PUNTUA: 19 urteko neskaren elkarrizketa, penaz, kaxoira

Atera dugu PUNTUA eta pozik gaude, ezin uka: harrera oso ona izan du, genituen espektatibak gainditzeraino. (lehen alea bistan, pdf-an)

Esango nuke arrakastaren gakoetako bat dela bezeroek zer irakurtzea gura duten ondo aztertu izana. Denbora asko eskaini diogu bai galdeketa telefonikoari bai gertuko irakurleek ziotenari, enpresa barruko lankideei eta gertukoei ere galdetu zaie eta bereziki informazioa jaso dugu egin ditugun focus group edo iritzi taldeetatik. Gakoa edukian asmatzea izan dela uste dut. 48 orritatik dezente dira bezeroak irakurriko dituenak, seguru gaude.

Edukiaz beraien iritziak eman dizkigute (tonoa, alderdien zaratarik ez egotea, egunerokoari ez lotzea, familiarra izatea, ulergarria…) eta baita formatoaz. Bilduma egiteko baliagarri diren grapez, koloreez, orri kopuru handiaz, neurri eramangarriaz, paperaren kalitateaz, argazkiek duten ikusgarritasunaz, diseinu modernoaz, izenaren egokitasunaz, artikuluen luzeeraz… Denak jaso ditugu eta aztertuko ditugu, noski.

Ni pena batekin geratu naiz. Bagenuen beste elkarrizketa bat oso aurreratua. Neska euskalduna joan behar zen PUNTUAren azalean. Burka jantzita (begiak bakarrik ikusten zaizkion jantzia, zehatzago), begiak margotuta ere etorri zen… Ze pena. Berak gura zuen, amak ere bai, pentsatzen genuen anaiak emango zuela alto, baina aurrera. Eta heldu zen aita: “ez zara aterako, kito!”. Ez ginen erretratua ateratzera ere heldu.

Eta horrela geratu dira haren erantzun pilo bat atera barik. Aitaren agintari makulua ikusten zen elkarrizketan ere, ez zegoen titularrera ekarri beharrik ezer ze elkarrizketak erakutsiko luke 19 urteko neskak ez duela pentsamendua garatzeko bide errazik. Ez zegoen Parisen gertatuaz informatua, ez dute beren hizkuntzan ez den telebista katerik ikusten etxean, ia beti lagunduta ateratzen da etxetik…

Konturatu naiz gure galdetegian galdera iñozoak ere bazirela, esaterako: “euskarak balio izan dizu integratzeko…” eta erantzuna: “nik ez dut beharrik hemen integratzeko, bihar ez dakit non egongo naizen…”. Glups!

Badut pena, izan ere, berak aitortu zigun sekula ez zitzaiola burutik ere pasatuko bera aldizkari batean elkarrizketatuko zutenik eta nerbiosa eta pozik arteko sentsazioa zuela. Beragatik dut pena, elkarrizketak bazuelako mamitsua izateko aukera galderen erantzun loraturik jaso ez arren. Baita elkarrizketatzaileagatik ere, gure komunitateko kide bat baitzen harremana egin zuena eta elkarrizketa sinatuko zuena. Hurrengo batean.

Hurrengo zenbakiko azalean bestelako erreportaje bat aterako dugu. “Islama bakearen erlijioa” dela esango digute eta arkatzei balaz emandako erantzuna onartezina dela esango digute. Ikusiko dugu arkatzak darabiltzatela hemengo bizimodura hobeto egokitzeko hartzen dituzten eskoletan. Bi elkarrizketa ezberdin, bistan da.

Puntua2

Xaloa telebista aurrera

Heldu zait Xaloa Telebistako lagunek bidalitako mezu bat. Laburpena ekartzen dut:

53.760€ jaso ditugu guztira, proiektua martxan jartzeko behar genituenak baino 3.760 gehiago. Martxan jartzen ari gara Iruñerriko euskarazko telebista!!!

Egunotan Ezkaba mendiko emisio ekipamendua doitzen amaituko dugu, ahal dela otsailean bertan hasteko ohiko emisioak pixkanaka-pixkanaka egiten. Gero, otsaila bukaera aldera, Elo mendiko errepikagailua ere instalatuko dugu, seinalea hobeto igortzeko. Gogoratu Xaloa TBren Iruñerriko emisioa LTDko 38. kanalean ikus daitekeela jadanik (une honetan probatan baino ez bada ere).

Berriz ere: mila esker eta zorionak guztioi!!!

Xaloa TBko lantaldea

Ene uste makalean: Xabier Montoia

XabierMontoiaGaztelupen“Ene uste makalean” dute izentzat Gaztelupe tabernak egiten dituen martitzenetako solasaldiek. Azkena izan da Xabier Montoiarena. mahai-inguruaren hurrengo egunean Gaztelupetik bidalitako eposta bat jaso dugu eta handik hartuta jartzen dut hemen. Egon nintzen solasaldian eta gustura egon ere. Oso interesgarria. Etortzerik ez zutenekin gogoratu nintzen behin berriz, eta baita etxeko sofan geratu zirenekin ere. Hori bai, egon ginenok oso gustura egon ginen. Hauxe epostaz jasotakoa, atzokoaren laburpen bat:

Azken atxiloketen elkarretaratze eta manifaren ostean hasi zen solasaldia martitzenean. Dozena bat lagun batu ginen Gaztelupeko goiko solairuan, tantaka-tantaka heldu zirenak gehienak; Eibartik, Berriztik eta Elgetatik etorritakoak batzuk, baita Plazentziakoak ere.

Montoia berba egiteko eta besteok entzuteko eta parte hartzeko gogoarekin elkartu ginen. Gaztetako lehen akordeetatik hasi zuen tertulia, Montoiak inoiz ez baitu hitzaldirik eman bere bizitzan. Musika taldea osatzerakoan euskara ikasteko premia eta hautua zelan egin zuen azaldu zigun, euskara tresna bat gehiago izan zuen Montoiak, gitarra bat letxe, taldea osatzeko. Euskara lotuta zegoen punk jarrerarekin gabi du. Oso argi zuen musikazaleak zer egin gura zuen eta zein izen izango zuen taldeak. Jakin genuen Hertzainak izena gaur ezagutzen dugun Ertzaintza sortu aurrekoa dela edo zein izan zen talde horren ibilbidea Montoiak berak M-ak taldea sortu bitartean. Gaurtik begiratuta poztu egiten da Gasteizetik Donostiara joan eta hango lagunekin M-ak izango zenaren lehen grabazioak estudiante pisuan egin izanagatik. Interesgarriagoa euskal filologiako hiru urteak baino bere esanetan. Anfetamina aipatu genuen gero, eta hango poema solteak argitaratzeko bultzada Josu Landak eman ziola gogorarazi zuen. Izan ere, idatzi, beti idatzi du Montoiak, argitaratzean pentsatu gabe.  Josu Landa, Mikel Antza, Kaki Arkarazo… Susa aldizkariaren garaiak, gaur eguneko Montoiaren ibilbide musikal eta literarioa, bere “tenpoak”, beste idazle batzuen jarduna, bera ez dela idazleen jarraitzaile baizik eta liburu solte batzuk dituela gogoko… gogoratu zuen penaz zenbat liburu on geratu diren ezagun egin ez direnak.

Idazteko metodoak, idatzien formak duen garrantzia, errealismoa, nobeletan sinesgarria izateak duen garrantzia, gustuak eta eraginak, Euskadi Sariak, manifestuak, zein lan dituen eskuartean…  eta horrelako gaiak aletzen joan zen giro goxoan. Galdetu ahala erantzunez, luze eta zehatz.

