Irakurle-entzule-ikusleak zintzo demonio! Gehiago gara

Goienako hedabideek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. Gora egin dute Goiena telebistako ikus-entzuleek eta Goiena.eus-eko erabiltzaileek, eta Goiena paperak eutsi egin dio irakurle kopuruari, eskualdeko erabateko nagusitasuna sendotuz, papereko euskarriek, oro har, behera egin dutenean.

Goiena telebistak ikus-entzuleak irabazi ditu 2014an. CIES erakundeak egindako neurketaren arabera, 10.000 ikus-entzule ditu gaur egun, astean barrena, Gipuzkoan. Goiena paperak, bestalde, sendotu egin du nagusitasuna gure eskualdean. Askogatik da papereko irakurriena: 29.000 irakurle ditu astero. Bigarrenak, El Diario Vasco-k, baino 12.000 irakurle gehiago. Goiena.eus-ek ere gora egin du 2014an. Aurreko urtean baino %14 erabiltzaile gehiago ditu eta Debagoieneko erreferentzia nagusia da albistari digitalen artean.

Goiena telebista, gora egin duen bakarra

Goiena telebistak astean barrena ditu ikus-entzule gehien: 10.000 ditu Gipuzkoan eta 7.000 Debagoienean. Asteburuan jaitsi egiten da audientzia. Aste osoa kontuan izanda 8.000 ikus-entzule ditu Gipuzkoan. Gure eskualdean gora egin duen telebista kate bakarra da Goiena. Gainerako guztiek behera egin dute. Iazko datuekiko, 1.000 ikus-entzule irabazi ditu Gipuzkoan eta 3.000 Debagoienean. Laugarren kate ikusiena da Goiena gurean, ETB 2, Tele 5 eta ETB1en ostean eta La Sextarekin berdinduta.

Goiena papera: liderra eta distantzia handitu

Goiena paperari dagokionez, liderra da, askogatik Debagoienean. 29.000 irakurle ditu, El Diario Vasco-k baino 12.000 gehiago. Gipuzkoan 36.000 ditu. Papereko guztiek egin dute behera lurraldean, ohiko joera da hori azkeneko urteotan, baina Goiena paperak gora egin du. Bakarra da. Eta, ondorioz, gure eskualdean besteekiko zeukan aldea handitu egin du Goiena paperak.

Goiena.eus: %14 gora

Goiena.eus-ek ere gora egin du. Google Analytics-en arabera, 2013an baino %14 erabiltzaile gehiago izan ditu 2014an. Goiena.eus-en azken urteotako joera da hori, urtetik urtera hazten eta hazten doa-eta. Gaur egun, batez beste, egunero, 5.400 bisita ditu astelehenetik barikura. Eta zapatu eta domeketan, 3.000 bisita ditu egunero. Halere, 2014an egon dira egunak 17.000 edota 15.000 bisita izan dituenak Goiena.eus-ek.

Goiena Taldeak eskerrak eman nahi dizkie haren jarraitzaile eta kolaboratzaileei 2014an erakutsitako fideltasunarengatik eta Goiena telebista, paperekoa eta interneteko ataria aukeratu dituztelako eskualdean gertatutakoaren berri jasotzeko.

Urtarrilean aterako dugu produktu berria

Astelehenekori lekua hartuko dio “puntua” aldizkariak.

Astelehenetako argitalpenak egin duen bidearekin gustura, erronka berriari Goienak “ilusioz” heldu diogu.Erantzun hauek eman nituen aurrekoan kazetariak galdeu ahala. Laburpena, niretzako hauxe da: “haginlariaren itxarongelan balego irakurriko genukeen aldizkaria da Puntua

Zergatik Puntua-rako aldaketa?

Hainbat arrazoi, baina garrantzitsuena da Goiena klubeko bazkideok esan diguzuela bestelako produktu bat irakurriko zenutela. Iritziak jasotzen luze jardun dugu eta produktuaren zirriborroa erakusterakoan bazkideok esan diguzue: “hau bai, horrelako zerbait da gura dudana”. Hori entzuteak poztu gaitu eta euskara elkarteetatik eta udaletatik ere babestu dute aldaketa. Goiena elkarrekin egiten jarraitzen dugu, klubekook erdigunean izanik.

Eta krisia ez da beste arrazoi bat?

Ez da arrazoi nagusia, baina badago hortik ere. Goiena klubeko bazkideek oso arduratsu jokatzen dute Goiena proiektu osoarekin eta tartean horiei esker jasotzen dute doan milaka lagunek telebista, sarea, barikuko Goiena… Laguntzen digute gure herrietako historia idazten jarraitzen. Badakite, eta sekula ez diegu nahikoa eskertuko. Urtero bazkidetzari eutsiz egiten duten trakzio indarra bueltatu gura diegu zerbitzu hobea emanez. Orain kapaz gara produktu landuagoa egiteko antolaketa modua aldatuta eta efizienteago izanda.

Astelehenekoaren 11 urteon ze balantze egiten duzu?

Oso ona. Bete ditu sorrerako helburuak. Dena den, konturatu gara irakurketa eguna asteburuan dagoela eta Puntuarekin lortu gura dugu birziklatze ontzira bota aurretik egun batzuk iraungo duen produktua egitea. Eta zergatik ez, Puntua kolekzionatzea.

Orain arte jorratu gabeko moldean jardungo du Goienak Puntua-n.

Zabalago, egunerokoari lotu barik, sakonago… Baina ez dugu astrofisikaz idatziko. Klubeko kideok topatuko duzue gustuko duzuen hori koloretako 48 orrietan. Gertukoa izango da, kafean komentagai diren gaiez osatua, familiarendako irakur tresna. Helburua izan da haginlariaren itxarongelan aste osoa iraungo duen aldizkaria egitea, bazkideok esango diguzue ia lortzen dugun.

Bideo bat ere egin dute lankideek:

`Herri txiki infernu handi´ Espaloian

Elgetako hamar bat lagunekin egon dira. ETB1-erako saio bat egitea da asmoa. Eta aurre lan handi horren fruitua erakutsiko digute herritarroi. Hainbat bideotan agertuko dira herrirako oso ezagun den jendea. Atzetik lanean hainbat lagun ibili direla badakit eta onena desio diot saio berriari. Jakin badakit erantzun polit askoak jaso dituztela mikroa jartzeaz bat eta horiek ikusteko gogoz nago. Eguenean izango da saioa Espaloian, iluntzeko 20:00etan. Joango naiz, zelan ez.

Hirutik bi egonak dira asko ez dela Espaloian. Etxeko ditugu bai Pagadi eta baita Lizaso ere. Gurrutxagak egingo du estreinekoa Espaloian, baina beste bikotearekin batera saio polita josiko dutelakoan nago. Ia barrerako tarte bat hartzen dugun. Horrenbeste merezi dugu elgetarrok! 🙂

Joango naiz ikustera ia GERTUTASUNA zenbateraino den gakoa programa berri horretan. Seguru nago zeresan handia duela. Intuizioa baino ez da ze ez dakit saioak zer emango duen, baina intuizio horrek diosta tele5 katearekin zerikusi gutxi duen saioa aterako dela eta bakarrik horregatik puxtarri batzuk baditu.

Zorterik onena, kamera aurretan eta atzean zaudeten lagunoi.

HerriTxikiInfernuHandi

Tokikoak: txiki eta pobre; eta kuadrila

Txiki

Eta txiki izateak baditu kalteak ere, baina onurak asko. Lantalde profesionala eta malgua dugu eta eskerrak! Denborei egokitu gara. Esaterako, gehienetan, kazetari bakarrak elikatzen du weba, telebista, papera eta behar denean irratia ere albiste bakoitzarekin. Ez genuke modurik izango lau hedabide ditugula-eta lau lan-talderekin. Oraindik badugu zer findu, egia da, baina txikiok ez gara moldakaitz. Zetorrena sumatu eta taldea ere egokitu dugu. Txikiagoak gara, baina moldatzen gara.

Pobre

Eta pobre. Honek desabantailak bakarrik ditu. Edo aldekorik izatekotan pobre bizitzen ohituak gaudela eta imaginazioa bikoiztea berezko jokaera dugula.

Pobreak gara eta, estatutoz, irabazi asmorik gabeko kooperatiba ere bai. Herritik sortu eta herriarendako lanean dihardugu eta ulertzen dugu komunitate horrekin batera egin behar dugula lan. Ez hori bakarrik, erabakiguneak ere konpartitu behar ditugu herritarrekin, euskara elkarteekin, udalekin. Horrek ematen digu behar dugun pluraltasuna, horrek ematen digu Debagoienaren pultsua hartzeko behar dugun tresneria. Noski, horrelakoegatik eta edukia lantzerakoan egiten dugun oreka-lan etenbarikoagatik sentitzen dute bere Goiena herritarrek.

 Txiki, pobre eta kuadrilla

Txiki eta pobre kuadrila ere bagara. Eta zein pozik! Tokikomen batzen garenok gure artean trukatzen ditugu gure miseria eta gure pozak. Banaka-banaka pobre garena ez da aberats bihurtzen elkartze hutsagatik, baina badugu alor horretan zer landu ere. Txikiak elkartzeak, ordea, handiago izatea dakar eta beste modu bateko zenbakietara heltzea. Tokikomen 30 hedabide gaude eta egunero-egunero periodiko formatuko 37 tabloide orrialde egiten ditugu. Bai bai, egunero, astelehenetik domekara:

  • 156 lankide gara.
  • 641 laguntzaile
  • 350 blogari
  • 97.000 aletik gora (zenbaki bakoitzeko)
  • 194.000 irakurletik gora.
  • 300.000 bisitaritik gora webguneetan hilero-hilero.
  • Ia 6 milioiko aurrekontua dugu.
    • Oh.: batuko bagenitu Hitzak eta beste zenbait aldizkari kopuruak igoko luke.

Datuok Eneko Bidegainek egindako “Euskal hedabideen etxea” ikerketatik ateratakoak dira eta baita hurrengo esaldiak ere:

Toki komunikabideen indargunea da euskararen ikuspegitik betetzen duten funtzioa eta hartzaileen aldetik duten onespena. Baliabide eskasiak ez du ahalbidetzen neurketa sistematikoa, baina egin diren apurrak oso argiak dira.

Orain urte batzuk tokiko bi aldizkariri egin zitzaien neurketa eta bi datu:

  • Galdetutako etxeen %84an toki komunikabidea zen etxe horretan sartzen zen argitalpen bakarra.

  • Ildo editorial plurala. Galdetuta ea toki hedabideen ildo editoriala plurala ala lerrotua den, erantzuten %86k zioen baiez, plurala zela.

 

Goienan 2012an egin genuen galdeketa hau eta datuak antzerakoak dira:

  • Ia herritar guztiek (96,8) eskualdearentzat beharrezkoa edo oso beharrezkoa kontsideratzen dute Goiena, baita euskara ulertzen ez dutenek ere.

  • Herritarren gehiengo zabalak (71,9) proiektu plural bezala ikusten du, indar politiko edo ekonomikoekiko independiente.

  • Euskara indartzeagatik baino tokiko informazioa eskaintzeagatik da beharrezkoa Goiena herritarrentzat, alde txikiz, baina informazio lokala euskara indartzeari nagusitzen zaio.

  • Euskaraz ezer hitz egiten edo ulertzen ez dutenen artean edota kide guztiak erdaldunak diren etxeetan irakulegoa altua da, %40 ingurukoa.

Jarraitzen du txostenak eta esaten du:

Argi dago toki komunkabideek euskaren normalizazioan betetzen duten funtzioa eta bertako informazioa lantzeak ematen dien herritarren atxikimendua.

