Tokikoagoak beharko dugu izan, sustraituagoak

Alberto Barandiaranek atera du irakurtzekoa gomendagarria den artikulua Argian: “Soziolinguistika, berriro“. Hamaika helduleku interesgarri ditu sarreratik bertatik:

Askorekin nago ados. Artikulua gomendagarria, esan dudan moduan. Ondo ekarriak Joseba Azkarragaren aipuak. Esaterako hau: “Orain arteko handiari txikiak jango dio tokia; azkarrari geldoak; gehiegiari nahikotasunak; zentralizatuari deszentralizatuak; auto indibidualari bizikletak nola garraio kolektiboak; globalari tokikoak; estatuari erregioak; erregioari ehuntze komunitarioak… …Tokikoagoak beharko dugu izan, beraz. Sustraituagoak. Ez hain buruarin, ez hain etorkizunarekiko axolabariko…”

Eta Barandiaranen amaierarekin ere bat: “barrura begiratu beharra dago, nukleo hori zabaltzen jarri behar da indarra. Euskal komunitateak sortuko duenaren araberakoa izango da etorkizuna.”

Baina blog honetara ekar dezadan beste pasarte bat, Barandiaranena. Askorendako txikikeria bat artikuluan dauden pisuzko kontuen ondoan, ardatza ere ez baita hemen nabarmenduko dudana:

…bidea: denontzako moduko janzkera bat izatearen truke, kolore batzuk galdu nahiago. Bitxia izan da garaian garaiko erreakzioa. Aurreneko urteetako oposizio atzerakoia gainditu eta, orain, gazteen artean antzematen da halako arrangura bat, desadostasun moduko bat, batua dela eta. Askok urrunxko ikusten dute oraindik estandarra, gatzipeko, txepel, kolorebariko, eta, okerrena, inposatua. Ibon Sarasolak edo Ramon Saizarbitoriak esaten dutenean nahiago dutela euskalkiak desagertzea, batua galtzea baino, halako asaldura pizten da, minsorra, hainbatek afrenta edo laido sekulakoa bizi balute bezala. Ezinegona ez da ona, eta ez da arrazoizkoa. Beharbada berriro azaldu beharko dira batuaren atzean egon ziren arrazoiak, zertarako egin zen egin zen guztia. Pedagogia egin beharko da, demagogiarik gabe, zorrotz. Euskalkien tokia eta garrantzia zein den berriro garbi utzi beharko da, beharbada.

“Askok urrunxko ikusten dute estandarra”. Nik ez dut joera hori sumatzen nire inguruan.

Saizarbitoria aipatu duenez Barandiaranek, eta esaldi hori esan zuen kontestua gogoan dudanez, jartzen dut hemen (Gutxi gorabehera, irratian esandakoa baita):

“San Mames bArria”:Ba behintzat euskara batuan jarri behar lukete! Ez dira konturatzen zein atzerapauso den. Kirolariak deklarazioak egiterakoan… Eredu formala behar dute. Euskaldun inperfekto sentitzen dira euskaldun berriak horrelako joerekin.  Euskara gehiago zabaltzeagatik euskalkiak desagertzearen alde egingo nuke apustu, euskara salbatzearen alde.

Batak bestea kentzen ote du ba? Euskalkiak indartzearekin euskara batua ere indartzen da, erabilera bultzatzen da. Behar dugu batua, behar dugu indartsu, maite dugu batua eta behar dugu erakargarri. Batua ezin da izan “gatzipeko, txepel, kolorebariko, eta, okerrena, inposatua”. Eta ez dela horrela esatea pellokeria litzateke, baina ez dut sumatzen horrela dela zabaldua dagoenik ere.

Joseba Azkarragak dioenarekin amaitzeko: “Tokikoagoak beharko dugu izan, beraz. Sustraituagoak.” Eta Azkarragak dioenaren kontra, euskara eta euskalkien kasuan: Orain arteko handiari txikiak EZ dio jango tokia.

 

One comment on “Tokikoagoak beharko dugu izan, sustraituagoak

  1. leire narbaiza(e)k dio:

    Betikoa! Sarasolak aitatu mendebaldeko euskaraz egindako edozer, batuaren izenean eta batasunaren aitzakian, baina bera irrati (semi)nazionalean gipuzkeraz! To! Gora ekidistantzia, gora batua, gora gu eta gutarrak!
    Horrelakoetan mespretxatzen gaituzte, hitza eta ekintzak bat ez etorrita, eta gutxiespen tonu horretan, min handia egiten digute. Guretako euskalkia iturria da, sena, batuaz egiten laguntzen diguna, erreferentea.
    Batua maite dut, ikaragarri, berba eta esamolde asko eman baitizkit, hizkuntza lotu eta kohesionatu duelako, eta era berean hegoak eman dizkiolako.
    Baina, era berean, gureari asko gura diot, maitasuna eta goxotasuna ematen dizkidalako, nire barruko ume horrekin konektatzen nauelako, nire alde intimoarekin, nire idiolektoa delako!
    Hain gaitza egiten zaie ulertzea? Zergatik nahi gaituzte baztertuta eta eta ezdeustatuta? Hain kaltegarriak gara euskararendako? Ez dut deus konprenitzen 😉
    Nahikua batua dotorian egin juat, eztok? Ez jaukagu probelamarik, batian zein bestian egitteko! Ez dittuk konturatu? Elebidunak gaittuk, aberatsak gaittuk!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude