¿Configurados en Español?

Gero eta bizkorrago doa Internet eta susmoa daukat denok ez goazela abiada berean. Bizkor, nabigatzaile eta euskal enpresei esker, eta ez webguneen orriak bizkor zabaltzen zaizkigulako (operadoreek engainatzen gaituztela uste duzu zuk ere, ezta?). Euskarazko hainbat erreminta izan dira notizia Argian: VLC Media Player, Euskaltube, Elebila… Pentsa, inbentario bat ere osatu da euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriena! Tresnak baditugula zabaldu behar dugu orain, jendeari komunikatzea tokatzen da eta horretan ez gabiltza ondoegi.

Euskarazko tresnak badaude sarean, baina erabiltzen ditugu? Argian irakur zitekeen otsaileko datuek ziotena (Eustat): EAEko Internet erabiltzaileen %99,7k gaztelania erabiltzen dute nabigatzeko. Euskaraz nabigatzen dutenen kopuruak %1,5eko gorakada izan du eta gaztelaniaz egiten dutenen kopurua %2,4 igo da. Zer egin dugu datuak hobetze aldera? Zakurraren putza!
Datu horiekin konparazioan Sustaturen batzuk (lehen sei hilabetekoak): Sustatura sartzen diren lagun gehienen nabigatzailea Explorer da, baina beherantz doa (iaz %65, aurten %55) eta Firefox-Mozilla gorantz (%31 vs. %40). Bestalde, nabigatzailea euskaraz konfiguratuta daukaten erabiltzaileen kopurua asko hazi da (%44), baina oraindik hiru bisitaritik bik erdaraz daukate konfiguratuta nabigatzailea (harrigarria, portadan dagoen oharra kontuan hartuta). Sustatun ez da egin euskara plangintzarik emaitzok lortzeko, baina lortu da datuak hobetzea. Euskara hutsez dihardugunok ez genuke antzerakorik egin behar gure webgune eta gure blogetan? Jarriko dugu Tu navegador está configurado en español mezua?

Erremintak batetik eta bestetik edukia. Jarraitzen dugu edukia sortzen, baina ez gura beste. Wikipedian (badugu erreminta) 25.000 artikulura ez gara heldu. Blogariak (badira erremintak) 6.000 inguru izango gara eta bizirik 3.000. Bi datuok ez dira txarrak, hobetzekoak bai, baina ez txarrak. Kontrara, oraindik euskara apaingarri baino ez duten webguneak daude, URLa gaztelera hutsez dutenak ere makina bat, edo gaztelera hutsez webgunea aurkeztu eta laster euskaraz ere egingo dutela esan bakarrik egiten dutenak. Sociedadesgastronomicas.com modukoak, esaterako.

Iaz kexaz ginen Internet ez delako irratian, paperetan eta telebistan agertzen. Ba aurten gehiago agertzen da. Telebistetako albistegietan ere agertzen da, Euskadi Irratian badira blogariak tarte finkoarekin, paparean ere gero eta tarte handiagoa… Internet bada iaz baino gehiago. Hurrengo urtean beste saltotxo bat.

oh.: Euskal kulturaren urtekarirako Argiako lagunek eskatu zidaten artikulua.

7 comments on “¿Configurados en Español?

  1. Jozulin(e)k dio:

    >>Jarriko dugu Tu navegador está configurado en español mezua?<<

    Bai ba, ondo egongo litzateke Sustatu-rena bezalako bannerra. Kontua da neure moduko CSSanalfabeto asko dagoela. Hona hemendik Blogak.com, Blogari.net, Mundua.com, euskaltube, aurki…-koei proposamena: jarri eskura banner moduko bat blogetan jartzeko. Goiko zintan, alboko barran…

    Eskatzea librea denez…

  2. Ricardo(e)k dio:

    Ados. Baina kontuan hartzen da ordenagailu batzuek erabiltzaile euskaldunak eta erdaldunak izan ditzaketela?

    Hori gertatzen da etxean erabiltzen dudanarekin, adibidez, eta gaztelaniaz konfiguratuta dago; ez, ordea, bulegokoarekin eta azken honetan bai sistema operatiboa eta bai nabigatzailea ere euskaraz ditut.

  3. Jozulin(e)k dio:

    Arrazoi duzu. Jende askok laneko ordenagailutik nabigatzen du gehien, eta baliteke ez egotea  bere esku hizkuntz hobespenak aldatzea.

  4. Gari(e)k dio:

    Ricardo eta Jozulin, bi gauza nahasten dituzue:

    • Nabigatzailearen interfazearen hizkuntza (menuak)
    • Nabigatzailearen hizkuntza hobespenak: webgune batetara sartzean zein hizkuntza hobetsia duzuen.

    Ibanek komentatzen duena bigarrena da, eta euskaraz ez dakien bati ez dio batere trabarik egingo hori euskaraz konfiguratzeak. Aldiz, euskaldunari abantaila bakarrik.

  5. Jozulin(e)k dio:

    Bi gauza bakarrik nahastuko banitu… Teknoanalfabeto izatearen makurrak. Dena dela, uste dut arrazoiak balio duela: X langilea Y enpresako ordenagailu(eta)tik sartzen da Sustatura -esaterako- eta ez da ausartzen -horrekin lanorduetan Sustatu irakurtzen duela adierazten duelako, adibidez- edo ez daki hizkuntza aldatzen (batean edo bestean).
    Ez da nire kasua, eh? ojo! 😉

  6. Ricardo(e)k dio:

    Tira, orain ulertu dut “euskaraz konfiguratuta” egote horrek zer esan nahi duen; eskerrik asko, Gari.

    Orduan, aurreko mezuan esan nuenaren kontra, etxeko ordenagailuan ere nabigatzailea euskaraz konfiguratuta dago, hauek baitira nire hizkuntzen hobespenak: eu, es, en, fr.

  7. leire(e)k dio:

    Jende askok jakin be ez dakit hori egin leikenik! Jakingo bazendue zenbat lantokittan aldatu dodan nik hori!
    Eiabrko liburutegikuak be erdera hutsian dagoz. Gaztelania agertzen da, eta beste hizkuntzarik agertu ezkero inglesa da. Nik ahal dodanian, aldatu egitten dittut, eta euskeraz jarri.
    Matxinada txikixak, baiña biharrezkuak
    Ondo segi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude