Goienako hedabideek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. Gora egin dute Goiena telebistako ikus-entzuleek eta Goiena.eus-eko erabiltzaileek, eta Goiena paperak eutsi egin dio irakurle kopuruari, eskualdeko erabateko nagusitasuna sendotuz, papereko euskarriek, oro har, behera egin dutenean.
Goiena telebistak ikus-entzuleak irabazi ditu 2014an. CIES erakundeak egindako neurketaren arabera, 10.000 ikus-entzule ditu gaur egun, astean barrena, Gipuzkoan. Goiena paperak, bestalde, sendotu egin du nagusitasuna gure eskualdean. Askogatik da papereko irakurriena: 29.000 irakurle ditu astero. Bigarrenak, El Diario Vasco-k, baino 12.000 irakurle gehiago. Goiena.eus-ek ere gora egin du 2014an. Aurreko urtean baino %14 erabiltzaile gehiago ditu eta Debagoieneko erreferentzia nagusia da albistari digitalen artean.
Goiena telebista, gora egin duen bakarra
Goiena telebistak astean barrena ditu ikus-entzule gehien: 10.000 ditu Gipuzkoan eta 7.000 Debagoienean. Asteburuan jaitsi egiten da audientzia. Aste osoa kontuan izanda 8.000 ikus-entzule ditu Gipuzkoan. Gure eskualdean gora egin duen telebista kate bakarra da Goiena. Gainerako guztiek behera egin dute. Iazko datuekiko, 1.000 ikus-entzule irabazi ditu Gipuzkoan eta 3.000 Debagoienean. Laugarren kate ikusiena da Goiena gurean, ETB 2, Tele 5 eta ETB1en ostean eta La Sextarekin berdinduta.
Goiena papera: liderra eta distantzia handitu
Goiena paperari dagokionez, liderra da, askogatik Debagoienean. 29.000 irakurle ditu, El Diario Vasco-k baino 12.000 gehiago. Gipuzkoan 36.000 ditu. Papereko guztiek egin dute behera lurraldean, ohiko joera da hori azkeneko urteotan, baina Goiena paperak gora egin du. Bakarra da. Eta, ondorioz, gure eskualdean besteekiko zeukan aldea handitu egin du Goiena paperak.
Goiena.eus: %14 gora
Goiena.eus-ek ere gora egin du. Google Analytics-en arabera, 2013an baino %14 erabiltzaile gehiago izan ditu 2014an. Goiena.eus-en azken urteotako joera da hori, urtetik urtera hazten eta hazten doa-eta. Gaur egun, batez beste, egunero, 5.400 bisita ditu astelehenetik barikura. Eta zapatu eta domeketan, 3.000 bisita ditu egunero. Halere, 2014an egon dira egunak 17.000 edota 15.000 bisita izan dituenak Goiena.eus-ek.
Goiena Taldeak eskerrak eman nahi dizkie haren jarraitzaile eta kolaboratzaileei 2014an erakutsitako fideltasunarengatik eta Goiena telebista, paperekoa eta interneteko ataria aukeratu dituztelako eskualdean gertatutakoaren berri jasotzeko.