Blog honetako testu ederrena Irigarayri esker

Testu hau erabili dugu Topaguneak antolatutako Topaeguna jairako. Eta egitan, gehienok geunden han, eta anitzez gehiago oraindik… Enfin, erran dautzut, ia denak…

Egun ederra pasa genuen Soraluzen eta eguneko tarte batean hartu zuen mikrofonoa Irigarayk. Denontzako du testu honek, eta dena lehen entzunaldian erraz ez denez… ekarri dut hona idatziz:

Agorako ba(t)za(h)arrean erresumako ia hiritar guztiak zeuden, badakizu erakunde, elkarte, elkargo, baltsa eta antzekoen parteliant, partzuner eta urdezkariak oro, egon beharreko denak; dotore, tente potente, eder eta afrus, pilda suerte guztietarik, pildaire ere ez guti, papardak hornitu krabata, txulufreia eta pitxi, lepondoan pikardak, ez guti eskumutur eta matrail bete kalitxa eta txitxabegi…

Oro begi belarri, mihi aho eta zintzur, leher eta zapart elemeniaka sekula fingabeko otoruntza eta edasian, txitxipapetan batetik bestiala kurruk uzker eta zurrut, arraileria, potroiska eta horderia nasai, kirika eta koroka barrastan, hitzaspertu, solas molas, xarduki merke, gezur melur, zangopilo eta kulturetan…

Kanpoeder eta Barnehuts buruzagiak eta ondoko azkazi luzea, Farfuntzi eta Xardukimerke
jaun-andere kontseilariak, Ixtepe Tripontzi eta Pegartara Berritsu seme-alabak, eta Kopetaundi eta Xinpletzar deputatiak eta haurreria, eta ofizialdegia eta handureria guztia eta ondoko ganbelapekoak eta noharroin elia, eta, bistan da, Arxebixko adarküloa, Apezküpü adarbildua eta serorategia, Sabelxuri eta Sabelgorri got(hor)zainak eta Papoanbilo artximandrita eta kohorta, jan-edan eta lo, eta kalonjer eta erretor saldoa, Babaxkot Apatia, Apezestea, Apezkondo eta parropiantak, apezorde, apezgei, apoño, apoxka eta bereterrak, Fraireria ia guztia, Zintzurmehar abadesa eta Lekamehe hameka ahizpak, Benedita familia zabala eta Fraisoroko umeak…

Eta Buruzahato-Biligarro jaun andereak eta barrendariak, trenkalariak, zirtolariak, pitolariak eta zenbait pirdila, eta Kontratxintxur eta Uzkuzilotikoak eta Iren Zikiratoil senideak eta Omalki Zabalaga lehengusinak, Urdail Enpo, Txotxagerren eta Tilingo su-kalte-burua eta sehiak, eta Oilargandor Xingola perfeta, Oilokoloka emaztea eta oilokindegia ia osoa, orobat Urdanbuztan Kardaburu erregeordia eta Ahuntzkente emaztea eta memeria…

