Bingen Mendizabal: ‘Agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute’

Bingen Mendizabalen elkarrizketa gustura irakurri dut. Hertzainak-ekin ere zarata handirik ez zuen ateratzen eta orain ere “neurria” aldarrikatzen du Argiako elkarrizketa honetan. Gauza interesgarri asko, baina hau ateratzea pentsatu dut, agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu
artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi
esaten duen parrafoa:

Niretzat Internetek industria diskografikoa hondoratzen eta
zine-aretoak husten lagundu du, baina erabiltzailearen ikuspegitik
primerako aukera da. Bai, erabiltzaileentzat sekulako asmakizuna dena,
azken labankada izan da profesioarentzat. Telefonia konpainiek dirutza
egin dute gure lepotik, eta bideoak zein musika jaisteko atariek
patrikak bero-bero dauzkate. Aitzitik, disko dendak apenas geratzen
diren, saltokietan diskoentzat gordeta zegoen lekua murriztuz doa, eta
neurri batean, ongi iruditzen zait horren aurka egin eta produktu
artistikoa babestea. Musikak, zinemak edo arteak orokorrean,
jendearentzat inongo baliorik ez dutela iruditzen zait, dohainik dena ez
dela baloratzen. Politikariek hori garbi daukate, eta murrizketak ez
dituzte hezkuntzan edo osasungintzan egiten. Ados nago osasun sistemari
eustearekin, baina agian liburu batek botikak baino gehiago sendatzen
du, musika pastillak baino onuragarriagoa izan daiteke. Baina ez,
agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu
artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi.
Ez dakit nola egiten zaion horri aurre. Nola mantendu errebeldia
bizitzak arrastoan sartzen zaituenean? Nola transformatu sistemaren
atzaparretan ez erortzeko? Batetik ez bada bestetik hipnotizatzen
gaituzte, eta gu etxean geratzen gara telebista ikusten eta etengabe
burutik behera egiten diguten kaka irensten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude