Gaia jarraitu da gertutik Goienan. Atera genuen azkar notizia eta azkartasunak ez du desinformazioan eragin. Eta jorratu dugu gerora ere gaia, datu gehiagorekin eta adierazpen ofizialekin. Interesekoak diren datuak eman ditugu: zenbat zauritu, non, erasotzailearen adina (izen-abizenik ez, jatorririk ez), testuingurua… Eta jarraipena ere egin diogu hurrengo egunean ikerketak zabalik jarraitzen duela esaten, Bergarako ertzain etxean dagoela atxilotua epailearen zain, etab. Oinarrizko datu guztiak jasota, kontrastatuta eta publikatuta. Nire ustez lan ona egin dute lankideek.
Oñatiko alkateak Musken plataforman atera zuen mezu labur bat eta ondoren Goienari ere egin zizkion adierazpenak. Uste dut Goienak zerbitzu hori ere eman behar duela eta herriko ordezkari gorenari mikroa jartzea Goienaren egitekoetako bat dela. Ez dago beste gairik Oñatin, eta arraroa ere izango litzateke adierazpen publiko horiek gabe geratzea. Ohiko moduan adeitsu hartu zuen alkateak Goiena. Herritarrek eskertu dituzte hitzok. Hitzok Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan ere entzun ahal izan dira, hedabide publikoetan.
Horra arte ondo, kazetaritzaren ikuspuntutik ondo. Ze erredakzioan badago eraso momentuko soinu grabazio bat, badago atxilotuaren argazkia, zurrumurruak hamaika, etab. Baina zer eragingo luke horiek argitaratzeak (zurrumurruak ez, argazkiak-eta)? ze on egiten dio norbaiti? Eta onik ez eginda ere ekarpena ote litzateke hauek publikatzea? Ba ezetz erabaki dugu. Ez dugu argitaratu ez argitaratuko.
Jakina, Whatsapp taldeetan edo norbanakotik norbanakora dabiltzan argazkiek-eta ere ez dute onik egiten. Ez dago kontakizunik, ez dago testuingururik, ez dago filtrorik, ez dago kazetaritza irizpiderik, ez dago formaziorik, ez dago bi aldiz pentsatutako bidalketarik, ez dago… eta ez dagoenez, ba ez litzateke elkarbanatu behar.
Oinarria da ez dutela ekarpenik egiten. Eta gutako bakoitzak zer egiten du odoldutako argazki hori jaso ostean? beste bati bidali? Benetan? Badago zer pentsatu. Whatsappez bidaltzea publikatzea da! Ez da ekintza pribatua. Erantzukizunak baditu eta ez da pentsatu barik egin beharrekoa.
Kazetaritzarako ere badago zer pentsatua, baina badago zer pentsatu, bereziki, whatsapparen erabilerari buruz. Ez bakarrik Zuckerberrek ere argazki horren jabetza duelako, baizik eta bolbora zabaltzen egoteak sua pizten duelako.
Gai honen jarraipena? ba ondo legoke zaurituak ondo eta etxean daudela publikatuko bagenu. Ez da posible momentuz.