Mokau eta tragoxka tarteko hizketako aukerak sortu ziren batutakoen artean, tartean bere liburuen irakurleak batu ginela konturatu ginen liburuen gaineko aipamen zehatzak egin zirelako. Ohartzerako 22:00ak pasata. Denok zintzo demonio eta gustura. Montoia Errepideko norabidea aldatu aurretik zegoen etorria azkenengoz Soraluzera, baina merezi izan zuen itxoiteak. Milesker zintzotasunez eta eskuzabaltsunez etortzearren. Gitarra ere jarri genion eskura, baina hori hurrengorako. Badakigu zita jarri zuela Martinekin. Gustura elkartuko gara berriz.

Gaztelupeko Billi gunean, 2015eko urtarrilaren 13an, martitzena

 

Anje Duhalde ondo Espaloian

Gertatu eta zast! klubeko bazkideen epostan zegoen gertatutakoa. Goienako klubeko bazkideek beren e-postan jaso zuten 22:00etan arratsaldeko 20:00etan gertatutakoa. Kantu baten bideoa norbere ordenagailuan. Noski, ez dauka parerik bertatik bertara entzun edo etxean kanta bakarra jasotzeak, baina besterik ez bada hurrengoan areto batera gerturatzeko balio balu… Etxeko sofan egongo zen jende asko goxo, goxo-goxo. Kontua da hori egiteko egun asko daudela eta ez horrenbeste euskal kulturaz gozatzeko. Eta zelako ederra den lagunekin iluntze-pasa egitea musika entzunez…

Kontzertu polita egin zuen atzo Anje Duhaldek Elgetan. Ni gustura egon nintzen. Kantu ezagun asko, gehienak berarekin batera kantuan egin genituenak. Urte asko dela konposatutako kanta puska batzuk eta berriagoak tartekatuta. Errobi garaikoak batzuk, lana aldarrikatzen zutenak eta gaur gaurkoz ere modaz pasatu gabeak, esaterako. Formatu txukuna eta hamaika herritara eramateko modukoa iruditu zitzaidan. Bi gitarra eta bi ahots. Seguruenik, eta bandarekin gorputz handiagoa hartzen badu ere, kantuak defendatzeko nahikoa da bikotea. Eta gertatu liteke dezibelio gutxiagotan gertukoago sentiaraztea ikus-entzuleak.

Jende asko gerturatu zen, baina badakit antolatzaileek parra ere ez zutela egin. Nik miresten dut parra egin ez arren horrelakoak antolatzen dituztenak. Urte askotarako.

Kantuaren bideoa goiena.eus -etik, cc-by-sa lizentziari esker:

Ez da erraza ulertzen horrelakoetara jende gehiago joan ez izana. Baina hau maratoia denez… bitaminak antolatzaileei.

 

Irakurle-entzule-ikusleak zintzo demonio! Gehiago gara

Goienako hedabideek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. Gora egin dute Goiena telebistako ikus-entzuleek eta Goiena.eus-eko erabiltzaileek, eta Goiena paperak eutsi egin dio irakurle kopuruari, eskualdeko erabateko nagusitasuna sendotuz, papereko euskarriek, oro har, behera egin dutenean.

Goiena telebistak ikus-entzuleak irabazi ditu 2014an. CIES erakundeak egindako neurketaren arabera, 10.000 ikus-entzule ditu gaur egun, astean barrena, Gipuzkoan. Goiena paperak, bestalde, sendotu egin du nagusitasuna gure eskualdean. Askogatik da papereko irakurriena: 29.000 irakurle ditu astero. Bigarrenak, El Diario Vasco-k, baino 12.000 irakurle gehiago. Goiena.eus-ek ere gora egin du 2014an. Aurreko urtean baino %14 erabiltzaile gehiago ditu eta Debagoieneko erreferentzia nagusia da albistari digitalen artean.

