditut eta adituagoen esanak nirean frogatu…
- Ez delako derrigorrezko eginbehar bat. Ez da bizkarrean daramadan ehun kiloko harria. Orain idazten dut eta zeinek daki gehiago idatziko ote dudan. Ez da inporta. Blogak jaio eta hil egiten dira. Ona litzateke jaiotzak gehiago izatea, hala ere.
Lagun batek blogari izateak duen puntu nartzisistaz berba egin zidan atzo gauean eta hau idaztera bultzatu, hein baten. Ez, ez da egoa handitzeko, ezta nire iritzia ematea jasotzailearentzako derrigor uste dudalako, ez moda bat delako, ez guaiagoa naizelako horrela, ez modernoagoa naizelako, ez… Ez! Inor ez da arrarotzat hartzen gau-mahaian gordetzen dituenean idatzitako paper puskak, ezta? Ezta liburuak edo iritzi artikuluak argitaratzen direnean, ez?