Lokatz-makina

Hankak lokatzetan sartzeaz jardun zuen Jon Sarasuak eta gustatu zitzaidan. “Asfaltoa zapaldu” erabiltzen nuen nik, baina badu ederretik lokatzetan zikintzeak, irudi polita da.

Umberto Ecori irakurri diot elkarrizketa bat eta han lokatza ez, baina aipatzen du lokatz-makina. Klaro, kasu honetan esangura guztiz aldatzen da eta ederra gaiztotu. Beharbada industrian erabiltzen den “hondakin” berbarekin lotuago-edo dago. Esaten du zelan hedabideek erabiltzen duten erreminta hau pertsonak kakazteko.

Bere liburuko Rímini epailea jartzen du adibide: “Juez hori kendu gura zuten zegoen lekutik, deserosoa zen eta hasi ziren esaten galtzerdi xelebreak zeramatzala, gehiegi erretzen zuela… eta egin zuen bakarra Berlusconiri gustatzen ez zitzaion epai bat ematea izan zen. Zer egin zuten juezarekin? Ba prestigioa kentzen saiatu jazoera txikiagoak behin eta berriro aipatuz. Pentsa, behin lokatz-makina martxan jarrita galtzerdien kolorea nahikoa izan daiteke edozein lohitzeko!

Hedabideok badarabilgu lokatz-makinarik? Akaso jazoera hain txikiekin ez… Ariketa polita izango da topatzea, hala ere, hauteskunde-aurre honetan ia baden hedabiderik makina gori-gori jartzen duenik. Izan izango da saiatuko denik. Edo… akaso ez dago makina beharrik ere. Nahikoa izan daiteke alderdi bi egote hutsa. Baietz lokatza kudetzen saiatu gura izan eta lohitu.

Hori bai, hedabideak izango du kulparik beti ere alderdi honentzako edo harentzako. Edo honentzako eta harentzako. Eta guk, behinik behin, ez dugu interesik makina hori erosteko.

Korrika euskaltzaleekin batera

Gaur bi bider egin dut antxitxika eta biak aldapa latzetan. Lehenengoa Araban, Untzillan; Bigarrena herrian, Elgetan, Uberatik gora.

Bigarren hau dakart blogera. Goibeko Euskaltzaleon Topagunearena zen kilometroa (Hemen Elgetako Lekuko aldaketak). Goibekotik, hala ere, erabaki dugu Espaloia Kafe Antzokia kudeatzen dihardutenei ematea aukera gurekin batera egiteko metro horiek. Batirtzek eta Nazarak eginahalak egin dituzte. Serio demonio! Ikurrin eta guzti ez dira agertu ba!

BatirtzeNazaraKorrika

Batirtze lekukoarekin ikurrina lepoan duela. Nazara ezkerrean, aterkipean.

 

Batirtze Argentinakoa da bere azento ezkutaezinarekin; Nazara, berriz, Tenerifekoa Soraluzen bizi den arren. Badira hamabost bat egun Korrika zer zen azaltzen egon nintzela Tenerifeko Nazarari. Ezin zuen sinistu! ¿Correr? ¿Así sin más? Gogoratu naiz bai Argiako lagunek bultzatuta egindako kanpainaz ( Azalduko diogu munduari zer den Korrika ) Pentsatu dut neure artean Guantxeren bat pozik legokeela Nazara antxitxika ikusita… Pena XVIII. mende inguruan galdu izana guantxera. Berak ere ez du historia hori bizi izan. Esan diot euskararekin ez dugula horrelakorik gura-eta… Y todas a correr berak, barrez.

Hori bai, ni moduan haiek ere ez dira ba gimnasiozale amorratu-eta… 300 bat metro egin orduko: plof! Asmoa zen beraiek pasatzea lekukoa niri. Handik ordubetera jaso dut bien whatsappa:

Eskerrik asko ivan!!! Barkatu por haberte fallado. No he podido. Aurrera euskera. Gracias y lo siento.

Kale egin? Baina gurekin etorri dira-eta euripera, antxitxika egitera, beste egiteko batzuk lagata, nire txorreo guztia aguantatu dute aurreko egunetan… Bejondaiela! Horixe da behar duguna, euskaltzaleak eta euskahaldunak.

Bat dator “Elgetako Goibeko euskara elkartea” izatetik “Goibeko Euskaltzaleon Topagunea” izen aldaketarekin ere. Hor dugu lana egiteko, guregandik gertu dauden eta euskaldunak ez diren lagunekin egon behar gara gehiago. Zabaldu. Gure kartolak zabaldu. Beraiek prest daude, poliki eta letra onarekin, baina hor dugu lana.

Gaur almuadarekin kontsulta egiteko gaia, lankideok egin dugun Goienaren kilometroa gogoan: zer egin behar dugu euskara hutsezko hedabideok euskaltzale hauek euskahalduntzeko? Zer dago gure esku?

Alkate izango direnei eskaerak

Alkategai batzuk zeintzuk izango diren entzuten hasi gara-eta… alkategai horiek buruan, zer eskatuko niekeen idaztea pentsatu dut. Klaro, zerrenda luzatu daiteke, baina hauexek burura etorri zaizkidanak. Zuek ere gehitzea gura baduzue… erantzunetan:

  • Euskaraz egitea. Ez euskararen gaineko diskurtsoak idaztea, egitea. Ahalik eta gehien. Blindatu euskararen gaia eta atera zuen liskarretatik.
  • Norbere proiektua garbi azaltzea. Indarra norberarenean jarriz gainontzekoen “akatsetan” barik.
  • Erakustea zein herri-programa duten, ez bakarrik zein alderdi-programa. Gutxien dutenenganako lerroak idatzi itzazue programetan.
  • Euskal hedabideok preferentziaz tratatu. Euskaltzaleokin begirunea izateaz gain zuen politiken bidez lagundu.
  • Erantzun galderei. Ez erantzun gura duzuena eta listo, zehatz erantzuten dutenak maite ditugu.
  • Larrosarik ez banatzea merkatuetan.
  • Erabili itzazue sare sozialak eta tuiteatu euskaraz kanpainan bizi duzuenaz. Interesatzen zaigu zuek esateko duzuena lelo politikoez gaindi.
  • Bai, pegatu zuen afixak. Pegatu behar diren lekuetan kartelak eta gero kendu. Kendu zuen propaganda behin botoa eskatzeko denbora pasa denean. Antolatu kuadrila bat zikindutakoa garbitzeko.
  • Eskaerak egitea zail dutenen ahots-mutuak interpreta itzazue. Umeei kasu egin, 80 urtetik gorakoei, herritarrak izan arren herrian ez daudenei, gaiso daudenei…
  • Entzun gainontzeko alderdiek diotena. Eta bereziki entzun herritarrak. Ondo legoke asfaltoa zapaltzea, sarean dabiltzen herritarren jarraitzaile egitea, herriko elkarteekin egotea… Herrian mugitzen denari beherapenik ez.
  • Ez izan gestore huts, ez izan kolega, ez izan… izan politikari. Duindu politika.
  • Alderdiari kasu egin bai, men ez. Alkateek herritarrak dituzte bezero. Denak.
  • Pulpitoko diskurtsoak neurtu. Askotan dira erridikulu samarrak eta norbere elizanteendako bakarrik… inbertitu denbora elizante ez direnekin.
  • Irakurle izan. Irakurri itzazue gure idazleak, irakurri gure hedabideak.
  • Entzule izan. Entzun gure taldeak, entzun gure kantariak.
  • Ikusle izan. Joan antzezlanetara, zinera, kafe antzokietara, kultura elkarlekuetara.
  • Herrian pentsatu, eta begiratu ondoko herrira ere. Bilatu sinergiak, kolaborazio posibleak beste alkate batzuekin alderdikoak izan edo ez. Egitasmo batzuetarako herriak elkartzeko beharrik ez dugu?
  • Amets egin ezazue eta animatu herritarrei amets egiten.

 

Kultura-saltsan jardutearen plazerra

Ezin izan nintzen egon Eneko Barberenak eman zuen hitzaldian. Ikusteko gogoa banuen, hala ere. Eta zelan Topagunekoek bideoan grabatu zuten… Handik ekarri gura dut esaldi bat, Argian agertu zena 2014ko maiatzaren 18an:

Ene sentsibilitatea pizten duena, libertitzea da. Enetzat, konparazione, Libertimenduan (antzerki molde bat) goizetan, musikariak jiten direlarik, gure arteko solasak eta adiskidantza, plazer hori ere da Libertimendua. Esplikatzen ez diren une horiek parte handia dute gure kulturarekiko maitasunean. Kultura eta euskara memento horretan bizi dira.

Eta guztiz ados nago! Gaztetxean, kultura elkartean, Espaloian… zerbait bizi izan badugu plazerra da eta momentu horietan gauzatu da bereziki. Nik lehen esaten nuen Espaloia Kafe Antzokia alde egoistenetik zela mesedegarrien, hau da, ikuspuntu egoistenetik ere behar nuela horrelakorik. Eta mesede gehien kulturaren bueltan lan egiten zuenari egiten ziola, saltsan dabilenari. Hori esan ostean zetorren gero beste diskurtso oso bat etab., baina hara! nik egoista moduan definitzen duena zein ederto ekarri duen Barberenak Antton Lukuren aipu batekin.

Hitzaldian beste hainbat pasarte interesgarri daude, plazer baduzue:

Kazetaritza hiperlokalagorantz poliki-poliki

Bn Colmery-k (Knighit International Journalism Fellowships de ICFJ) dioen moduan, kazetaritza ez dugu produktu baten ikuspuntutik begiratu behar eta bai ekosistema oso baten ikuspuntutik. Hori horrela, guk ITURRI deitzen ditugun horiek eta KAZETARIAK, ekosistema beraren parte dira. Gero eta gehiago, denok egiten dugu eduki sorkuntza eta helburu beraren parte gara sarri.

Bi motatako iturriak identifika genitzake:

  • Ohar bidaltzaileak: politikarien prentsa oharrak, enpresen notak, kirolarien prentsaurrekoak… Beti egongo direnak eta kazetariek jaso eta albiste bihurtuko dituztenak albiste izateko lain emango balute.
  • Iturri izendunak: Gurekin batera informazioa lantzen duten herritarrak, elkarteak… batzuetan kazetariaren laguntzarekin. Gero eta leku handiagoa hartu beharko luketenak gure hedabideetan.

Eredu hiperlokolean, derrigorra da bigarrenekin kontatzea. Goienan hasiera-hasieratik dugu langai gertuko informazioa, baina hiperlokala esaten diogunean esaten ari gara herritarrekin batera lantzen den informazio mota, ekosistemak (kazetari+iturriak) sortzen duen gertuko informazioa.

Iturrien ondoan kokatzen dira kazetariak, eta gero eta gehiago izan beharko dira dinamizatzaileak. Hain zuzen ere, ekosistema horren eragileak dira, ekosistemak funtzionatzeko behar duen oreka bermatzaileak. Saregileak dira.

Egiteko berriak izango ditu kazetari dinamizatzaileak eta izango dira:

  • Testuen egokitasunean lagundu iturri izendunei.
  • Iturri izendunei formazioa eskaini: argazkiak nola atera, titular egokiak, nola erabili sare sozialak eta bloga, kazetari irizpideak, oreka… Jakinik ezin dugula kazetaritzan inor formatu, horretarako daude unibertsitateak.
  • Gero eta iturri izendun gehiago izatea lortu. Sarea osatu. Komunitatea egin.

Zorionez dagoeneko hainbat artikulu dira komunitatetik datozenak eta albiste garrantzitsu bihurtzen direnak jarraian. Gero eta artikulu gehiago daude Goienan kazetaria ez den jendeak sinatuta. Gero eta leku handiagoa dute sarean bereziki, baina baita telebistan eta bereziki paperean. Bide bat urratzen ari gara eta sinistuta gaude gertuko komunikabide izaeran sakontzeko balio izango duela.

`Puntua´, gertuko komunikazioaren olatua, laguntzak… `Azpimarra´-n

Azpimarra gustuko dudan saio horietakoa da. Profesionala eta txukuna. Gustura joan nintzen eta egia esan inoiz sentitu dut beste mundu batera sartzen nintzela eskailera mekanikoetan gora eginda, baina oraingoan ez. Lagun asko ikusi nituen barikuan EITBko egoitzan eta haiekin egon ostean konturatu nintzen asko egon zitezkeela etxe famatu horretako beheko solairuan lanean, asfaltoa zapaltzen. Ez dut uste hain urrun gaudenik goiko solairukoak eta behekoak. Paperean-eta sekula baino gertukoago zorionez, eta telebistan ere horrek beharko luke ohikoena.

Elkarrizketa egin zidan Jon Artanok. Adostu genuen bakarra izan zen hika egingo genuen edo euskara batuan. Bigarren horretan joan zen eta berak gura zituen galderak eginda saiatu nintzen erantzuten. Blogean jartzen dut, Azpimarraren ordutegia dena delako eta 2015ean baditugulako bestelako aukerak telebista ikusteko. Nahieran da horietako bat, tresna bikaina:

 

 

PUNTUA: 19 urteko neskaren elkarrizketa, penaz, kaxoira

Atera dugu PUNTUA eta pozik gaude, ezin uka: harrera oso ona izan du, genituen espektatibak gainditzeraino. (lehen alea bistan, pdf-an)

Esango nuke arrakastaren gakoetako bat dela bezeroek zer irakurtzea gura duten ondo aztertu izana. Denbora asko eskaini diogu bai galdeketa telefonikoari bai gertuko irakurleek ziotenari, enpresa barruko lankideei eta gertukoei ere galdetu zaie eta bereziki informazioa jaso dugu egin ditugun focus group edo iritzi taldeetatik. Gakoa edukian asmatzea izan dela uste dut. 48 orritatik dezente dira bezeroak irakurriko dituenak, seguru gaude.

Edukiaz beraien iritziak eman dizkigute (tonoa, alderdien zaratarik ez egotea, egunerokoari ez lotzea, familiarra izatea, ulergarria…) eta baita formatoaz. Bilduma egiteko baliagarri diren grapez, koloreez, orri kopuru handiaz, neurri eramangarriaz, paperaren kalitateaz, argazkiek duten ikusgarritasunaz, diseinu modernoaz, izenaren egokitasunaz, artikuluen luzeeraz… Denak jaso ditugu eta aztertuko ditugu, noski.

Ni pena batekin geratu naiz. Bagenuen beste elkarrizketa bat oso aurreratua. Neska euskalduna joan behar zen PUNTUAren azalean. Burka jantzita (begiak bakarrik ikusten zaizkion jantzia, zehatzago), begiak margotuta ere etorri zen… Ze pena. Berak gura zuen, amak ere bai, pentsatzen genuen anaiak emango zuela alto, baina aurrera. Eta heldu zen aita: “ez zara aterako, kito!”. Ez ginen erretratua ateratzera ere heldu.

Eta horrela geratu dira haren erantzun pilo bat atera barik. Aitaren agintari makulua ikusten zen elkarrizketan ere, ez zegoen titularrera ekarri beharrik ezer ze elkarrizketak erakutsiko luke 19 urteko neskak ez duela pentsamendua garatzeko bide errazik. Ez zegoen Parisen gertatuaz informatua, ez dute beren hizkuntzan ez den telebista katerik ikusten etxean, ia beti lagunduta ateratzen da etxetik…

Konturatu naiz gure galdetegian galdera iñozoak ere bazirela, esaterako: “euskarak balio izan dizu integratzeko…” eta erantzuna: “nik ez dut beharrik hemen integratzeko, bihar ez dakit non egongo naizen…”. Glups!

Badut pena, izan ere, berak aitortu zigun sekula ez zitzaiola burutik ere pasatuko bera aldizkari batean elkarrizketatuko zutenik eta nerbiosa eta pozik arteko sentsazioa zuela. Beragatik dut pena, elkarrizketak bazuelako mamitsua izateko aukera galderen erantzun loraturik jaso ez arren. Baita elkarrizketatzaileagatik ere, gure komunitateko kide bat baitzen harremana egin zuena eta elkarrizketa sinatuko zuena. Hurrengo batean.

Hurrengo zenbakiko azalean bestelako erreportaje bat aterako dugu. “Islama bakearen erlijioa” dela esango digute eta arkatzei balaz emandako erantzuna onartezina dela esango digute. Ikusiko dugu arkatzak darabiltzatela hemengo bizimodura hobeto egokitzeko hartzen dituzten eskoletan. Bi elkarrizketa ezberdin, bistan da.

Puntua2

Xaloa telebista aurrera

Heldu zait Xaloa Telebistako lagunek bidalitako mezu bat. Laburpena ekartzen dut:

53.760€ jaso ditugu guztira, proiektua martxan jartzeko behar genituenak baino 3.760 gehiago. Martxan jartzen ari gara Iruñerriko euskarazko telebista!!!

Egunotan Ezkaba mendiko emisio ekipamendua doitzen amaituko dugu, ahal dela otsailean bertan hasteko ohiko emisioak pixkanaka-pixkanaka egiten. Gero, otsaila bukaera aldera, Elo mendiko errepikagailua ere instalatuko dugu, seinalea hobeto igortzeko. Gogoratu Xaloa TBren Iruñerriko emisioa LTDko 38. kanalean ikus daitekeela jadanik (une honetan probatan baino ez bada ere).

Berriz ere: mila esker eta zorionak guztioi!!!

Xaloa TBko lantaldea

Ene uste makalean: Xabier Montoia

XabierMontoiaGaztelupen“Ene uste makalean” dute izentzat Gaztelupe tabernak egiten dituen martitzenetako solasaldiek. Azkena izan da Xabier Montoiarena. mahai-inguruaren hurrengo egunean Gaztelupetik bidalitako eposta bat jaso dugu eta handik hartuta jartzen dut hemen. Egon nintzen solasaldian eta gustura egon ere. Oso interesgarria. Etortzerik ez zutenekin gogoratu nintzen behin berriz, eta baita etxeko sofan geratu zirenekin ere. Hori bai, egon ginenok oso gustura egon ginen. Hauxe epostaz jasotakoa, atzokoaren laburpen bat:

Azken atxiloketen elkarretaratze eta manifaren ostean hasi zen solasaldia martitzenean. Dozena bat lagun batu ginen Gaztelupeko goiko solairuan, tantaka-tantaka heldu zirenak gehienak; Eibartik, Berriztik eta Elgetatik etorritakoak batzuk, baita Plazentziakoak ere.

Montoia berba egiteko eta besteok entzuteko eta parte hartzeko gogoarekin elkartu ginen. Gaztetako lehen akordeetatik hasi zuen tertulia, Montoiak inoiz ez baitu hitzaldirik eman bere bizitzan. Musika taldea osatzerakoan euskara ikasteko premia eta hautua zelan egin zuen azaldu zigun, euskara tresna bat gehiago izan zuen Montoiak, gitarra bat letxe, taldea osatzeko. Euskara lotuta zegoen punk jarrerarekin gabi du. Oso argi zuen musikazaleak zer egin gura zuen eta zein izen izango zuen taldeak. Jakin genuen Hertzainak izena gaur ezagutzen dugun Ertzaintza sortu aurrekoa dela edo zein izan zen talde horren ibilbidea Montoiak berak M-ak taldea sortu bitartean. Gaurtik begiratuta poztu egiten da Gasteizetik Donostiara joan eta hango lagunekin M-ak izango zenaren lehen grabazioak estudiante pisuan egin izanagatik. Interesgarriagoa euskal filologiako hiru urteak baino bere esanetan. Anfetamina aipatu genuen gero, eta hango poema solteak argitaratzeko bultzada Josu Landak eman ziola gogorarazi zuen. Izan ere, idatzi, beti idatzi du Montoiak, argitaratzean pentsatu gabe.  Josu Landa, Mikel Antza, Kaki Arkarazo… Susa aldizkariaren garaiak, gaur eguneko Montoiaren ibilbide musikal eta literarioa, bere “tenpoak”, beste idazle batzuen jarduna, bera ez dela idazleen jarraitzaile baizik eta liburu solte batzuk dituela gogoko… gogoratu zuen penaz zenbat liburu on geratu diren ezagun egin ez direnak.