Goiena telebista, gora egin duen bakarra

Goiena telebistak astean barrena ditu ikus-entzule gehien: 10.000 ditu Gipuzkoan eta 7.000 Debagoienean. Asteburuan jaitsi egiten da audientzia. Aste osoa kontuan izanda 8.000 ikus-entzule ditu Gipuzkoan. Gure eskualdean gora egin duen telebista kate bakarra da Goiena. Gainerako guztiek behera egin dute. Iazko datuekiko, 1.000 ikus-entzule irabazi ditu Gipuzkoan eta 3.000 Debagoienean. Laugarren kate ikusiena da Goiena gurean, ETB 2, Tele 5 eta ETB1en ostean eta La Sextarekin berdinduta.

Goiena papera: liderra eta distantzia handitu

Goiena paperari dagokionez, liderra da, askogatik Debagoienean. 29.000 irakurle ditu, El Diario Vasco-k baino 12.000 gehiago. Gipuzkoan 36.000 ditu. Papereko guztiek egin dute behera lurraldean, ohiko joera da hori azkeneko urteotan, baina Goiena paperak gora egin du. Bakarra da. Eta, ondorioz, gure eskualdean besteekiko zeukan aldea handitu egin du Goiena paperak.

Goiena.eus: %14 gora

Goiena.eus-ek ere gora egin du. Google Analytics-en arabera, 2013an baino %14 erabiltzaile gehiago izan ditu 2014an. Goiena.eus-en azken urteotako joera da hori, urtetik urtera hazten eta hazten doa-eta. Gaur egun, batez beste, egunero, 5.400 bisita ditu astelehenetik barikura. Eta zapatu eta domeketan, 3.000 bisita ditu egunero. Halere, 2014an egon dira egunak 17.000 edota 15.000 bisita izan dituenak Goiena.eus-ek.

Goiena Taldeak eskerrak eman nahi dizkie haren jarraitzaile eta kolaboratzaileei 2014an erakutsitako fideltasunarengatik eta Goiena telebista, paperekoa eta interneteko ataria aukeratu dituztelako eskualdean gertatutakoaren berri jasotzeko.

Urtarrilean aterako dugu produktu berria

Astelehenekori lekua hartuko dio “puntua” aldizkariak.

Astelehenetako argitalpenak egin duen bidearekin gustura, erronka berriari Goienak “ilusioz” heldu diogu.Erantzun hauek eman nituen aurrekoan kazetariak galdeu ahala. Laburpena, niretzako hauxe da: “haginlariaren itxarongelan balego irakurriko genukeen aldizkaria da Puntua

Zergatik Puntua-rako aldaketa?

Hainbat arrazoi, baina garrantzitsuena da Goiena klubeko bazkideok esan diguzuela bestelako produktu bat irakurriko zenutela. Iritziak jasotzen luze jardun dugu eta produktuaren zirriborroa erakusterakoan bazkideok esan diguzue: “hau bai, horrelako zerbait da gura dudana”. Hori entzuteak poztu gaitu eta euskara elkarteetatik eta udaletatik ere babestu dute aldaketa. Goiena elkarrekin egiten jarraitzen dugu, klubekook erdigunean izanik.

Eta krisia ez da beste arrazoi bat?

Ez da arrazoi nagusia, baina badago hortik ere. Goiena klubeko bazkideek oso arduratsu jokatzen dute Goiena proiektu osoarekin eta tartean horiei esker jasotzen dute doan milaka lagunek telebista, sarea, barikuko Goiena… Laguntzen digute gure herrietako historia idazten jarraitzen. Badakite, eta sekula ez diegu nahikoa eskertuko. Urtero bazkidetzari eutsiz egiten duten trakzio indarra bueltatu gura diegu zerbitzu hobea emanez. Orain kapaz gara produktu landuagoa egiteko antolaketa modua aldatuta eta efizienteago izanda.

Astelehenekoaren 11 urteon ze balantze egiten duzu?

Oso ona. Bete ditu sorrerako helburuak. Dena den, konturatu gara irakurketa eguna asteburuan dagoela eta Puntuarekin lortu gura dugu birziklatze ontzira bota aurretik egun batzuk iraungo duen produktua egitea. Eta zergatik ez, Puntua kolekzionatzea.

