Ez da erraza jaiei amaiera emango dien ekintza erabakitzea. Imajinatzen ditut teknikariak zein zinegotzia eta kordakoak gaiari bueltaka. Ez da erraza jai-egitaraua osatzea eta ginda jartzea. Ez dihardut Bitorianatxo igotzeaz, Antzuolako Ontzaz, “zerbait” erretzeaz, sardinak lurperatzeaz eta abarrekoak. Azken aurreko ekintzaz dihardut, zehatzago. Zer da azken aurrekoa: kirol-jokoren bat? antzerki bat? erromeria bat? haurrentzako halako edo bestelako? Izan litezke, baina nago entzuteko musikak baduela jende askoren arreta bereganatzeko erakargarritasuna, baita ehuneko ehunean atentzioa jarri barik bizi diren herritarrendako ere. Jai-amaiera on bat da euskal musika programatzea. Herritarrak jartzen ditu erdigunean, euskal sortzaile baten bueltan eta adin tarte zabalarendako (transmisioa…).
Domeka izaten da sarri azkenengo eguna. Aurreko egunak ondo joan badira, eta normalean ondo joaten dira, ba izaten da egun “xelebrea”. Jaiak dira, baina gorputza jai-ostean dago dagoeneko; jaiak dira eta zapia dugu lepoan, baina hurrengo egunean lan-eguna da; jaiak dira, baina tabernetako dezibelioak eta alkohol kopuruak utzi die lekua terrazei, jartzeko lekuei, ogitartekoei… Izan daiteke domeka arratsalde bat telebista pantailaren aurrean jarri eta begi bat zabalik eta bestea itxita izatekoa. Astelehen aurreko domeka domekago bat da. Edo izan daiteke jaiak zelofan polit batekin ixteko modu on bat.
Antzuolako Udalak asmatu duelakoan nago zelofanarekin. Uztailaren 21ean Gari eta Maldan behera izan ziren herriko plazan. Izan zitekeen Anari, Intziarte, Ordorika, Mice, Lertxundi, Petti, Janus Lester, Urdangarin, Izaki gardenak, Ines Osinaga, Don Inorrez, Etxart, Jon Gurrutxaga, Maite Larburu, Olatz Salbador, Murugarren, Urbizu, Arzuaga, Audience…, Gustuak gora-behera, euskal sorkuntzaz gozatzeko sortzaile gutxi batzuren zerrenda luzea dugu.
Zaila ez da taldea edo bakarlaria aukeratzea. Zailak ziren: eguna eta ordua, domeka eta 21:00ak. Zaila zen zapidunen aurrean jotzea; Zaila zen ume dezente buelta zeudelako; kontzertuetara ohitu gabeko asko; Gari ezagutzen ez zutenak ere bai, Hertzainak ezagutzen zuten hainbat baina ez proposamen hau; zaila da hotza, beroa, euria… Hala ere, arriskatu du udalak eta programatu du kontzertua. Udalaren alde: soinu oso zaindua, ume zein helduak taula aurretik ez ibiltzeko heziak, aulkiak kontzertu patxadatsua entzuteko, taula egokia alturan, argiak… Eta taldea: esperientziaduna, euskalduna, kantari ezagunarekin, musikari profesionalekin, doan, lasaia eta kalitatekoa.
Ez dakit larregi inporta den hango denei gustatzen zaien edo ez. Ez dakit beti masiboak edo oso ezagunak diren kontzertuak behar diren. Baina ausartzen naiz esatera euskaraz kantuan eta profesional dabiltzan artista dezente daudela hurrengo 20 urtean kontzertu onak egiteko lain. Lasai entzuteko, gozatzeko, daudela jakiteko, euskal kulturari lekua egiteko, haizea emateko, sortzaileengan pentsatzeko, herritarrengan pentsatzeko, Sorian edo Benidormen ez gaudela antzemateko, ohiko jan-edanez gain bestelako elikagaia jasotzeko, bagarela nor berresteko, jai egitarauan leku aproposa emateko kondizio egokian.
Udal handi zein txikietara zabal daitekeen egiteko modua. Behar ditugu antolatu musika tarteak artistak artistago izateko eta euskal herritarrak euskal herritarrago.
Blogean argitartutako argazkia Goienarena da, cc-by-sa lizentziaduna.
Kantu baten bideoa ere argitaratu dute: https://goiena.eus/antzuola/1721655149946-elurretan-etzan-gari-maldanbera-taldearen-eskutik