Idazteko metodoak, idatzien formak duen garrantzia, errealismoa, nobeletan sinesgarria izateak duen garrantzia, gustuak eta eraginak, Euskadi Sariak, manifestuak, zein lan dituen eskuartean…  eta horrelako gaiak aletzen joan zen giro goxoan. Galdetu ahala erantzunez, luze eta zehatz.

Mokau eta tragoxka tarteko hizketako aukerak sortu ziren batutakoen artean, tartean bere liburuen irakurleak batu ginela konturatu ginen liburuen gaineko aipamen zehatzak egin zirelako. Ohartzerako 22:00ak pasata. Denok zintzo demonio eta gustura. Montoia Errepideko norabidea aldatu aurretik zegoen etorria azkenengoz Soraluzera, baina merezi izan zuen itxoiteak. Milesker zintzotasunez eta eskuzabaltsunez etortzearren. Gitarra ere jarri genion eskura, baina hori hurrengorako. Badakigu zita jarri zuela Martinekin. Gustura elkartuko gara berriz.

Gaztelupeko Billi gunean, 2015eko urtarrilaren 13an, martitzena

 

Anje Duhalde ondo Espaloian

Gertatu eta zast! klubeko bazkideen epostan zegoen gertatutakoa. Goienako klubeko bazkideek beren e-postan jaso zuten 22:00etan arratsaldeko 20:00etan gertatutakoa. Kantu baten bideoa norbere ordenagailuan. Noski, ez dauka parerik bertatik bertara entzun edo etxean kanta bakarra jasotzeak, baina besterik ez bada hurrengoan areto batera gerturatzeko balio balu… Etxeko sofan egongo zen jende asko goxo, goxo-goxo. Kontua da hori egiteko egun asko daudela eta ez horrenbeste euskal kulturaz gozatzeko. Eta zelako ederra den lagunekin iluntze-pasa egitea musika entzunez…

Kontzertu polita egin zuen atzo Anje Duhaldek Elgetan. Ni gustura egon nintzen. Kantu ezagun asko, gehienak berarekin batera kantuan egin genituenak. Urte asko dela konposatutako kanta puska batzuk eta berriagoak tartekatuta. Errobi garaikoak batzuk, lana aldarrikatzen zutenak eta gaur gaurkoz ere modaz pasatu gabeak, esaterako. Formatu txukuna eta hamaika herritara eramateko modukoa iruditu zitzaidan. Bi gitarra eta bi ahots. Seguruenik, eta bandarekin gorputz handiagoa hartzen badu ere, kantuak defendatzeko nahikoa da bikotea. Eta gertatu liteke dezibelio gutxiagotan gertukoago sentiaraztea ikus-entzuleak.

Jende asko gerturatu zen, baina badakit antolatzaileek parra ere ez zutela egin. Nik miresten dut parra egin ez arren horrelakoak antolatzen dituztenak. Urte askotarako.

Kantuaren bideoa goiena.eus -etik, cc-by-sa lizentziari esker:

Ez da erraza ulertzen horrelakoetara jende gehiago joan ez izana. Baina hau maratoia denez… bitaminak antolatzaileei.