Orain arte jorratu gabeko moldean jardungo du Goienak Puntua-n.

Zabalago, egunerokoari lotu barik, sakonago… Baina ez dugu astrofisikaz idatziko. Klubeko kideok topatuko duzue gustuko duzuen hori koloretako 48 orrietan. Gertukoa izango da, kafean komentagai diren gaiez osatua, familiarendako irakur tresna. Helburua izan da haginlariaren itxarongelan aste osoa iraungo duen aldizkaria egitea, bazkideok esango diguzue ia lortzen dugun.

Bideo bat ere egin dute lankideek:

`Herri txiki infernu handi´ Espaloian

Elgetako hamar bat lagunekin egon dira. ETB1-erako saio bat egitea da asmoa. Eta aurre lan handi horren fruitua erakutsiko digute herritarroi. Hainbat bideotan agertuko dira herrirako oso ezagun den jendea. Atzetik lanean hainbat lagun ibili direla badakit eta onena desio diot saio berriari. Jakin badakit erantzun polit askoak jaso dituztela mikroa jartzeaz bat eta horiek ikusteko gogoz nago. Eguenean izango da saioa Espaloian, iluntzeko 20:00etan. Joango naiz, zelan ez.

Hirutik bi egonak dira asko ez dela Espaloian. Etxeko ditugu bai Pagadi eta baita Lizaso ere. Gurrutxagak egingo du estreinekoa Espaloian, baina beste bikotearekin batera saio polita josiko dutelakoan nago. Ia barrerako tarte bat hartzen dugun. Horrenbeste merezi dugu elgetarrok! 🙂

Joango naiz ikustera ia GERTUTASUNA zenbateraino den gakoa programa berri horretan. Seguru nago zeresan handia duela. Intuizioa baino ez da ze ez dakit saioak zer emango duen, baina intuizio horrek diosta tele5 katearekin zerikusi gutxi duen saioa aterako dela eta bakarrik horregatik puxtarri batzuk baditu.

Zorterik onena, kamera aurretan eta atzean zaudeten lagunoi.

HerriTxikiInfernuHandi

Tokikoak: txiki eta pobre; eta kuadrila

Txiki

Eta txiki izateak baditu kalteak ere, baina onurak asko. Lantalde profesionala eta malgua dugu eta eskerrak! Denborei egokitu gara. Esaterako, gehienetan, kazetari bakarrak elikatzen du weba, telebista, papera eta behar denean irratia ere albiste bakoitzarekin. Ez genuke modurik izango lau hedabide ditugula-eta lau lan-talderekin. Oraindik badugu zer findu, egia da, baina txikiok ez gara moldakaitz. Zetorrena sumatu eta taldea ere egokitu dugu. Txikiagoak gara, baina moldatzen gara.

Pobre

Eta pobre. Honek desabantailak bakarrik ditu. Edo aldekorik izatekotan pobre bizitzen ohituak gaudela eta imaginazioa bikoiztea berezko jokaera dugula.

Pobreak gara eta, estatutoz, irabazi asmorik gabeko kooperatiba ere bai. Herritik sortu eta herriarendako lanean dihardugu eta ulertzen dugu komunitate horrekin batera egin behar dugula lan. Ez hori bakarrik, erabakiguneak ere konpartitu behar ditugu herritarrekin, euskara elkarteekin, udalekin. Horrek ematen digu behar dugun pluraltasuna, horrek ematen digu Debagoienaren pultsua hartzeko behar dugun tresneria. Noski, horrelakoegatik eta edukia lantzerakoan egiten dugun oreka-lan etenbarikoagatik sentitzen dute bere Goiena herritarrek.

