App berria Goienan

Aspaldi egin genuen lehenengo aplikazioa. Eta lehenengo aplikazioak zuen denetik! Han zegoen dena! webgunean genuen guztia eta gehiago ere bai. Eta Baturako lagunek (Batura mobile solutions) esaten ziguten ez zela gauza bera aplikazio bat eta webgune bat… baina gu gurera! Noski, ez genuen asmatu. ERROREA izan zen gehiegi sartu gura izatea, edukien arbola konplikatuegia zen. Orduko aplikazioa 600-700 lagunek jaitsi zuten, hala ere. Ondo.

Gaur beste kontu batekin gatoz. Ikasi egin dugu, han eta hemen ikusi. Eta zer da egin duguna? ba dena sinpletu. “Sinplea on” leloari jarraitu diogu. Hustu egin dugu edukiz. Hustu eta pantailarako irakurgarria izango den zerbait atera. Sinplea, lehen bistara zer den ikusten dena eta zerbitzuei gehiago emana ohikoak ditugun beste hainbat atali baino.

Komunitateari feedbacka erraztu

Hori izan da egitekoetan garrantzitsuena. Buruari buelta eta buelta jardun dugu eta heldu gara konklusiora lau botoi jarri behar genituela erabiltzaileen eskura. Kexatzeko aukera, txalotzeko aukera, argazkiak bidaltzeko aukera eta edozein notizia edo ohar bidaltzeko aukera. Pantailaren leku preferentea horietxek hartzen dute eta norbaiti irudituko zaio beste gauza batzuei lekua kentzen diela… Gure apustua da horiek izatea erabiltzaileek esku-eskura. Horiei ematea garrantzia horiek baitira gurekin di-da harremanetan jartzeko aukera errazten dutenak.

Zerbitzuak

Eta ondoren zerbitzuak: eskelak, gida eta aurreztu. Goienak egindako apustu garrantzitsuak. Debagoienan eskelen gaia interesekoa da eta debagoiendarrek astero-astero orria betetzen dute eskelekin. Horiek kontsultatzeko berbideratzen dugu webguneko atal horretara. Berdin gidarekin eta baita aurreztu.com-ekin ere. Berbideratze soilak dira, baina di-da egiten dutenak.

Responsive

Noski, webgune guztia kontsultatzeko aukera badugu den letxe. Gure webgunea Tokikom plataformarekin egindako webgunea da eta responsive denez, izaera likido horrengatik, egokitu egiten da edozein pantaila tamainatara. Beti dago aukera webgunean dagoen guztia kontsultatzekoa ze ez genuen galdu gura aukera hori. Hala ere, jendearekiko harremanari eman diogu garrantzia. Ia zer esaten diguten bezeroek.

Aplikazio berria jaisteko (doan)

Kazetaritza komunitatearekin kontatuta

APP hau denen eskura jartzea Goiena egiten diharduen politikarekin lotuta dago. Gura dugu komunidade bizi bat, bere etxe aurreko jarlekua gaizki badago argazkia aterako diona eta guri bidali. Guk hori argitaratu. Eta ahal den guztietan jarleku hori konpondu beharko lukeenarekin egon eta bere erantzuna lortu.
Ez dugu gura igorletik hartzailerako informazio bide ohikoa bakarrik lantzea. Gura genuke herritarrek egindako kazetaritzari ere lekua ematea eta horretarako erreminta da atera duguna.

Elkarrizketak egiteko gomendio batzuk

Kazetari izan zein ez elkarrizketa egiteko gomendio batzuk.
Kazetari izan zein ez elkarrizketa egiteko gomendio batzuk. Argazkia: Goiena, Imanol Soriano.

Elkarrizketak egiteko baliogarri zaizkidan aholku batzuk idatzi ditut. Blogera ere ekartzen ditut.