 

Gertukoan urrea eta bezeroen babesa

Eta zer behar dugu ba guk? Irakurri gaitzaten, entzun gaitzaten, ikusi gaitzaten eta gero eta gehiago gurekin batera hedabidea egin dezaten. Ez dute jasotzea bakarrik gura, parte hartzea gura du herritarrak eta gu gero eta leku handiagoa eskaintzeko ahaleginean ari gara. Erabiltzailea dugu buruan egiten dugun pauso guztietan eta hori kontuan izanda dihardugu lanean Goienan urtarrilean bertan proiektu berri bat kaleratzeko. Jasotzen dihardugu berriz harpidedunek, ez-harpidedunek eta harpidedun izandakoen iritziak. Eta horiei entzun ostean kapaz izango gara produktua hobetzeko.

Ez da izango produktu bakarra, gainera. Urtarrilean bertan, Berria eta Geu Gasteizekin batera ALEA izango da kalean, Arabako aldizkari berria.

Bagabiltza eta jarraituko dugu sinisten duguna egiten, gertuko informazioan urrea dagoela jakitun garelako eta sentitzen dugulako bezeroen babesa.

 

App berria Goienan

Aspaldi egin genuen lehenengo aplikazioa. Eta lehenengo aplikazioak zuen denetik! Han zegoen dena! webgunean genuen guztia eta gehiago ere bai. Eta Baturako lagunek (Batura mobile solutions) esaten ziguten ez zela gauza bera aplikazio bat eta webgune bat… baina gu gurera! Noski, ez genuen asmatu. ERROREA izan zen gehiegi sartu gura izatea, edukien arbola konplikatuegia zen. Orduko aplikazioa 600-700 lagunek jaitsi zuten, hala ere. Ondo.

Gaur beste kontu batekin gatoz. Ikasi egin dugu, han eta hemen ikusi. Eta zer da egin duguna? ba dena sinpletu. “Sinplea on” leloari jarraitu diogu. Hustu egin dugu edukiz. Hustu eta pantailarako irakurgarria izango den zerbait atera. Sinplea, lehen bistara zer den ikusten dena eta zerbitzuei gehiago emana ohikoak ditugun beste hainbat atali baino.

Komunitateari feedbacka erraztu

Hori izan da egitekoetan garrantzitsuena. Buruari buelta eta buelta jardun dugu eta heldu gara konklusiora lau botoi jarri behar genituela erabiltzaileen eskura. Kexatzeko aukera, txalotzeko aukera, argazkiak bidaltzeko aukera eta edozein notizia edo ohar bidaltzeko aukera. Pantailaren leku preferentea horietxek hartzen dute eta norbaiti irudituko zaio beste gauza batzuei lekua kentzen diela… Gure apustua da horiek izatea erabiltzaileek esku-eskura. Horiei ematea garrantzia horiek baitira gurekin di-da harremanetan jartzeko aukera errazten dutenak.

Zerbitzuak

Eta ondoren zerbitzuak: eskelak, gida eta aurreztu. Goienak egindako apustu garrantzitsuak. Debagoienan eskelen gaia interesekoa da eta debagoiendarrek astero-astero orria betetzen dute eskelekin. Horiek kontsultatzeko berbideratzen dugu webguneko atal horretara. Berdin gidarekin eta baita aurreztu.com-ekin ere. Berbideratze soilak dira, baina di-da egiten dutenak.

Responsive

Noski, webgune guztia kontsultatzeko aukera badugu den letxe. Gure webgunea Tokikom plataformarekin egindako webgunea da eta responsive denez, izaera likido horrengatik, egokitu egiten da edozein pantaila tamainatara. Beti dago aukera webgunean dagoen guztia kontsultatzekoa ze ez genuen galdu gura aukera hori. Hala ere, jendearekiko harremanari eman diogu garrantzia. Ia zer esaten diguten bezeroek.

Aplikazio berria jaisteko (doan)

Kazetaritza komunitatearekin kontatuta

APP hau denen eskura jartzea Goiena egiten diharduen politikarekin lotuta dago. Gura dugu komunidade bizi bat, bere etxe aurreko jarlekua gaizki badago argazkia aterako diona eta guri bidali. Guk hori argitaratu. Eta ahal den guztietan jarleku hori konpondu beharko lukeenarekin egon eta bere erantzuna lortu.
Ez dugu gura igorletik hartzailerako informazio bide ohikoa bakarrik lantzea. Gura genuke herritarrek egindako kazetaritzari ere lekua ematea eta horretarako erreminta da atera duguna.

Elkarrizketak egiteko gomendio batzuk

Kazetari izan zein ez elkarrizketa egiteko gomendio batzuk.
Kazetari izan zein ez elkarrizketa egiteko gomendio batzuk. Argazkia: Goiena, Imanol Soriano.

Elkarrizketak egiteko baliogarri zaizkidan aholku batzuk idatzi ditut. Blogera ere ekartzen ditut.

  • Betiko sei galderak jarraitzen dute izaten egin beharrekoak: zeinek, zer, non, noiz, nola eta zergatik. Basikoa dirudien honek ematen ditu ba buruhausteak. Ebento baten berri ematean non edo noiz falta izatea modukoak oso agerikoak dira.
  • Elkarrizketa prestatu horiek kontuan izanda. Ez dago elkarrizketako galderak elkarrizketatuari bidali beharrik. Batzuetan elkarrizketatuaren mailak edo ohitura faltak eragin dezake horrelakorik, baina hala ere, hobeto galderak nondik nora joango diren azaltzea galdera zehatzak ematea baino.
  • Geratu leku eroso batean. Zarata larregi egongo ez den lekuan, bereziki. Argia ere zaindu behar da beti. Lokalizazioa. Konfidantza lortzeko lehen pausoa da.
  • Puntual. Geratu zaren leku horretan norbera lehenago egotea ona da. Sekula ere ez beranduago. Ahal den guztietan elkarrizketatuaren poltsikoko telefonoa izan behar dugu eta gertatu beharko ez litzatekeen arren, berandutuz gero, ahalik eta bizkorren abisatu. Errespetua.
  • Erremintak: aurretik konprobatu pilak dituzten, funtzionatzen duten etab. Beti izan eskuko telefonoan grabatzeko aplikazio bat. Beti da ona bigarren aukera hori…
  • Adeitsua izan. Hautatutako gaiari ongien lotzen zaion elkarrizketatuak baietza eman digun guztietan gauzak erraztea dagokigu, emandako baietz horri zintzo erantzutea eta errespetuz. Elkarrizketa bortitzak ez lirateke egin behar, gutxiago mantxeta baten azpian. Ez ahaztu norbere markarekin batera hedabidearena ere badoala. Gu kazetari gara eta enpresa ere ordezkatzen dugu, hein baten.
  • Galdera zehatzak egiten badituzu jaso erantzunak. Eta ez badizu galdetutakoa erantzun galdera berriz egitea ondo dago, ez lotsatu. Akaso berba berberak erabili barik galdetu daiteke gauza bera. Galderak irakurri barik egitea ona da. Eskema bat eraman, ez dago zertan galderak diktatu. Elkarrizketatzaileak ere izan behar ditu lorgarri diren helburu batzuk. Horiek kontuan izanda joan elkarrizketara. Galdera zehatzak ez dauka zertan luzea izan. Normalean motzak dira zehatzenak eta egokienak. Gainera, erantzunak dira mamia eta jendeak entzun gura duena.
  • Derrigorra da gaiaren eta elkarrizketatuaren gaineko jakintza izatea elkarrizketa lotzeaz bat, hanka sartzea ez da txukuna izaten eta. Ez da derrigorra, aldiz, jakintza hori guztia galderetara eramatea. Ondo dago publikatuko diren baino galdera gehiago egitea web bertsioan-eta ondo etorriko direnak. Hala ere ez dago dena galdetu eta inor aspertu beharrik.
