Kazetariari lana errazten ez dion jende asko dago. Muturreko joerak dira batzuk; gero eta muturrerago goaz beste batzuetan ere.
Mundu mailan muturrekoa da egoera
Mundu mailako joera da, muturrekoa. Ukraniarrekin egiten ari diren sarraskian zenbat kazetari hil dituzten ikusi besterik ez dago. Ez dago eskubiderik Gazan egiten ari direnarentzat. Kazetaritza hizki larrietan egiten da horrelakoetan, eta gerra txikiagoak diruditen arren, kazetarienganako presioa egiten da tokikoetan ere. Gerra-kazetaritza ere deitu izan diot tokikoari, baina ez da balen kontrako txalekoz egiten. Hori bai, ez litzateke txalekoren bat txarra presioei muzin egiteko.
Puntu honetan aipatu nahi nuke Pablo Gonzalezekin egiten ari direnak ez duela ez buru ez hanka. Jasaten ari denak demokraziaren oinarrian egiten du tiro. Gertatzen ari denak ez gaitu herri moduan leku onean uzten, ezta ofizio-kide moduan ere. Beti geratzen da gehiago egin genezakeen zera hori…
Kazetariak presionatzen dituzte eta harriak sartu motxilan
Agintari “handien” eta handi-mandien soinura egiten da dantzan, sarriegi, mundu mailako gerrateetan; tokikoetan ere badago aginterik eta baita udalak agintekeriz kudeatzen dituen herri-ordezkaririk, nahiz eta horren irudia eman nahi ez izan. Beharbada, alderdi-ordezkariak direnak herri-ordezkari baino; batzuetan, herri zati baten ordezkariago-edo. Kazetariekin duten miramendu eskasa ez da demokraziaren parteko. Prentsaurrekoak gaiak ezkutatzeko ere egiten direla esatea ez da gezurra esatea. Hor, noski, kazetaritzaren partea ere badago, galderak egiteko nahikoa amorru barik egiten den kazetaritza tipoarena. Gaizki ofiziotik; gaizki herri ordezkaritzatik. Ondorioa da informaziorik eza herritarrek, ikus-entzun-irakurleek.
Komunikazio arduradunak
Sarritan ez dira lagungarri komunikazio arduradunak (ez denak; ez beti). Gehienetan alderdiaren kordakoak, soldata herritik jaso arren. Bestela balitz, hau da, alderdiak ordainduko balu lan hori ezin ezer leporatu. Tratua litzateke: helburuak alderdiak jarri; komunikazio langileak bete. Udaletan (baita beste administrazioetan) egiten duten lana ez da beti udalean gertatzen dena helaraztea herritarrei; harri-landuzko etxeetatik informazioa ateratzea dute helburu, baina neurtuta eta ez derrigor garden. Denborak neurtzen dituzte, ez zaizkie galderak gustatzen eta barrera bat dira herriaren langile diren gainontzeko teknikariena. Ez da normala kazetariak teknikariengana lasai asko jo eta informazioa ematea galarazita izatea komunikaziokoak (irakurri hemen alderdikoak). Komunikazio arduradunaren (ez derrigor komunikatzailea…) misioa da “ez dadila nire alkatea ipurdi-bistan geratu”. Hori lehenengo eta gero beste guztia. Komunikazioa alderdiarena da sarriegi, alkateak herriarenak direla presenteago behar lukeenean. Ez beti, baina gertatzen da udaletan zein goragoko administrazioetan edozein delarik alderdia. E do zein. Denak dira horrelakoak? esan dut lehen ere ezetz.
Komunikatu, ez informatu
Informazioa baino komunikazioa dago orain bogan. Kapaza da zinegotzi bat esateko: “guk sare sozialetatik egingo dugu komunikazioa eta gero zuek hortik jaso”. Benetan? Badago aldea udaletik komunikatzean edo hedabide batek egin behar duenaren artean. Egon behar luke, beti ez dagoen arren (ofiziotik badugu zer pentsatua). Gauzak daudenetan, udaletik komunikatzen direnek ez dute kontrasterik, ez dute dute izan nik akorduan dudan 20 urtetan. Testuingurua ere ez da jasotzen edota gaiek urtetan izan duen bilakaera ez da aintzat hartzen. Zer dira gero udaletako buletinak! Informazioa? Ez, herriko aurrekontuetatik ordaintzen den alderdiko komunikazioa sarriegitan! Zein da ustezko egitekoa? Alderdi honen udal-proiektu konkretu hau marabillosoa dela esatea: “gu bai onak”. Urtez urte doa joera okertzen, dena da gero eta marabillosoago ze sare sozialetan dena da cool eta guay. Dena da selfie. Eta Wikipediari kasu eginda, selfie definitzen da horrela: “Helburua norbere buruaren alderdirik ederrena erakustea da eta itxura kasuala erakutsi ohi dute, berez horretarako sortuak izanda ere”. Eta Pentsa, edukia (ez informazioa) sare sozialetatik bakarrik jasotzen duen gero eta jende gehiago dago… Badugu zer pentsatua ofiziotik. Eta zer pentsatua hizkuntza komunitate txikietatik!
Unibertsitateetatik ere komunikazio arduradunak hezten dituzte. Sare sozialetan makina batzuk dira. Eta jakintza hori zertarako darabilte behin administraziora helduta? politikari-buruaren atzea zaintzeko. Kontrara, kazetariek derrigor behar duen kritikotasuna ez ote dabilen apaltzen… Unibertsitatetik apalago datoz gai honetan. Eta hori ere ofiziokoek konpondu beharrekoa dela uste dutenetakoa naiz, inori ezer eskatzen hasi barik.
Harremana behar da gertukoan
Kazetariaren laguna da zinegotzia; alkateak lehengusu du kazetaria; kuadrilla berean daude informazioa eta komunikazioa lantzen dutenak. Harremana behar da eta badago. Eta beharrezkoa da aldi berean bakoitzak bere ofizioa ahalik eta ondoen egitea. Baita ez jartzea oztoporik elkarri langintza eraginkorra izan dadin. Gauza batek batzen gaitu komunikatzailea eta kazetaria eta da zerbitzua eman nahi diogula herritarrei. Ezta? hori da bion helburua, ezta? Ezta?
Demokraziaren zutabeetako bat da informazio eskubidea eta zor hori dugu ofiziotik eta politikatik. Komunikazioan dabilenak erraztu behar luke kazetariaren langintza eta erraz eman informazioa kazetariak.