  • Betiko sei galderak jarraitzen dute izaten egin beharrekoak: zeinek, zer, non, noiz, nola eta zergatik. Basikoa dirudien honek ematen ditu ba buruhausteak. Ebento baten berri ematean non edo noiz falta izatea modukoak oso agerikoak dira.
  • Elkarrizketa prestatu horiek kontuan izanda. Ez dago elkarrizketako galderak elkarrizketatuari bidali beharrik. Batzuetan elkarrizketatuaren mailak edo ohitura faltak eragin dezake horrelakorik, baina hala ere, hobeto galderak nondik nora joango diren azaltzea galdera zehatzak ematea baino.
  • Geratu leku eroso batean. Zarata larregi egongo ez den lekuan, bereziki. Argia ere zaindu behar da beti. Lokalizazioa. Konfidantza lortzeko lehen pausoa da.
  • Puntual. Geratu zaren leku horretan norbera lehenago egotea ona da. Sekula ere ez beranduago. Ahal den guztietan elkarrizketatuaren poltsikoko telefonoa izan behar dugu eta gertatu beharko ez litzatekeen arren, berandutuz gero, ahalik eta bizkorren abisatu. Errespetua.
  • Erremintak: aurretik konprobatu pilak dituzten, funtzionatzen duten etab. Beti izan eskuko telefonoan grabatzeko aplikazio bat. Beti da ona bigarren aukera hori…
  • Adeitsua izan. Hautatutako gaiari ongien lotzen zaion elkarrizketatuak baietza eman digun guztietan gauzak erraztea dagokigu, emandako baietz horri zintzo erantzutea eta errespetuz. Elkarrizketa bortitzak ez lirateke egin behar, gutxiago mantxeta baten azpian. Ez ahaztu norbere markarekin batera hedabidearena ere badoala. Gu kazetari gara eta enpresa ere ordezkatzen dugu, hein baten.
  • Galdera zehatzak egiten badituzu jaso erantzunak. Eta ez badizu galdetutakoa erantzun galdera berriz egitea ondo dago, ez lotsatu. Akaso berba berberak erabili barik galdetu daiteke gauza bera. Galderak irakurri barik egitea ona da. Eskema bat eraman, ez dago zertan galderak diktatu. Elkarrizketatzaileak ere izan behar ditu lorgarri diren helburu batzuk. Horiek kontuan izanda joan elkarrizketara. Galdera zehatzak ez dauka zertan luzea izan. Normalean motzak dira zehatzenak eta egokienak. Gainera, erantzunak dira mamia eta jendeak entzun gura duena.
  • Derrigorra da gaiaren eta elkarrizketatuaren gaineko jakintza izatea elkarrizketa lotzeaz bat, hanka sartzea ez da txukuna izaten eta. Ez da derrigorra, aldiz, jakintza hori guztia galderetara eramatea. Ondo dago publikatuko diren baino galdera gehiago egitea web bertsioan-eta ondo etorriko direnak. Hala ere ez dago dena galdetu eta inor aspertu beharrik.
  • Jarri behar gara irakurlearen lekuan. Jasotzailea (ikus-entzule-irakurlea) izango den horrek zer galdetuko lioke elkarrizketatuari? Gu zerbitzu bat ematen ari garela ezin ahaztu.
  • Jarri elkarrizketatuaren lekuan. Elkarrizketatu bakoitzak gura izaten du zerbait esatea. Esan gure izaten du eta entzuteko jarrera izan behar du elkarrizketatzaileak.
  • Entzun, argi eta garbi entzun. Esaten dituen horrek sortzen ditu galdera berriak, aurretik idatzi gabe ditugunak. Askotan horiek dira onak. Norbera apain agertzea baino garrantzitsuagoa da bi norabideko elkarrizketa izatea. Erantzunak ematen dituenak espero du guk entzutea eta logikoa denez ulertzea.
  • Jasotakoa txukundu, kontestutik atera barik, beti ere. Argia izan jasotako hori ematerakoan: laburra, soila, gardena. Formatua egokitu, hedabide balkoitzak bere hizkuntza du:  paperean modu batera, telebistan beste bat, irratian zein Interneten ere ezberdin. Gakoak ondo adierazi. Titular deigarriak bai, baina zehatzak eta lehenengoan ulertzekoak. Zuzentzailea derrigor pasatu. Literatura utzi liburuetarako. Erraztu. Jasotzailearen denbora urrea da.
  • Besteen materiala aitortu: beste batzuek egindako lana erabili behar baduzu elkarrizketa txukuntzeko (argazkiak, bideoak, aipuak…): aitortu.
  • Elkarrizketatuak (edo txarrago, badaezpadako komunikazio arduradunak) ez uste arren ere, ia salbuespen barik, komeni zaio galderei erantzutea. Hedabideei ezetza ematea ez dut uste hobea denik ia sekula. Behin elkarrizketa baieztatuta, eskertu behar dugu guretzako denbora bat dedikatu izana. Bereziki gure hedabideetan agertzeko “beharrik” ez duten elkarrizketatuetan. Badagokigu, hala ere, politikari profesionalei eta gurean agertzeko interesa duen guztiari ere elkarrizketa eskertzea.
  • Tuiteatu. Esan elkarrizketa egin duzula. Batzuetan komeniko da esatea egitera zoazela ere, eta noski, zure jarraitzaleren batek galdera bat egiteko aukera zabaldu zenezake. Behin argitaratutakoan pasa lotura hori. Twitter izan daiteke sare sozialik egokiena, baina badira beste batzuk ere. Elkarrizketa egiteaz gain haizatzea ere badagokigu. Eta hedabidean argitaratu denaz gain zerbait pertsonalagoa ere idatzi genezake norbere blogean eta are eta jasotakoari bizitakoa gehituz balorea eman.
  • Izan Kazetaria. Edo ez elkarrizketatzailea baino gehiago. Ez jueza, ez oposizioko alderdia, ez boxeolaria, ez borreroa, ez borregoa. Duintasun handiko lana da kazetaritza. Horrela antzeman dadin gure eskuetan dago. Proposatu hedabideari zein elkarrizketa egin gura duzun, zein sakontasunekin, noizko…