  • Jarri behar gara irakurlearen lekuan. Jasotzailea (ikus-entzule-irakurlea) izango den horrek zer galdetuko lioke elkarrizketatuari? Gu zerbitzu bat ematen ari garela ezin ahaztu.
  • Jarri elkarrizketatuaren lekuan. Elkarrizketatu bakoitzak gura izaten du zerbait esatea. Esan gure izaten du eta entzuteko jarrera izan behar du elkarrizketatzaileak.
  • Entzun, argi eta garbi entzun. Esaten dituen horrek sortzen ditu galdera berriak, aurretik idatzi gabe ditugunak. Askotan horiek dira onak. Norbera apain agertzea baino garrantzitsuagoa da bi norabideko elkarrizketa izatea. Erantzunak ematen dituenak espero du guk entzutea eta logikoa denez ulertzea.
  • Jasotakoa txukundu, kontestutik atera barik, beti ere. Argia izan jasotako hori ematerakoan: laburra, soila, gardena. Formatua egokitu, hedabide balkoitzak bere hizkuntza du:  paperean modu batera, telebistan beste bat, irratian zein Interneten ere ezberdin. Gakoak ondo adierazi. Titular deigarriak bai, baina zehatzak eta lehenengoan ulertzekoak. Zuzentzailea derrigor pasatu. Literatura utzi liburuetarako. Erraztu. Jasotzailearen denbora urrea da.
  • Besteen materiala aitortu: beste batzuek egindako lana erabili behar baduzu elkarrizketa txukuntzeko (argazkiak, bideoak, aipuak…): aitortu.
  • Elkarrizketatuak (edo txarrago, badaezpadako komunikazio arduradunak) ez uste arren ere, ia salbuespen barik, komeni zaio galderei erantzutea. Hedabideei ezetza ematea ez dut uste hobea denik ia sekula. Behin elkarrizketa baieztatuta, eskertu behar dugu guretzako denbora bat dedikatu izana. Bereziki gure hedabideetan agertzeko “beharrik” ez duten elkarrizketatuetan. Badagokigu, hala ere, politikari profesionalei eta gurean agertzeko interesa duen guztiari ere elkarrizketa eskertzea.
  • Tuiteatu. Esan elkarrizketa egin duzula. Batzuetan komeniko da esatea egitera zoazela ere, eta noski, zure jarraitzaleren batek galdera bat egiteko aukera zabaldu zenezake. Behin argitaratutakoan pasa lotura hori. Twitter izan daiteke sare sozialik egokiena, baina badira beste batzuk ere. Elkarrizketa egiteaz gain haizatzea ere badagokigu. Eta hedabidean argitaratu denaz gain zerbait pertsonalagoa ere idatzi genezake norbere blogean eta are eta jasotakoari bizitakoa gehituz balorea eman.
  • Izan Kazetaria. Edo ez elkarrizketatzailea baino gehiago. Ez jueza, ez oposizioko alderdia, ez boxeolaria, ez borreroa, ez borregoa. Duintasun handiko lana da kazetaritza. Horrela antzeman dadin gure eskuetan dago. Proposatu hedabideari zein elkarrizketa egin gura duzun, zein sakontasunekin, noizko…

oh.: Puntu gehiago badiren? seguru baietz. Gustura gehituko ditut proposatzen badituzu. Beharbada jarritakoren bati zehaztapen bat ere egingo zenioke. Bestetik, ez ahaztu hau ez dela torlojugintza. Norberak jartzen dio bere estiloa… eta hori ederra da.

 

Lekukoa pasatu dugu Espaloian

Hamar egun pasatu dira gertukoenekin azken jaia egin genuenetik. Lasaiago-edo apunte pare bat Espaloian egindako 10 urteko ibilbideaz. Zikloa itxita: Artistak gustura+publikoa gustura = antolatzailea gustura.

