2000. urtean idatzi genuen Gasteizko Parralen Elgetarako izan zitekeen kultura gune baten txostena. Ordutik deitu genion kafe antzokia. Gerora etorri zen Espaloia izendapena, herritarrei galdeketa bat eginda eta Itoizen kantu ederra gogoan. Argi genuen Espaloian ibili behar zirela pentsakera, kolore, bizipen, hizkuntza… ezberdinetako lagunak. Ibili dira eta dabiltza. Dena ardatz baten bueltan, GET: Goibeko Euskaltzaleon Topagunearen bueltan (GET, get, LORTU moduan itzul genezakeena). Lortu dugu plaza irekia. Eta utziko dugu plaza ireki jantzia. Erabaki dugu elkartean inbertsio guztiak herriarendako uztea. Soinu, aulki, sukalde…
Inbertitutako milaka eta milaka euroak amortizatuta, zor barik eta egindako beste milaka lan orduek ematen dituzten poz eta nekeekin helduko gara ekainera. Etxeko lanak egin izanaren sentsazioa dugu eta lortzea pentsatzen ez genituenak lortuta. Itsuren batzuk beti daude, baina hasieran egon zirenak baino askoz gutxiago dira gaur, banakak. Herritarrek aitortu digute egindakoa eta baita inguruko ikus-entzule zein kultura munduak ere, bereziki sortzaileek. Pozez zoratzen gaude gu.
Ez dago barita magikorik, datozenak ere egin ahal izango dute horrenbeste edota gehiago. Ezberdin seguru, eta hori ere ona izango da duda barik. Sekreturik egotekotan lana da, eta lan egitea edonoren esku dago, hobeto egin daitekeela pentsatzen dutenen esku bereziki.
Guri funtzionatu digu auzolanak, bospasei laguneko ekipoak modu iraunkorrean egin du lan eta xemeikorik kobratzeka sekula. Berdin eskua altxatu eta aulkiak jartzen edo sarreran, edo… ibili diren lagunek. Borondate lana ezingo dugu inoiz behar beste eskertu.
Balorazio sakonagoak ere helduko dira, baina hasi gara erretreta ordenatuan (hori da modan dagoena, ez?) Hori bai, ekain amaierara arte programa betea dugu eta denokin ospatzeko gogoa.
Twitterretik jasotako aipamenak goiko artikuluari:
Albo herrietatik -Elorriotik- ZORIONAK elgetarroi, Elgetako tontorretik gailurrera heldu zarete, beharra sendo eginda. Ondo hartu gaituzue beti. Eskerrik asko!
Zorionak egindako guztiagatik. “Sortuko dira besteak” aurkeztu genuenean oso ongi tratatuak izan ginen eta oso pozik agertu zen publikoarekin.
Animo datozenei!
Zorionak, Iban eta gainontzeko taldekidioi. Ibilbide polita azkenengo 10 urtiotan. Buelta edarra emon dotsazue herrixari zenbait arlotan toki goxo eta eder horretatik.
Zorionak, Iban eta gainontzeko danoi! Eredugarrixe, benetan, ein dezuen eta eitten ai zeaten lana!
Zorionak bai, baina batez ere mila esker hainbeste tarte eder eskaintzeagatik eta eredu bat finkatzeagatik. Eta animo etorrik diren berriei!
Gogoan dut Intxorta buruz prestatu zenuten erakusketa. Benetan merezi duzue erretreta. Biba zuek!
10 urte lanean Elgetak kulturgune ederra eduki ahal izateko. Baskistango beste toki batzuetatik be hurbildu izan gara, tarteka. “Balerdi, Balerdi” ikus-entzutera adibidez. Baina neuk behintzat sekula ez dot ahaztuko egun bat, Espaloian zuek adeitsu jaso eta lagunen artean ospatu genduana. Aulkiak bete-beteta. Besarkada handi bat.
Ibilbide luzea eta oparoa. Gogoan dut Xabier Leteren azkenetako emanaldi ederra. Euskal olerkari handienetakoa Espaloian izanak asko esaten du bere alde. Zorionak denoi eta ea hurrengoak ere animatzen diren bidea jarraitzen.