oh.: Puntu gehiago badiren? seguru baietz. Gustura gehituko ditut proposatzen badituzu. Beharbada jarritakoren bati zehaztapen bat ere egingo zenioke. Bestetik, ez ahaztu hau ez dela torlojugintza. Norberak jartzen dio bere estiloa… eta hori ederra da.

 

Lekukoa pasatu dugu Espaloian

Hamar egun pasatu dira gertukoenekin azken jaia egin genuenetik. Lasaiago-edo apunte pare bat Espaloian egindako 10 urteko ibilbideaz. Zikloa itxita: Artistak gustura+publikoa gustura = antolatzailea gustura.

  • Alde egoistenetik, oso emankorra izan da Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak eman diguna kudeaketan ibili garenoi. Jantzi egin gaitu, hazi. Lagun asko egin ditugu ibilbidean eta gaur gaurkoz edozein sortzaileri deituko bagenio gure taula gainera etortzeko eskatuz, doan ere egingo lukete gehienek.
  • Noski, gure egitekoa sortzaileei begirakoa ere izan da eta begirunez egindakoa gainera. Ordainsari duina (ez beti merezi bestekoa, tamalez) ematen saiatu gara beti eta inor ez da joan Espaloitik afaldu barik eta hartu-eman minimo bat izan barik.
  • Askotan berba egiten dugu euskal sortzaileez eta herri kulturaz-eta… eta herri kultura ageriko egiteko lekuez ezer gutxi esaten da inguruan. Sortzaileak beraiek bai, konturatuta daude eta eskertuta orain dela 20 urtetik gaurdaino asko hobetu baita eszenaratzeko lekuen erosotasuna. Kafe antzokiek badute kulparen zati bat.
  • Esango nuke, hala ere, eta inportantea izanagatik, gutxiena dela foko asko, tramoi elektrifikatuak eta soinu ekipo ona izatea. Inportanteak dira, baina are gehiago sortzailea gustura egoteko egin beharreko ezkutuko horiek guztiak. Bereziki artista ulertzea. Bizpahiru artistekin kenduta (beti dago egolandiaren bat…) elkarrekin afaldu dugu, lotan geratzekotan herriko landetxe eta hotelean egin dute, sozidaderen batean edo Espaloian bertan afaldu…
  • Artista diogunean ez diogu bakarrik goi mailako hori. Bereziki mimatu da gurean euskal artista (goi mailakoa askotan). Gure proiektuko ardatz izan da euskara eta euskal artista zentroan kokatu dugu.
  • Euskal artista herrikoa eta ingurukoa izan bada are gehiago. Pozen egon garen egunak, seguruen, herrikoak taulan jokatzen zutenekoak izan dira. Ez da geratuko sortzailerik taula gainetik pasatu ez denik.
  • Atzerrikoak ere saiatu gara ekartzen, noski. Bereziki antzerkia musika eta magia. Gehienetan sarreretan sortzen zutenari kopuru txiki bat gehituta joan dira. Hasieretan zulo potoloak ere egin izan ditugu, baina akaberarako zuloak euskal artistekin egitea genuen lege. Irekita egon gara edozein proposameneri eta herriko edozeinek zerbait antolatu gura izan duenean lagundu diogu.
  • Hamar urte egin ditugu telebista aparailu barik. Merezi izan du! Noski, ez ikuspuntu enpresarialetik… irabazi asmorik gabeko proiektua izatearen onurak. Eguaztenetako zinekluba ere ederra izan zen, nahiz eta sarri dozena erdi ikusle baino gehiago ez izan.
  • Askotariko ekintzak beste horrenbeste jenderendako. Polita izan da ostirala gaztez lepo ikusi, zapatua 50 urtetik gorakoez eta domekan umeen kontzertua antolatzea.
  • Inbertsio guztiak ordainduta eta zor barik amaitu dugu. Goibeko Euskaltzaleon Topaguneak erabaki du inbertsio guzti-guztia herriari uztea. Halaxe egin dugu, zero euroren truke. Ordain bakarra, Goibekoko bazkideek aurrerantzean egingo diren ekintza guztietan %20ko beherapena izango dutela.
  • Eskerrik beroenak sortzaile guztiei eta modu batera edo bestera gertuan zaudetela erakutsi duzuen guzti-guztiei.
  • Taulak eman duenaren zati bat iruditan:

Azken berba: “Ezer egiten ez dutenak baizik dira akatasgabeak” zioen Josep Conrad-ek. Ba horixe, hankasartze eta guzti, zerbait egin izanaren pozez eman diogu lekukoa hartzea gura zuenari. Zorterik onena!

 

Azulan Astolarekin: gazta eta bizimodu bat

Horrelaxe dakar bisitatzen dudan bakoitzean gehiago gustatzen zaidan ahotsak.com-ek: Aixolaerrekako Ibutx baserrian jaiotakoa. Gazterik Beizu baserrira joan zen familia guztia bizi izatera. Ezkongabea, bizi guztian artzain ibilitakoa. Hasieran Beizun bertan ibili zen, eta Azula hustu zenean, bertara joan zen; anaia Beizun geratu zen. Oso kontalari ona. Bergarako eta Elgetako ahozko ondarea jasotzeko proiektuetan hartu du parte.

Gu astean egon gara Beizun. 40 minutura-edo dago Elgetatik. Pasiada ederra. Taldetxo bat joan ginen eta guretzako gura beste denbora zuela esanda hartu gintuen Enrikek, jator asko. Konturatu ginen bai Beizuko erlojuak eta gureak orratz antzerakoak dituztela, baina ezberdin ikusten dugula segunduen joana. Beizura sartzeko hezia pasatzeaz bat konturatzen da bat horrelakoekin. Argirik ere ez du apenas erabiltzen. liarra ez da botikan erositakoa, telebistarik ez eta nekez ikusiko du Enrikek Goiena telebistan egin zuten albiste hau. Goizago jaiki eta ardiak jaitsi, gaztak egin, iluntzean berriz jaitsi… eta horrela hainbat urtean. Bost sei hilabetetan lan askorekin (bildotsak-eta…) eta gainontzekuetan larre bila. Pentsa, Enrikek 7 urte zituela jarri zituen ardiak aitak eta berak 13 urterekin utzi zuen eskola.

Beizura heldu ginen-eta… Esan zidan Enrikek ikusteaz bat: “Joño, Etxebarri. Aspaldi ez haiz egon hemen, e?” Eta ni, ezagutu izanaz ere harrituta. “17 urte izango dittuk egon ez haizela”. Eta ni are harrituago! Urte horiexek dira gaztaia zelan egiten zuen esanaz erreportaje bat egin geniola Goibekokale aldizkarirako. Aldizkaria bekosugainean zuen oraindik. Demasa.

Orain, urri-azaro inguran-edo etorriko ei da herrira. “Urtiek erabaki juek ez nik” dio. Moldatuko dela, noski, baina falta ere sumatuko duela begibistakoa da. Albistea atera da Goienan: Elgetako azken artzaina.

Pare bat gazta erosita jaitsi gara Azulatik. 15 euroan kiloa “merke, plazara fan eta hotzak goiz osua pasau biharrik be ez daukat zuek erostera etorri ezkerio-eta…” Ez da ez garestia. 6 litro esne behar dira gazta bat egiteko eta atzetik dagoen artisau lan hori guztia… merke eta on! ummm.

Arrakastatsua memoria bizirik eusteko errekreazioa

Bideoa hartu dut Goienatik cc-by-sa lizentziari esker.

Bolondresen lanarekin egin daitezke horrelako ekintzak eta beraiei eskerrak da posible atzo bizitakoa. Intxortako frontearen berri jaso ahal izan dugu publikatu diren liburuetatik-eta. Hala ere, eta horiek publiko zehatz batera heltzen direla jakitun, errekreazioa egiteak eman dio agerikotasuna orduan gertatutakoei. Horixe da errekreazio honen baliorik handiena, ahalik eta jende gehienaren ahotan jartzea 1937an Elgetan gertatu zena. Baita bertatik bertara bizi izatea ekimenean parte zuzena hartuz.

Ez da erraza gerturatu den jendetza zenbatzea, baina 2.000 lagunetik gora egongo ziren aurten ikusle. Gustura geratu dira ordu erdiko emanaldiarekin. Ez da amaitzen, hala ere, errekreazio hutsean. “Frankismoaren zigorgabetasunari, tolerantziarik ez!” pankartaren atzean adarri bat ere badago. Memoria historikoaren legeaz ere jardun zen Salbadorko ermitan. Eta hori baino gehiago, omenaldi xume bat Salbadorren dagoen ermita pareko monolitoan egin zena. Hunkigarria eta gertatutakoak berriz gogoratzeko une aproposa.

Argazki pila bat atera ditu Goienak eta hemen ikus ditzakezu.

Eskuko telefonoarekin ateratako bi: bata, erabilitako arma piloa ikusten dena. Bestea parte hartu zuten lagunen talde erretratua (biak cc-by-sa):

 

Koldo Mitxelena: Bi mezu erantzun gabe

“Bi mezu erantzun gabe”  izenburupean idatzi dugu mezu bat Hekimenetik Koldo Mitxelenaren heriotza jakitzeaz bat. Neure egin eta hona ere ekartzen dut:

Koldo Mitxelena Hekimenen sorreran parte hartze aktibo izan zuen kide bezala gogoratzen dugu. Bileretan esku hartzen, batzarretan agertzen eta solaskidetza gertua eta berehalakoa eskaintzen zigun laguna. Bere aldizkaria —…eta kitto!—, bere kultur elkartea eta bere proiektua oso garbi zeukan eta konpromiso handiz defenditzen zuen euskaltzale gisa gogoratzen dugu. Aldizkariaren urteurreneko ekitaldira gonbidatu gintuen, Eibarko udaletxean, eta han antzeman genion nolako gertutasunarekin eta dedikazioarekin bizi zuen elkartearekin eta aldizkariarekin zerikusirik zuen oro. Irribarre batekin gogoratzen dugu.

Bi mezu utzi zizkigun erantzun gabe. Publizitatearekin eta Hekimeneko proiektu batekin lotutako bi mezu ziren, apirilaren 1eko data dutenak. Arraroa egin zitzaigun erantzunik ez jasotzea, hain zen eta bat-batekoa bere prestasuna, korreo baten aurrean zein dei baten aurrean. Handik gutxira izan genuen bere heriotzaren berri.

…eta kitto! aldizkariak eta proiektuak aurrera egingo du bera gabe, baina berarekin lan egin dutenek ez dute berehalakoan ahaztuko.

Iban Arregi, Alberto Barandiaran eta Iban Arantzabal
Hekimeneko zuzendaritzakideak

Ondo etorri Marimaistra

Elkarrizketa egin diote Marimaistrari Goienan. Blog honetara ere badakart, fans klubekoa naizenez:

Zelan bizi izan zenuen telebistara salto egin zenueneko eguna?

Ai, maitia, asko sufritzen dut nik parean jartzen dizkidaten traste horiekin guztiekin. Oraindik ere ez naiz ohitu, e? Bero handia pasatzen dut, eta gainera mikrofonoen hariek ez didate mugitzen lagatzen! Lotuta naukate! Horregatik ikusten nauzue beti eserita! Baina tira, badakit nire beharra baduzuela euskaldun ganorabako gaixook, eta zuei laguntzeko edozer egingo nuke.

Zein da gehien errepikatzen dizuten galdera?

Denetarik galdetzen dute, baina badakizu zer? Jende asko, gazteak batez ere, oso-oso arduratuta ikusten dut hizkuntzalaritza kontuekin. Ea zer den ergatiboa, edo erlatiboa, edo nominatiboa… Eta pena ematen dit, laztana. Euskaraz polito jarduteaz edo orain baino gehiago erabiltzeaz baino, gramatika teorikoaz kezkatuago egotea!!! Zer da hori, baina? Oso triste jartzen nau horrek, benetan! Gainera, gero horiei beraiei ez die ardura hizkuntza ganoraz erabiltzea. Zabar asko dago bazterretan!

Deiak jasotzen dituzu, baina batez ere whatsappak, edo?

Hasieran hiru modu nituen kontsultak jasotzeko: Twitter, posta elektronikoa, eta Whatsapp, bai. Eta galdera gehienak Whatsapp bidez jaso ditudala esango nuke, baina azken boladan erantzungailuan ere uzten dizkidate mezuak. Batzuk amorragarriak eta beste batzuk eder-ederrak!

Beti mezu orokor bat jaso daiteke…: “Euskararik onena erabiltzen dena”.