  • Alde egoistenetik, oso emankorra izan da Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak eman diguna kudeaketan ibili garenoi. Jantzi egin gaitu, hazi. Lagun asko egin ditugu ibilbidean eta gaur gaurkoz edozein sortzaileri deituko bagenio gure taula gainera etortzeko eskatuz, doan ere egingo lukete gehienek.
  • Noski, gure egitekoa sortzaileei begirakoa ere izan da eta begirunez egindakoa gainera. Ordainsari duina (ez beti merezi bestekoa, tamalez) ematen saiatu gara beti eta inor ez da joan Espaloitik afaldu barik eta hartu-eman minimo bat izan barik.
  • Askotan berba egiten dugu euskal sortzaileez eta herri kulturaz-eta… eta herri kultura ageriko egiteko lekuez ezer gutxi esaten da inguruan. Sortzaileak beraiek bai, konturatuta daude eta eskertuta orain dela 20 urtetik gaurdaino asko hobetu baita eszenaratzeko lekuen erosotasuna. Kafe antzokiek badute kulparen zati bat.
  • Esango nuke, hala ere, eta inportantea izanagatik, gutxiena dela foko asko, tramoi elektrifikatuak eta soinu ekipo ona izatea. Inportanteak dira, baina are gehiago sortzailea gustura egoteko egin beharreko ezkutuko horiek guztiak. Bereziki artista ulertzea. Bizpahiru artistekin kenduta (beti dago egolandiaren bat…) elkarrekin afaldu dugu, lotan geratzekotan herriko landetxe eta hotelean egin dute, sozidaderen batean edo Espaloian bertan afaldu…
  • Artista diogunean ez diogu bakarrik goi mailako hori. Bereziki mimatu da gurean euskal artista (goi mailakoa askotan). Gure proiektuko ardatz izan da euskara eta euskal artista zentroan kokatu dugu.
  • Euskal artista herrikoa eta ingurukoa izan bada are gehiago. Pozen egon garen egunak, seguruen, herrikoak taulan jokatzen zutenekoak izan dira. Ez da geratuko sortzailerik taula gainetik pasatu ez denik.
  • Atzerrikoak ere saiatu gara ekartzen, noski. Bereziki antzerkia musika eta magia. Gehienetan sarreretan sortzen zutenari kopuru txiki bat gehituta joan dira. Hasieretan zulo potoloak ere egin izan ditugu, baina akaberarako zuloak euskal artistekin egitea genuen lege. Irekita egon gara edozein proposameneri eta herriko edozeinek zerbait antolatu gura izan duenean lagundu diogu.
  • Hamar urte egin ditugu telebista aparailu barik. Merezi izan du! Noski, ez ikuspuntu enpresarialetik… irabazi asmorik gabeko proiektua izatearen onurak. Eguaztenetako zinekluba ere ederra izan zen, nahiz eta sarri dozena erdi ikusle baino gehiago ez izan.
  • Askotariko ekintzak beste horrenbeste jenderendako. Polita izan da ostirala gaztez lepo ikusi, zapatua 50 urtetik gorakoez eta domekan umeen kontzertua antolatzea.
  • Inbertsio guztiak ordainduta eta zor barik amaitu dugu. Goibeko Euskaltzaleon Topaguneak erabaki du inbertsio guzti-guztia herriari uztea. Halaxe egin dugu, zero euroren truke. Ordain bakarra, Goibekoko bazkideek aurrerantzean egingo diren ekintza guztietan %20ko beherapena izango dutela.
  • Eskerrik beroenak sortzaile guztiei eta modu batera edo bestera gertuan zaudetela erakutsi duzuen guzti-guztiei.
  • Taulak eman duenaren zati bat iruditan:

Azken berba: “Ezer egiten ez dutenak baizik dira akatasgabeak” zioen Josep Conrad-ek. Ba horixe, hankasartze eta guzti, zerbait egin izanaren pozez eman diogu lekukoa hartzea gura zuenari. Zorterik onena!