- Higiene kontu bat da Twitterrri jaten ez ematea.
- Algoritmoek desinformatzeko edukiak ematen dituzte nahita.
- Publizitate engainagarrietara eramaten dute erabiltzailea. Bideratu egiten dute.
- Ziriak eta gorroto-diskurtsoa biderkatu egiten da bertan.
- Konspirazioen erresonantzia kaxa bat da.
- Ezin da “egiaren” aldekoa izanik burua atera xake-taula manipulatu horretan.
- “Beste batzuek okupatuko dute plaza publiko hori” diote. EZ! plaza pribatua da eta okupatua dago. Eta zeinek, gainera!
- “Intoxikatzen eta difamatzen aritzen direnei lekua uzten zaie” diote. EZ! badute. Eta ez duzu maila berean egoterik. Zapaltzen gaituzte ahal dutenero. Hor jarraitzerik ez dago.
- Nazismoa eta faxismoak ateak irekita ditu Twitterren. Bizitza errealean onartzen ez diren jokaerak bultzatzen dira inpunitate osoz. Europa ez da kapaz horri aurre egiteko ere.
- Gutako bakoitza oso txikia da, eta legitimatu ere ezingo dugu egin ezer gertatuko ez balitz moduan jarraituta txikia izanagatik.
- Egoa eta audientzia altua dutenendako zailagoa da erabakia, ulertzen dut. Ez da nire kasua. Gainera, audientzia altuenekoak mesedegarriak zaizkio Muski, duten erakarpen indarragatik eta berak esateko duena haiek ere entzun dezaten.
- Audientzia handia zein txikia izanik ere inguruak zuri jarraitzea nahi duzu. Hori da joku-legea. Zu jarraitzea eta zuk haiek jarraitzea, edo aldrebes. Baina hor jarraitzea? toxikoa den leku horretan?
- Twitterzalea izan naiz. Gustatzen zitzaidan. Oraindik ere interesekoak diren gauzak ditu, baina ez dago aguantatzerik horko zarata.
- Demokraziaren kontrako jostailua da. Ez dut nahi hor egoterik, sinisten jarraitu nahi dut demokrazian.
- Zientziaren kontrakoa da Twitter. Goratzen ditu anti-ekologikoak diren mezuak, esaterako.
- Eraldaketa energetiko eta ekologikoa baztertzen ditu Twitterrek, baina ez dirudi arraroa jabea espaziora turismoa bultzatzen dabil-eta.
- Abusua konstantea da: Palestinarrei, gizon zuria ez denari, aurrerakoia denari, pobreenei… Ezin dut gertatuko ez balitz moduan jarraitu.
- Diruak dio inporta. Eta are gehiago botoreak (botere eta botoak). 40.000 milioi ordaindu zituen jostailuagatik eta Trumpek irabazita amortizatuak leudeke dolarrok. Jarraitu nahi du hasi zuena, dirudienez. Nik ez.
- Tranpaldoan Trump eta Musk dantzan ikustea ezin dut aguantatu.
- Ez du egiak inporta. Egia baztertu arren audientziak du balio, bihoztxoari klik egiteak ematen dio jaten algoritmoari.
- Albiste faltsuak du zabalpen handiagoa egia kontrastatuak baino. Nik maite ditut zero kilometroko hedabideak, kontrastea ematen dutenak, testuingurua, objektibo izateko nahia dutenak… Hortik urrun dago gune hau, nahiz eta egiaren aldekoak ere badiren bertan, jakina.
- Polemikak, zurrumurruak eta manipulazio zakarrak gobernatzen dute eztabaida Twitterren. Eta dena Musken agindupean, algoritmoaren menera.
- Linkak edo loturak jartzen dituzula Twitterreko mezuetan? ba zigortu egingo zaitu eta agerikotasuna kendu.
- Nire perfila ez dela nirea argi eta garbi esan berri du. Bagenekien, baina hain da autoritarioa eta goitik beherakoa gizon hau ez duela ezkutatzeko lanik ere hartzen. Eskertzen diot gardentasuna, hori bai.
- Soseguz egindako eztabaida zail dago. Elkarrizketa eraikitzailea eragozten du zaratak. Kontu anonimo horiek guztiak eta troll tropela, taberna honetako bezeroen kontrakoa da. Ez da gaurkoa gai hau ere, baina orain helburu jakinekin ere erabiltzen da.
- 7.500 lagile izatetik 1.700 izatera pasa da. Lehen ere zaila zen moderazioa, ba orain… Segurtasuna eta sinesgarritasuna bermatzeko 20 lagun daude bakarrik!
- Musk-ek utziko du berandu baino lehen, nire ustez. Baina jostailua matxuratuta dago, biziatua eta herdoildua ere bai. Zaila izango da bertara bueltatzea.
- RAP neurriak neure egiten ditut:
- Erabili promozionatu gabe: norbere espazioa eduki. Leku horretara bideratu eta ez eraman bueltan sare pribatuetara.
- Eduki esklusiboa saihestu: eta hori egitea ikusten baduzu (hariak…), sare libreetan izan bedi.
- Ez eman dirurik: ez eman dirurik sare pribatuei, Muskek ez du behar gure dirua.
Errespetu kontu bat da. Errespetatzen eta txuleatzen gaituzten lekuetan egotea ustezko ekarpena egiten dugula pentsatuta ez dut ikusten. Han idatzita, han sortuta feedbacka eta edukia han emanda kaka-lapiko hori gizentzen laguntzen dut. Kontua borratzea? momentuz ez. Munduaren zati bat kakatzan mugitzen da, mugitzen den guztia kaka ez den arren. Ez dago ezkutatzerik interesatzen zaidala hango jende bat, hango informazio batzuk, han ezagututako batzuk estimuan ditut… Eta informazio gune kutsatua den arren, tamalez, han bakarrik dagoen jendea badago. Errespetatzen ditut eta ez dut nahi diotenaz ahaztea. Asko ikasi dut, balio izan dit sare horrek, pertsona interesgarriak badaude… Eta ez-interesgarriek zer dioten jakitzea ere ez dut baztertzen. Hori bai, dosifikatu behar da azken hauetatik jasotzen dena.
Ni isildu egingo naiz, hala ere. Mastodonen jarraituko dut. 2018tik dut kontua bertan eta, aktiboago orain, bertan saiatuko naiz sarea sortzen, lagunak ditudanak jarraitzen, interesgarria den jendea ezagutzen… BSKY-n ere zabaldu dut, ez badut idatzi ere. Erabaki dut lehentasunez erabiltzea Mastodon, Euskal Herritik kontrolatzen diren zerbitzarietan dagoena eta deszentralizatua dena. Besterik da zabalkundea-eta. Joango naiz ikasten eta erabakitzen. Gaurkoa erabakitzen eta biharkoa diseinatu edo imajinatu nahian. Aldatzeko prest, hanka sartzeko prest eta erabakiak hartuz. Ahal bada beldurrari izkin eginez. Nire (Musken) Twitterreko kontuak ez du deus balio, eta badakit erabaki txiki honek ez duela ezer aldatzen, baina neure erabakia da eta balio dit trankilago egoteko, koherenteagoa izateko eta libreagoa ere bai. Ez da gutxi. Meloia zabaldu zen FB utzi nuenean, X deitzera ohitu ez naizen hau uztea gehiago kostatu zait, Instagram, Whatsapp (zenbatek “behartzen” gaituzten erabiltzera!)…
Erabaki pertsonala da, eta baita gonbidapena ere beste taberna baten trago bat hartzera. Algoritmoetatik kanpo. Osasuna ere bada, ez pentsa!