Hori da, pitxin. Sarritan sutan jartzen naiz jendeari entzuten dizkiodan astakeriekin, baina tira, karakterra halakoxea daukat. Haserreak haserre, oso argi utzi nahi dizuet gauza bat: hobe da euskaraz baldar samar aritzea, erdaraz baino. Euskaraz sarriago egingo bagenu, askoz eredu gehiago izango genituzke kalean esamoldeak eta abar jasotzeko, eta orain baino naturalago egingo genuke denok! Zalantzarik ez horretan, e? Euskararik onena, egin egiten dena!

Taroteko kartak botatzen dituztenek kobratu egiten dute telefono horien bidez… baina zuk ez duzu ezer ere kobratzen.

Hala da, bihotza! Baina oso gustura egiten dut, e? Beharra ikusten dut kalean, eta horregatik hasi naiz neure burua eskaintzen. Sos gutxi batzuk ondo etorriko lirateke egia esan, batez ere bideoak hain txukun uzten dizkidaten lagunei ordaindu ahal izateko. Palazioetan ibili naiz eskean, ez pentsa, baina badakizu, agintariek beste nonbait dituzte lehentasunak!

Eskoletan erabiltzen ei dute zure emanaldia irakaspenen bat ateratzeko…

Hala uste dut, behintzat! Gaztetxo asko eta askok idazten didate Wwhatsappera: batzuek galderak egiteko eta beste batzuek esateko haien irakaslearen gustuko naizela edo, tira, burutik pasatzen zaien lehenengo astakeria botatzeko. Pozgarria da nire bideoak eskoletan erabilgarri izatea, eta kezkagarria ere bai.

Denon ahotan dabil gazteen artean jarrera matxistak eta homofoboak oso hedatuta daudela, ezta? Bada, ez dakit euskararen kontrakoak ere ez ote dauden oso zabalduta, e? Izango ditut gutxienez dozena erdi bat mezu, bakoitza lagun batena noski, esanez bere bikotekideak utzi egin duela euskaraz aritzeagatik! Halakorik!!!

Kalean geratzen ote dute MariMaistra galderaren bat egiteko?

Ai, amante, ni ez naiz kalean ibiltzen! Grabatzea tokatzen denean, platoan gorpuztu egiten naiz, eta bukatutakoan, berriz, desagertu eta Iratiko basoan barreiatuta egoten naiz, naturarekin bat eginda. Nekez topatuko nau inork kalean!

Zurekin kontaktatzeko bideak zeintzuk dira?

Lehen aipatu dizkizudanak: @mari_maistra Twitter kontua, marimaistra@gmail.com posta elektronikoa, eta erantzungailua edo Whatsapp 668 88 91 92 zenbakiaren bidez. Deitu edo idazten baduzue, ez ahaztu zuen izena esatea, e?

Atrezzoan ikusten ditugu hiztegi pila bat. Papera. Hori da zure euskarri gustukoena?

Gustukoena ez, baina pantailan ondoen ematen duena, beharbada, bai! Badakizu nolakoak diren gauza hauek. Telebistarako gauza ikusgarri egin behar dira, eta niri laguntzen didaten gauzak zuek ezin dituzue ikusi: Anbotoko Mariren indarra, On Joxemielen antiparrak, Laminen urrezko orrazia… horiek ere hor daude, mahai gainean, baina kamerek ez dituzte jasotzen. Pena! Ederrak dira eta!!!

Zu pantaila aurrean txukun-txukun agertzen zara, baina egongo da norbait atzean ere…

Bai. bai, lehen ere esan dizut! Hor egoten da Oihane Agirre, grabazioa eta zuzendari lanak ere egiten, eta Monika Montero bideo guztiak ikusten dituzuen bezain txukun jartzen… Bo, eta gero Leire, Iban eta Joxe ere aipatu behar ditut. noski! Leire nire ordez aritzen da eszena arriskutsuak daudenean, eta oso ondo egiten du: bideoetan ez da igartzen noiz naizen ni eta noiz bera! Eta gero, Ibanek eta Joxek ere saioekin laguntzen dute: galderak jaso, txukun jarri, ideiak eman eta idatzi! A! Eta Pernan! Pernanek oso marrazki ederrak egin dizkit eta horiek erabiltzen ditugu sarritan blogean, Twitterren eta abarretan!

Enteratu gara Goienako platoa berritu dutela. Gustura aldaketarekin?

Bai, bai! Orain leku zabalagoa dut eta erosoago aritu naiteke kamera aurrean, eta aulkia aldatuko balidate, orduan perfekzioa litzateke! Baina egia esan, ikusleok nekez nabarituko duzue aldea. Ez dakizue ze eskertuta nagoen Goienako jendearekin. Haiek etxea utzi ezean, ezinezkoa litzateke hau egitea!

