Koldo Mitxelena: Bi mezu erantzun gabe

“Bi mezu erantzun gabe”  izenburupean idatzi dugu mezu bat Hekimenetik Koldo Mitxelenaren heriotza jakitzeaz bat. Neure egin eta hona ere ekartzen dut:

Koldo Mitxelena Hekimenen sorreran parte hartze aktibo izan zuen kide bezala gogoratzen dugu. Bileretan esku hartzen, batzarretan agertzen eta solaskidetza gertua eta berehalakoa eskaintzen zigun laguna. Bere aldizkaria —…eta kitto!—, bere kultur elkartea eta bere proiektua oso garbi zeukan eta konpromiso handiz defenditzen zuen euskaltzale gisa gogoratzen dugu. Aldizkariaren urteurreneko ekitaldira gonbidatu gintuen, Eibarko udaletxean, eta han antzeman genion nolako gertutasunarekin eta dedikazioarekin bizi zuen elkartearekin eta aldizkariarekin zerikusirik zuen oro. Irribarre batekin gogoratzen dugu.

Bi mezu utzi zizkigun erantzun gabe. Publizitatearekin eta Hekimeneko proiektu batekin lotutako bi mezu ziren, apirilaren 1eko data dutenak. Arraroa egin zitzaigun erantzunik ez jasotzea, hain zen eta bat-batekoa bere prestasuna, korreo baten aurrean zein dei baten aurrean. Handik gutxira izan genuen bere heriotzaren berri.

…eta kitto! aldizkariak eta proiektuak aurrera egingo du bera gabe, baina berarekin lan egin dutenek ez dute berehalakoan ahaztuko.

Iban Arregi, Alberto Barandiaran eta Iban Arantzabal
Hekimeneko zuzendaritzakideak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude