Umberto Ecok esaten du kazetaritzaren krisia hasi zela aspaldi, ez dela berria. 50eko hamarkadan edota 60etan hasi zela, hau da, telebista agertu zenean. Jarraitzen du: “ordura arte, egunkariek kontatzen zizuten aurreko eguneko arratsaldean gertatu zena, horregatik deitzen ziren egunkari asko arratsaldeko egunkari: Corriere della Sera, Le Soir, La Tarde, Evening Standard… Telebita martxan hasi zen garaiaz geroztik, egunkariek esaten dizute zuk dagoeneko badakizuna. Gaur egun gauza bera pasatzen da”.
Bere ustez, egunkariek egin beharko luketena da astekari bihurtu. Eta honekin gogoratu naiz hamar bat urte dela egin genuen inkesta batekin. Inkesta zabalxea izan zen eta aldaketa momentuan geunden gu ere… Egin genezakeen eguneroko bat 16 orrikoa edo astekari sendo bat. Gure bezeroek, gehien-gehienek argi izan zuten astekaria gurago zutela. Gu animatuta geunden ba eskualde mailako egunerokora, baina gaurtik uste dut bezeroei entzutea ona izan zela beste behin ere. Astekaria egin genuen baina egunerokoari oso lotua.
Jarraitzen du Ecok: “Astekari bihurtu astekariek denbora dutelako, erreportajeetarako zazpi egun direlako. Irakurtzen baduzu Time edo Newsweek konturatzen zara eduki konkretu bat kontatzeko hainbat lagunek jardun dutela lanean, beharbada aste bat edo gehiago jardun dutela. Egunkarietan, berriz, gabetik goizera egiten da dena. 1944an egunkariek 4 orri bazituzten gaur egun 64 dituzte, beraz obsesiboki bete behar dira orriok albiste errepikatuekin. Kotilleoan erortzen dira… ezin da hori ekidin. Kazetaritzaren krisia 50 urte dela hasita zegoen eta arazo larri eta garrantzitsua da”.
Guk ez ditugu gura beste egun izaten astekaria egiteko, baina aldizkari berriarekin, PUNTUArekin, uste dut horrantz egin dugula gehiago, egunerokoarekin lotuta ez dauden artikulu luzexeagoei lekua eginda. Bezeroek iritzi asko jaso ditugu eta pozik daude. Harpidedun gehiago ere bagara orain. Egia esan, aldaketa egin orduko jaso genituen iritziak eta berriz ere beraiei entzutea modukorik ez dagoela konturatu gara. Eskerrak beti gertu dauden gurekin garden-garden berba egiteko. Goiena horiek denok osatzen dugu.