Informazio guztia zein ezerezaren parekoa, biak, erabaki-kalitatearen kaltetan

Anne Treismanen berri izan dut egunotan. Eta haren gainean irakurtzen niharduela, burutik kendu ezindako loturak egiten hastea bat izan da. Buru hausteak lotu zaizkit informazioarekin, komunikazioarekin, barne lanketekin…  eta horregatik egin dut kosk amuan. Nik ere Treismanen apurrekin istorio bat osatu dut ordu txikitan.

Badira muturreko jokaerak ondorio berdinera eramaten gaituztenak: informazio asko izatea, batetik; informazio gutxi izatea, bestetik. Alde banatan daude biak eta ondorioak izan beharko lukete oso ezberdinak, baina… 

AA-k sortutako irudi maskulinoa.

Treismanek psikologia kognitiboaz egin zuen ikerketa eta teoria bat formulatu zuen. Gutxi-asko Arreta Ezaugarriaren Teoriak azaltzen du pertsonok faseka prozesatzen dugula informazioa: lehenik, elementu sinpleak (kolorea, forma, soinua) automatikoki, eta ondoren, arreta jarrita, esanahia. Jende aurrean berba egiteko kurtsoak ematen dituztenek ere ondo dakiten elementu sinpleek zein garrantzia duten: janzkera, eskuak, eszenaratzea, tonua, jarrera… Eta ondoren, edukia. Honetaz asko dakiten lankideak ditut inguruan eta komunikazioaren zientziaz ere egin daiteke berba.

Treisman enpresa-ingurunera ekarrita, azpimarra daiteke informazio gehiegi emateak arreta sakabanatu eta mezu nagusia nahastea eta baita galtzea ere eragiten duela. Berriz, informazio gutxiegi emateak testuingururik gabeko datuak sortzen ditu, eta interpretazio okerrak eragin. Bi kasuetan, hartzaileak ezin du informazioa behar bezala lotu. Horren ondorioz, ulermena eta erabaki-kalitatea zein lankideen asebetetzea kaltetzen dira. Beraz, funtsezkoa da informazioaren kopurua eta egitura orekatzea, arreta eraginkorra lortzeko eta eraginkortasuna antzeman dezaten hartzaileek egiten dugun horretan. 

Dena eta ezer ez

Burmuinak fikzioa eta errealitatea nahasten ditu (je je, nahita ere nahasten ditugu sarri). Konturatu gabe ere gertatzen da ez badago orekarik. Eta hori pentsamendu-eremu guztietan gertatzen da, ez enpresan bakarrik. Enpresa-informazioa eman nahi eta eman behar duenaren buruan egon liteke asko edota “dena” kontatzea, baina hori ez da ezeren berme. Daitort, gertatzen zaidala uste dut 🙁

Badago esperimentu bat pantaila batekin egin dena. Oso denbora laburrean, triangelu zuri bat ageri da alde batean, eta orban hori bat bestean. Humanook, eszena hau kontatu beharrean, askoz sinpleagoa den zerbait kontatzen dugula ikusten da: triangelu hori bat ikusi duela adierazten du pertsonak. Triangelu batekin, alde batetik; kolore horiarekin, bestetik. Ikusi, gure garunak eraginda ikusten dugu triangelu horia. Inoiz pantailan egon ez den zerbait. Pertzepzio hutsa. Eta pertzepzioak, ez dakit argazkiak baino gehiago ez ote diren margolanak. Itsaso usaina hartu, baina bost euroko perfumatzaile txar bat izatea legetxe. 

Gauza bera gertatzen da oroitzapen faltsuekin: ez dugu istorioekin historia egiten, hainbatetan, istorioa egiten dugu zuzenean. Bersorkuntza: berreraikuntzak sortzen ditugu, narratiboki oroitzapen errealak eta loturarik gabekoak lotzen dituztenak istorio sinesgarri (onenean sinesgarri) batean. Gertatzen da enpresan ere, informazio gutxi badago, gutxi horrekin istorio txiki bat osatzeko gai gara eta eraikitzen dugun hori onargarria da. Egia den? Hori beste kantu bat da. 

Gehiegitik eta gutxiegitik neurrira pasatzea da enpresa-errelatoa eraikitzeko modua. Izan 25 urte bete dituen enpresan izan hasiberrian. Izan ehungintzan, industrian edo komunikazioan. Izan 1.000 langileko enpresan edo 100 zein 10 lankidekoan. Zer esanik ez enpresa DNAn dagonean, sortzea, istorioak sortzea. 

Denbora

Gehitu honi denboraren arrastoa, horrenbeste eragiten digun aldagai preziatu mugatua.

Finitua denez, ez dugu pazientziarik eta probatzen dugu hau edo beste enpresan eta emaitza azkarrik ez dagoenean, utzi egiten dugu. Enpresan diot, baina izan daiteke igeriketa ikastaroan, edo xakean ikasten hasten garenean. Nahi dugu arrakasta izan mugimendu bat egin orduko, eta, normalean… Emaitza ez da gertatzen hasten zarenean. Emaitzarik balego, gelditzen eta geldotzen ez zarenean etortzen da. Gerora datoz festa eta algara, asebetetasuna, auto-garapena, gozamena… Gerora datoz, gaurtik imajinatzea oso zail zaigunean, hiru bat urte barru, esaterako. Zein da hemen dagoen tranpa? ba hiru urte barrurako istorio hori eraiki egin dugula. Ez dugu ikusi. Era berean, hiru urte barrurakoa ez ikusteak egiten du hau dibertigarri. Bertan behera uzteak arrazionala dirudi, baina merezi du lan egiteak baldin eta dibertituko bagara. 

Adimen Artifiziala ere fikzionatzen

Adimen Artifizialak ere hiru berba irakurri eta gainontzekoarekin egiten du margolana. Ez errealitatea. Begiratu Treismanen irudiaz jardun diodanean-eta zer bueltatu didan. Enpresaria da gizona, jakina, ez balego moduan emakume enpresaririk. Da gorbataduna. Triangeluaren irakurketa kuriosoa egin du… Denbora gutxian, informazio gutxirekin (neure erruz), fikzionatu du. Bagenekien flipatzailea zela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude