XI.Topaldian egitarau zabala. Julen Arexolaleiba eta biok emango dugun hitzaldiaren laburpen bat hemen:
Hedabideen egitekoez gertuko euskal komunitatea indartzeko
Gertu-gertuko edukiaz gain euskaraz egite hutsa zen albiste orain dela 25 urte. Ordutik hona, zorionez, euskaraz informazioa jasotzera ohitu ere egin gara hainbat euskaldun. Aurrera egin dugu, eta gaur, euskaraz irabazia dugu gertuko informazioaren esparrua han eta hemen. Erreferentzia izateraino hainbat gunetan, ez guztietan.
Baina sorrera haietan euskaraz egitea ontzat jo bazitekeen ere, gaur nahikotzat har genezake? Egite hutsak bakarrik balio ote digu 2014an?
Belaunaldi berrienentzat, esaterako, ez du horrenbeste balio euskaraz egite hutsak. Ezer irabazita ez badugu ere, irabazitzat bizi dute hizkuntzaren gaia, orain dela mende laurden zegoen militantziatik aldenduta. Unibertsitateetako pasilloetan ere ez dute erabilera-hizkuntza euskara. Bizi garen sasoi digitalotan, gainera, saltoka-saltoka irakurtzen da eta hizkuntza askorik inporta barik irakurriko dute anboto.org edo washingtonpost.com. Edukiak du garrantzia, eta ez belaunaldi berriendako bakarrik.
Galdeketen emaitzek ere badiote euskaraz idatzia egoteari baino gertuko izateari garrantzi handiagoa ematen diotela irakurle eta ikus-entzuleek. Gertukoa denez sinesgarri zaiela. Eta esan beharrik ere ez dago gertukoa euskaratik emana izateak duen garrantzia hizkuntza normalizazioari begira.
Hori horrela, euskaratik eta euskararendako eragin gura dugunok jokatu behar dugu kontzienteki, ze eratako lumarekin idazten dugun jakinaren gainean, kazetari profesionalak izateaz gain hizkuntza hautua ez dela aliritzira egindakoa izan jakinda. Barneraturik euskaraz egite hutsarekin nekez sortuko dugula azkurarik identitatean sakontzeko, ez dugula euskal kulturgintzarenganako zaletasuna pizten lagunduko, ez euskal komunitatea bizitzeko…
Konpromisotik idaztera jauzia egiteko garaietan gaude, eta ez euskaldunendako bakarrik, baita euskarara erakarri gura dugun geruza horretako lagunendako ere.