Komunikabideak: aldatuz hobetu, mugimenduan bizi

Artikulu honen berri izan dut astean, eta handik ekarria da esaldi hau:

“A belief that quality journalism requires excellence of expression grounded in extensive analysis might lead journalists to miss the possible contribution of social media in the field of news.”

Küng, in Storsul & Krumsvik (2013): Media innovations. A Multidisciplinary Study of Change.

Goiena gogoan, hainbat gauzak atentzioa eman eta ekarri ditut moldatuta blogera.

Eduki sorkuntza eta teknologia

Bi mundu ziren edukiak eta teknologia eta gaur egun bien artean zegoen aldea txikitu egin da”dio Lucy Küng-ek artikuluan. Beti jokatu dela bi esparru ezberdindu bailiran, baina orain aldea lausoa dela. Lehen teknikariak edo informatikariak zirenak gaur eduki sorkuntzaren erdigunean kokatzen direla dio. Kazetariak desplazatu ere egingo direla esaten duenik bada gure inguruan, baita robotek egindako kazetaritza gailenduko dela dioenik ere. Kontuan izatekoak denak.

Zelanbait, gertatzen da horrelakorik gure inguruko hedabideetan ere, bereziki sareari lotutako edukietan, baina ez bakarrik digitalean. Berrikuntza eta teknologia eskutik doaz eta esan daiteke berrikuntza dela teknologiaren motorra. Guri, berritzea dagokigu, aurrerapenari erantzuteko eta hori edukien sorkuntzarekin lotu beharra ikusten dut.

Ezingo diegu begirik kendu gure bezeroek dituzten beharrei, ezagutzei, irakurketa esperientziei, produktuen nolakotasunari… eduki sorkuntza horretan. Aldaketak etorri dira eta datoz. Kazetaritzaren kalitatea parametro berri hauetan neurtzea ezinbestekoa dirudi.

Geldi ez geratzetik kalitatea

Aldaketa konstanteak kalitatea dakar, eta merkatuari egokitzea zein bezeroari eta bezero posibleei begira jokatzea garrantzitsuagoa izan daiteke titular bat zuriune barik idaztea baino (garrantzia ukatu barik). Berrikuntzarekin, eduki sorkuntza lanbide dutenek ere ezberdin jokatu beharko dute eta horrek eskatuko du enpresa antolaketa berri bat, ezinbestez. Uste genuen multimedia izan zitekeela egin genezakeen azken “iraultza”, baina hori ere atzean ez ote dagoen geratzen… Hau da, multimediatasuna finkatu eta jokaera berriak lantzen hasi beharko garela dago agerian geratzen. Salto berriak egiteko momentua gerturatzen dago eta zerikusia du hedabide soziala egitearekin eta izatearekin. Kantuan esaten genuen: “komunika komunikatzea komunika komunitatea”.

Esan beharrik ere ez dago, baina ezingo dugu kalitaterik-eta neurtu Internet-hizkuntza ezagutu barik, gutxiago gure bezeroek iturri ezberdinetatik edaten dutenean ura (editorial beretik eta produktu ezberdinetan askok); ezingo dugu neurtu erabiltzailearen esperientziatik ez bada; ezingo dugu neurtu eragin soziala ez badago aldagai moduan… Iristeak garrantzia izaten jarraituko du, handiena, eta horri gehitu beharko dizkiogu: komunitate izaera, gainontzekoekin saretzeko gaitasuna, gertutasuna, sektore ezberdinen atxikimendua, enpresa eredua, ekarpen soziala, hizkuntza normalizazioan eragina, bezeroaren asebetetzea… Begi bistan dago hedabidegintzaren bueltan gabiltzan agente guztiok osatutako behategi baten beharra. Bai hedabideak Hekimenen bidez, unibertsitateak, administrazioak…

Gure medioetan idazten ditugun artikuluen sakontasunaz harantzago (aitor dezadan kazetaritza horren zale naizela), lan egin beharko dugu molde berriak ezagutu eta horietara egokitzeko. Gure bezero gazteagoek zer kontsumitzen duten eta zer ez kontuan izan beharko dugu eta, ondorioz, gure lana egokitu. Alperrik ibiliko gara hamaika orriko lanak edo ordu biko erreportajeak editatzen gure bezeroak beste gauza batzuk ari badira eskatzen, ikusten eta irakurtzen. Ez dela beharko edukiak sakon lantzea? noski beharko dela, baina horrek  ez daukala kalitatearen sinonimo zertan izan ere hasi beharko gara pentsatzen. Edo kalitate txarragokoa da hiru minutuko itsasoaren haserrea adierazten duen bideo afizionatuaren lana itsas erreportari zaildu batek egindako ordubeteko erreportajea baino? Gutxienez, zalantza sor dakigun.

Beste egiteko bat da gure produktibitatea fintzen joatea. Enpresa handiegiak sortzea ez dirudi egin beharrekoa urteotan. Hasi ere nekez hasiko da inor horrelako abenturetan gaur. Hala ere, ezin dugu geldi geratu, uzkurtu, txikitu… berrikuntzaren kontrakoa izan daiteke sarri produktibitatean estutzea. Lortu behar dugu produktibo izaten jarraitu eta handitu barik berritzea. Tokiko komunikabideok, esaterako, kokatuta gaude erronka berriei aurre egiteko, motxila handiegirik barik, geure buruarengan konfiantza handiagoarekin orain urte gutxi baino eta egunerokotik burua altxatzeko beharraz kontziente. Fin egin behar dugu lan, baina begirada altxata. Eta txarra ez ohikoak ditugun formatuetatik haratagokoak integratzea gure jardunera.

Hedabideon jabetza,  edukiak eta finantziazioa

Enpresaren jabetza

Gure enpresaren gehiengoa euskaltzaleen elkarteek dute. Horrek bere horretan ez du enpresa soziala denik adierazten, hala ere. Goienaren jabetzaren parte dira herrietako udalak eta baita bertan lanean dihardugun bazkideok ere. Ekosistema autoeratu interesgarria sortzen da hor eta kudeaketa gardenagorako bide ere bada. Gure egintza soziala izateko pizgarri da egitura hau, zalantza barik. Kooperatibafoboak ere badira inguruotan eta ez dago zertan kooperatiba izan enpresaren egiteko soziala presente izateko…  ni kooperatibazale naiz, hala ere.

Edukien jabetza

Era berean, eta edukien sorkuntza izanik Goienaren egitekoa, ez ditugu giltzarrapoz isten edukiok. Sareko lizentzia gustukoa eta erabilia da  CC-By-Sa, eta desiratzen gaude hogeitaka urtetan batutako ikus-entzunezko artxiboa norbaitek digitalizatu eta txukundu ostean herritarren esku uzteko. Hau ere bada hedabideon egitekoetan aldaketa bat, are gehiago gure finantziazioaren zati on bat publikoa denean.

Finantziazioa

Gure autofinantziazioak goraka egin du urtetan, baina berriz ere beheranzko joerarekin gabiltza. Ez dirudi berealakoan aldatuko denik grafika eta hedabideon finantziazioak beharko du inoiz baino mimo gehiago erakundeetatik. Hedabideon nahiak eta eginahalak beste bide batetik doaz, baina bi krisirekin bizi beharko dugu hurrego urtetan (ekomikoa eta hedabideona). Marra gorria marraztua dago behetik eta goiko marra goratzea eskatu beharko dugu erakundeetan.

 

Mugimendua bizi

Bitartean, mugimenduan jarraitu beharko dugu, baina ez bakarrik dantza eginda, soltean. Komunitateko parte izaten asmatu dugu batzuetan, baina sarriago behar dugu asfaltoa zapaldu. Baltseora bultzatu behar dugu gure burua nahiz eta barra ondoko gizon-emakumeak gauden hedabide askotan. Aldatuz hobetuko gara eta mugimenduan bizi.

`Potologuak´ lanaren estreinaldira gonbita

Bodologuak Espaloian ikusi nituenean idatzi nuen mezu bat blog honetan:

Baiña zergatik harrapatu naute hiru hauek? Ba gertuko sentitzen ditudalako, gertuko sentiarazten dutelako ikus-entzulea, monologoak oso bisibleak direlako eta esaten dutena ikusi egiten dugulako, edonork bizi dituen gertaera eta erretratuak deskribatzen asmatzen dutelako, bizi jarduten dutelako baina antxitxika egin barik, gidoian asmatu dutelako, gorputz eta arima defendatzen dutelako sinisten dutena eta hori transmititu egiten dutelako…

Aurtean monologo sorta ikusi baino lehenago ekarri dut gogora iazkoa. Norbaitek zalantzarik balu ikustera animatzeko. Bodologuen erdi-ona bada ere ona izango delako Potologuak. Gogoz nago barikukoa ikusteko. Estreinaldia izango dute eta dugu Elgetan: Potologuak. Informazioa eta sarrerak salgai daude hemen: Espaloia.com

Ia bertan elkar ikusten dugun eta barre egin. Zer sanoagorik?