-Eta… zertaz?-

Fandabila! D’Arrotzer, beti ere, lonbre handian, herengila, mendre, singil eta arkilumendi anitz, orobat Ahuntz Tripustel samaldan beti alhan Gurutz Ezpatatzar kaserna buruarekilan eta Pettirisantz eta Oihes Eltxo hodeika eta Kakabarbalot lerroka, eta, araiz, baratari eta juje mordoa espartinero dinamitero jeneral-konfiterua axuanta zutela, ezker-eskuin Zakurrantonio jaun txit gorena, eta Zakurtzar, Zakur, Txakur eta Txakurño -eta txarrantxa- txit beherenak, Furrustako eta Marizartako kupla ezinago joria txispaz armatuak, ez urrun trabukariak ihanki-ihanka, eta Zirikarroltze, Uzkipitxer Arnega eta Doilor Tutuluti profesurrak eta eulixka ikasleria, eta Errient Errieta marimaisuen leinua, Zoroasto eta Eztabilondo psikiatren aldra eta Soraio Külüpüts psikanalistail abila, Herstu, Mehar, Pantzart eta Bargoxta omonierrak, musean ari biga bostetan, Juanpitolanda eta Joanapika ostalier eta ostaliersa beti beha -hemen karraka, han kirrika-, eta Osinbeltz Horosakola bankaxefa, Aranibar Ttallajuria eta Zapatkoxkorren azkazi luzea, orok Yodoko tratamendu-oditeria sudurziloan -bozio eta kretinismoa, endemikoa-, eta Antuste, Barrabilttipi, Hipogonadiaga, Arrandius jaunak eta Ditixut eta Histerila andereak, Akilimarro eta Nagi Geldo burokrat bipilak eta Hego Melo, Zuntzun Barea, Fardel Farras, Uzkorno Mardo eta Narrats Bordela artista famatiak, eta agintaritza goreneko Leloments, TTunttunoisko, Tentel, Txepel, Motel, Ustel, Zimaur, Elkor, Lerdo eta Azal Xingar lunbrera ezinago ipurtargiak, eta, nola ez, Negar Anpulo andere joria -beti oküpü!-, eta Negarrontzi-Zakurmihi tribu txit zabal eta katilipurdia, eta Martin Bonbin erregeren sorgin tipula eta gatz Martin ipurdi hatz…

Han ziren ere Gorotziaga eta Hagotzpikorreta Kontseilu Nagusiko kideak, eta Sabaihandi eta Artopil, Arbilore eta Arbilixta eta beste kalipu handiko idazleak, Hegoa Zinkurinbakotx buruzagipean, Minauhenka Nibakar, Nigoihen, Nibehere, Nibarren eta azkazien poeteria, Erlats eta Azantz kantariak, Betibegar eta Petelan bertzunariak, Piltzar Marrant kontakatilua eta antzerkilariak, Gorkestrako gidaria eta pilarmonikoak, kilolariak Herren Maingu buru, eta Pantzoil, Kaskamuno eta Zaragoil hizkuntz-hilarien baldarna osoarekin, besazpian de(h)iztegiak eta latin-gramera, eta Zapaburu, Hiruzirrika, Teleka Lekeda eta Araumeta bazkaltegiburuak, Memelo Kurkuilo, Saputinxka eta gainerako lehendakari ohiak -artxipanpanoak, baina adirutsuak-, Frakanasai Sabeldarraio Ogasun kontseilaria eta Artaburu Hezkuntza kodeatzailea, Pertolbide trafikoburua, Kultur Zuzendaritzako Trufa, Iseka, Ihakin eta Adarjo burokratail porrokatuak eta azaleriako apoxka, xibalet eta mandeuliak, eta Tipulburu auzapez-alkate-mera eta zinegosi jaunskila eta andrakiloak, eta, alaintso!, Trinitate Hirutasuna urzo, bele, harma, tiro, pum, perroketaz mozorroturik dena benedika, eta Ardi Baba eta Gumersiondo Boboa eta kofreriko kide ugariak -ez ordea Otsagiko Boboa, prefosta-, eta Komandantea, biraoka eta zikina aldegina urdanlinburtzera pailarda pare baten konpainian, denak aho bete pintxo lerdoa zeriela, eta Lukie Zirisarri eta pasajerue, prakatxu-sarrak-deukosus-ostera-be-eukikosus, alia jacta est, eta oro pixiteari emanez bilera Rubikon Perikon bilakatu zen, bet-betan abantxu inor ohartu ere egin gabe…

-Libertitu?

Eta nola! Han ziren oraindik ere Pizurrin, Hetrepel, Ahohandi eta Ziliporta, aldiz kitzika, aldiz ahakarka, eta To-Hiena beti pixile eta beti egarri, eta munduko urdezkari frango -Estu Bankuetakoa banderari eta gainerakoak artoski klonatuak; LBk ditu altxaturik izenak-, eta Putinga, Rasputinga eta Larraputinga izurrite osoa, ahakoka eta ziztaka, oro ixtaklots omalki eta potrozorriz beteak, eta Mikolas, Gibelhandi eta Baretuti, Kokoriko eta Armatondoa eta farrasta, eta Axeter eta petrikiloak, Petra Landa eta Bela Gilen emaginak, eta Her Geltzar Unibertsitateburu eta Her Geltxar xerribuztan eta Zuri eta Zuririn katedratikoak eta irakasleria -ez, baina, Hiriberriko katedratikoa-, eta Penie Babaxkila eta Salduzelaiko pailazoak eta Oilobusti eta txitoak, eta Tripota eta Espantuaire altxaferugile mukitzuak, Kalakari eta Kalapita barrendariak, Horoxakile largabistak eskatologian laprast eta xirrista, eta Kalamanka, Gangailu postaxefa, Alfertzar Buztanpekua ekonomi minister ohia, Martin Harro Arraihiztaria, filibuster, zarraintzale eta marinelak, eta Mandran-mentsa eta Xanpionet teleberri zuzendariak, Mokoluze Kalakari eta Kukulin Gantzola irratiburuak, Pixastore Usi, Ornotorringo eta Oligofrenila Enthoil fastikariak, Tupustan Arin eta Gezurter Azakirten kazetanagusiak eta leinukideak, eta Betoniako txuskeria eta Frangorteako purra-purra purtzilak, kusi, kusina eta arrakusi-kusina guztiekilan -…hemeretzi, hogoi…, eta milaka oraino!-, eta Korrok eta Autsiki, Beharrondoko, Matraileko, Tripaondoko, Barrabilondoko eta Marpoxaondoko, Izpirituondoko eta Ostia saindia guztiak mazela berean lotu eta zaflatuak, eta Iker-Oker, Tetele eta Melgera Zozologoak, eta Melinga eta Gelbera abokatak, eta Trebukari politikari andeatzaileak, Betoker zaharkeologoa eta Frikun Kokin eta Motots Punpoila biloapaintzaileak, Zilbor eta Pikor ttunttunero famatiak, Kakile Zekenena entrepresaria, Zerrepel Txinpart sindikat bulegariak, Basta eta Bastart buraso putatiboak, Maritxirtxil eta Marimalet oilandak, Buztre, Petesa eta Behoziloko abelgorotz funtzionario mertzenario gehienak, edasian, eta, nola ez!, ardi ilupa ezin konta ahala, otsoak ezpain-milizka merinaz mozorroturik eta lasai arraio lo -hau pagotxa!, murmurika, irri karkailan-, erreferak beti kintze-ta-esperantxa! -ahurka-, astapitotx, astagardu, askazilo eta azüzküliko azkarba ezdeusak begietarik pindarka, eta anitzez gehiago oraindik…

Enfin, erran dautzut, ia denak…

Joxe Anjel Irigaray

Entzuteko (merezi du), hemen: https://dl.dropboxusercontent.com/u/81797364/Master%20Topagune.wav

“Euskaltzale”

Ia zergatik ez dudan ekartzen blogera Goiena paperean argitaratutako artikulua… ba horratx! Goiena paperean eta goiena.net -en argitaratua zegoen:

“Euskaltzale”

Izan naiz ni ere tribuzale, jendea tribuetan sailkatuzale.

Taberna hauetan dabilelako, kamisetak halakoak, motxila estiloa, zapatak, orrazkera, musika tipoa… Eta sailkatu. Gurea da, ez da, zer da gurea, zer da gu…

Lehen errazago egiten nuen sailkatzeak ez dit orain balio. Egon naiteke tribu honetan gaur eta bestera salto egin gero. Edo izan daiteke tribu handiago batean birziklatu ditudala motxilero hippyak eta ondo lisatutako alkandoradunak.

Jarraitzen dut tribukerietan; orain, euskaltzaleen tribuko den edo ez sailkatzen dut, inkontzienteki egiten dut. Niri bost zein tabernatara sartzen den eta ilea makinarekin edo artaziekin mozten duen. Badugu garaia tribua handitzeko.

Obrak dira garrantzitsuak zati solteen aldean hedabideondako

  • Kantuez: Jendea, kantuez jarduten da, obra zatiez. Gero eta gehiago zatiak dira arrakasta izaten dutenak. iTunes-ek badu horren kulparik eta gure gailuetan zatiak ditugu, kanta solteak. Ezagutzen ditugu kantuak taldeak ezagutu gabe, esaterako.
  • Albisteez: Kantuekin pasatzen den moduan pasatzen da albisteekin ere. Aldizkarietako azalak irakurtzeak baino garrantzia handiagoa hartu du albiste konkretua gure pantailetan irakurtzeak. Asko erraztu zuten RSS-ek hasieran,  gerora Twitterrek eta orain aplikazio liluragarriek. Flipboard bidezko irakurle honek zatiak irakurtzen ditu nork argitaratuak diren jakin barik askotan.
  • Obraz: Biak dira joerak, seguruen. Eta joerok geratzeko etorri direnik ezin uka. Hala ere, enpresa ikuspuntutik obrari eman behar diogu garrantzia.

Kantua aipatu dudanez, aipa dezadan adibide bat: Bide Ertzean taldearen obra. “77” deitzen den CDa. Gutixia bat. diseinu zaindua, testu onak eta sakonak, argazkiak, historia… eta kanta solteak ere bai. Batzuk beste batzuk baino hobeak, baina kantu solteen garrantziak (garrantzitsuak izanagatik) ez du horrenbeste inporta obrarekin konparatuz. Hau, erosteko CD bat da obra bat delako.

Berdin albisteekin-eta. Gurago nuke obra bat aipatu diskoa aipatu dudan moduko erraz irudikatzeko. Ez ditugu asko eta hain argiak. Gure komunikazio industriak ez ditu obra digitalak argitaratzen copypastetik harantzago. Ez ditugu argitaratzen. Zati onak han eta hemen, baina zatiak. Garrantzitsuak duda barik eta aberasgarriak zein erakargarriak irakurlearendako, baina industriarendako? Obrak dira interesgarriak industriarendako (gehiago tableten garaian) eta etorkizunean horixe izango da mimatu beharrekoa: obra. Orduan izango da erosteko hedabide bat, obra bat delako.

Atxagak hautsi zuen anphora eta gero Ordorikak obra bihurtu. Zatiak jaso eta obraren bila joatea dagokigulakoan nago ni ere.

Erdiko denda barik geratu gara

Erdiko dendan ateratako argazkia

Erdiko dendan ateratako argazkia

Akabo fandangoa! Kitto “EkoD”, Erdiko denda. EkoD-tik ez da pasatu Errol Flynn Salvador Allende Pablo Neruda edo Ernest Hemingway Kubako “La Bodeguita del Medio“-tik moduan, baina pasatu izan balira zerbitzuaz eta konpainiaz gozatuko lukete.

Dendatxo honek bazuen herritarrondako xarma berezia. Bezero izan gara hango-hemengo, txiki-handi, gazte eta edadeko…

Zerbitzu atsegina eta gertukoa asteko zazpi egunetan. Ze pena. Asko galtzen dugu herritarrok. Hala ere, eskerrik asko, Dayami, eta zorte on!

Neurriko museo pribatu bat

Asteburuan izan naiz museo txiki batean: Aula Museo Paco Diez. Museo pribatua eta zerbitzu publikoa egiten duena. Lagun biren ekimenez aurrera ateratzen ari direna. Musika instrumentuak dira erakusten direnak eta bada ekintza lekua ere, esaterako, dantza tradizionala dantzatzeko. Baliabide eskasak eta proiektu asko dituen jendea da bertakoa. Oso bisita txukuna egin genuen eta ez berez museo hori ikusi barik ezin delako bizi, baina bai transmititu zigutenagatik. Bizitzaren erritmo zoroa atean lagatzen den espazioa da Aula Museo Paco Diez.

Horrelako ekimenetara ez ote garen bueltatuko… hau da, norbere bizitzako parte egiten ditugun proiektuak ez ote diren izango aurrera egingo dutenak…: doituak eta pasiodunak. Bertan bizi da bikotea, bertan egiten dituzte entseguak, beraiek egiten dute museoaren eta aretoaren garbiketa, apurtzen diren bonbilak aldatu, atezain, telefonista, bisita gidatuetan instrumentuak jo… Pasioa dute lan.

Hilero kontzertu bat izaten da bertan. Berandu heldu ginen gu ostiralean. Musika eta dantza errenazentista zeuden gaugiro ederra egin zuen egunean. Oso ondo joan omen zen. Luxu bat izan zela zioen. 40 lagunek ordaindu zuten 12 euroko sarrera.

Museo barruko areto hau ikusi nuenean ederra eta neurrikoa iruditu zitzaidan:

Nire galdera ia herrikoendako zinea emateko-edo ez ote zuten erabiltzen aretoa, ia ez zuten alokatzen bestelako ekintzetarako… konturatu nintzen konturatu horrelako museo pribatu bat egiten denean ez dela jendea bai edo bai erakartzeko egiten. Ez direla edozer programatzeko sartu abentura honetan. “Gustatzen zaizu? ba etorri eta elkarrekin gozatuko dugu; Zinea nahiago duzu? zinemara” izan zen erantzuna.  Handik pasatzen diren musika taldeek sarreretan ateratzen denaren erdia eramaten dute eta beste erdia asko gustatu zitzaidan museo honi eusteko da. Urte askotarako.

 

 

 

Zero efektua Luistxorengan eta zero efektua Luistxok

Luistxo lagunarengan “zero efektua” lortu ei dugu, ni aipatuta bota duen tuit batean dioenez:

Paperari balioa emateko modua nonbait: Interneten ez eman http://t.co/ESHOgWMvN4 Gero eta erabiliagoa, baina nigan 0 efektua @iarantzabal

Nik, ostera, pentsatzen dut @luistxo -k zero efektua duela gure kazetariek lanean jarraitu dezaten.

Gure bezeroak dira telebistako ikusleak, irratiko entzuleak, papereko irakurleak eta Interneteko erabiltzaileak. Astelehenean ateratzen dugun Goiena paperaren kasuan, urteko harpidetza ordaintzen dute eta eskerrak, bestela notizia kontatzeko lantalderik ez genuke izango asteburuan. Klubeko bazkideak Goienaren oinarri dira eta ahalbidetzen dute Internet asteburuan bizi izatea, telebistarako grabazioak egitea eta asteleheneko Goiena papera egitea, besteak beste.

Bestetik, inon baino lehenago tuiteatu dugu eskoriatzarrak zeudela entzierroko pilaketan. Horregatik egin die elkarrizketa Euskadi Irratian, Goienak publiko egin duelako. (@magirrek horrela ez dela izan diosta eta ezabatzen dut) Notizia osoa ere sarean dago, ohikotasunez egoten da dugun informazio guztia inon baino lehenago. Harpidedun denak badu gakoa eta pdf-a (40 orriko aldizkaria) ikusi lezake goizean goiz tabletan, ordenagailuan, telefonoan… Papera ere jasotzen du etxean klubeko bazkide denak. Nik, esaterako, 06:30ean nuen etxeko buzoian, urtean 50 euro ordaindu eta hainbat abantailen artean etxeraino ekartzen didatelako Goiena papera.

Sarean, pdf-an goizeko lehenengo orduan; arratsaldeko 16:00etan, gainera, irakurri ahal izango duzu goiena.net-eko azalean. Zabalago paperean baino, ze gure telebistako edizioan eskoriatzarrak borobil batean sartzen ari gara ondo identifikatzeko. Bi anaien argazkia, pilaketa aurreko argazkia, beraiek esandakoak, bideoa… Eta horrekin hedabide guztietako zirkulua itxita. Efektua zero? ez nuke esango.

Prentsa oharra irakurtzeko eskuko telefonoa!

Nik neuk ere apuntatu ditut koadrila osoarendako kafeak eskuko telefonoan. Eta entzun ere entzun behar izan dut horregatik…

Lankide batek liburu bat irakurri du asko ez dela eskuko telefonoan. Ni ez naiz animatuko, baina tabletan bai, gustura irakurri ditut Twist, Atzerri eta Mussche. Sinplistak irakurtzen hasi berri. Paperezko liburuaren pare irakurtzen dut tabletan, egia esan. Ohitu naiz.

Baina markak hautsi ditu bideoko lagun honek. Prentsa oharra eskuko telefonoan zuen. Gustatu zait. Hurrengoan eskema bat eskuko telefonoan eta kamerari begira egindako prentsa aurrekoa. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

http://vimeo.com/69470356