 Txiki, pobre eta kuadrilla

Txiki eta pobre kuadrila ere bagara. Eta zein pozik! Tokikomen batzen garenok gure artean trukatzen ditugu gure miseria eta gure pozak. Banaka-banaka pobre garena ez da aberats bihurtzen elkartze hutsagatik, baina badugu alor horretan zer landu ere. Txikiak elkartzeak, ordea, handiago izatea dakar eta beste modu bateko zenbakietara heltzea. Tokikomen 30 hedabide gaude eta egunero-egunero periodiko formatuko 37 tabloide orrialde egiten ditugu. Bai bai, egunero, astelehenetik domekara:

  • 156 lankide gara.
  • 641 laguntzaile
  • 350 blogari
  • 97.000 aletik gora (zenbaki bakoitzeko)
  • 194.000 irakurletik gora.
  • 300.000 bisitaritik gora webguneetan hilero-hilero.
  • Ia 6 milioiko aurrekontua dugu.
    • Oh.: batuko bagenitu Hitzak eta beste zenbait aldizkari kopuruak igoko luke.

Datuok Eneko Bidegainek egindako “Euskal hedabideen etxea” ikerketatik ateratakoak dira eta baita hurrengo esaldiak ere:

Toki komunikabideen indargunea da euskararen ikuspegitik betetzen duten funtzioa eta hartzaileen aldetik duten onespena. Baliabide eskasiak ez du ahalbidetzen neurketa sistematikoa, baina egin diren apurrak oso argiak dira.

Orain urte batzuk tokiko bi aldizkariri egin zitzaien neurketa eta bi datu:

  • Galdetutako etxeen %84an toki komunikabidea zen etxe horretan sartzen zen argitalpen bakarra.

  • Ildo editorial plurala. Galdetuta ea toki hedabideen ildo editoriala plurala ala lerrotua den, erantzuten %86k zioen baiez, plurala zela.

 

Goienan 2012an egin genuen galdeketa hau eta datuak antzerakoak dira:

  • Ia herritar guztiek (96,8) eskualdearentzat beharrezkoa edo oso beharrezkoa kontsideratzen dute Goiena, baita euskara ulertzen ez dutenek ere.

  • Herritarren gehiengo zabalak (71,9) proiektu plural bezala ikusten du, indar politiko edo ekonomikoekiko independiente.

  • Euskara indartzeagatik baino tokiko informazioa eskaintzeagatik da beharrezkoa Goiena herritarrentzat, alde txikiz, baina informazio lokala euskara indartzeari nagusitzen zaio.

  • Euskaraz ezer hitz egiten edo ulertzen ez dutenen artean edota kide guztiak erdaldunak diren etxeetan irakulegoa altua da, %40 ingurukoa.

Jarraitzen du txostenak eta esaten du:

Argi dago toki komunkabideek euskaren normalizazioan betetzen duten funtzioa eta bertako informazioa lantzeak ematen dien herritarren atxikimendua.

 

Gertukoan urrea eta bezeroen babesa

Eta zer behar dugu ba guk? Irakurri gaitzaten, entzun gaitzaten, ikusi gaitzaten eta gero eta gehiago gurekin batera hedabidea egin dezaten. Ez dute jasotzea bakarrik gura, parte hartzea gura du herritarrak eta gu gero eta leku handiagoa eskaintzeko ahaleginean ari gara. Erabiltzailea dugu buruan egiten dugun pauso guztietan eta hori kontuan izanda dihardugu lanean Goienan urtarrilean bertan proiektu berri bat kaleratzeko. Jasotzen dihardugu berriz harpidedunek, ez-harpidedunek eta harpidedun izandakoen iritziak. Eta horiei entzun ostean kapaz izango gara produktua hobetzeko.

Ez da izango produktu bakarra, gainera. Urtarrilean bertan, Berria eta Geu Gasteizekin batera ALEA izango da kalean, Arabako aldizkari berria.

Bagabiltza eta jarraituko dugu sinisten duguna egiten, gertuko informazioan urrea dagoela jakitun garelako eta sentitzen dugulako bezeroen babesa.