Xabier Lete hil da

Xabier Lete orain urtebete egon zen gure herriko kafe antzokian Josean Goikoetxea lagun zuela. Jendez beteta zegoen eta poemak irakurtzera etorri zen, errezitaldi musikatua egitera iazko azaroaren 29an. Orduan ere pattal zebilela zioen berak afaritan eta urtebetean…
Oso gogorapen ona dut egunaz. Poesia entzuten belaunaldi askotako jendea eta taula gainean orduko poeta, hasiera haietako poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa. Guretako luxua izan zen gure etxean tamaina horretako lagun bat izatea eta berarekin afaloste goxo bat konpartitzea. 

Emanaldia bera sakona eta hunkigarria izan zen eta jende askoren malkoak ikusi genituen errezitaldi ostean. Ikaragarrizko indarra erakutsi du Letek errezitaldia
interpretatzen eta jendearen galderak-eta erantzuten, Liburuak sinatzen, elkarrizketan, antolatzaileokin eta lagunekin afaltzen jardun zuen. Horrekin geratuko naiz eta duela bi urte argitara eman zuen  “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuarekin.

Ordukoa da argazkia (goiena.net):
XabierLete

Eta Espaloiko argazki eder gehiago atera zituen Atauri blogean Jose Felix Diaz de Tuestak.

Xabier Leteri kantuan egin diote domeka eguerdian kantu-jiran. Beste omenalditxo bat.

                        XX

Azken oihurik gabe aldenduko naiz
argia gandutu zen menturazko lurraldean barrena,
ez diot nehork itzalari abegirik eskainiko
baina itzalaren erresuman itzaliko gara,
zer pena bizitza galtzea diozu ilunabarrean
maite dituzunak gogoeta xehe iheskaria direnean
eta ibaiarekin batera aldenduko zarela jakitean
nehork mintzirudikatu ez zuen
haraindiko ibar urrunera,
hala ere, ederra zen bizitza eta bizi izatea
azkenik galeraren zerrenda ankerretan
idatzia utzi bagenuen ere
gurutza ditzagun elkarrekin, maite
azken belazea, azken loredia.

                               III

Eskatu, dena eskatu genion bizitzari

argia, gozamena, jakituria,

paradisuetako hondartzetatik

erbesteratuak zian ginen arte…

baina trenek gauerdietan

xixtuz iragarritako bidaia

helmuga harrigarrietara egitean

ni ere bidaiari izanen naiz

bizidun ororen edalontzia hondarreraino ustuz…

baina birlotua orain uneari, orduei

urruneko hiri ederren itxaropenik gabe

larrosen urrinaz oroitzen naiz

eta gorputz jainkotuen erakartasunaz…

Hor jardin isila baratzondoaren ezkutuan

etxearen ibilgune beti berrasmatuak

oihan hezearen abaroa mendi hegaletan

eta palmondoen itzalean

dohain eta amaitzen ekialdeko itsasegiak…

haruntz noakizue betirako, ametsen galbidetik

adiskide maitatu gaur ia ahaztuok.

Oh.: “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuko Vulnerant ommes kapituluko hogeigarren eta hirugarren poemak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude