Kazetaritzak behar du garbia izan. Badira momentu batzuk testuaren loria bilatzeko tentazioa izaten direnak, literatura nahiez-edo, ederraren desioz-edo. Eta kazetaritzak behar du, batez ere, argia eta garbia izan. Azalpenak eman. Testuingurua. Literatura da oso gauza konplikatua eta aparteko langintza, kazetaritzaren erritmoetatik gaindi egin beharrekoa. Kontrara, azalpen argiak eman behar ditu kazetaritzak beti, irakurlea argia baita. Bi gauza dira, bada, kazetaritza eta literatura.
Kazetariak beti azalpenetan ito irakurlea? ez. Ez da beti derrigorrezko, izan ere, jakintzat ere eman behar dira zenbait kontu, baina ez letorkiguke gaizki gure hartzailearengan pentsatzea zer azaldu eta zer ez pentsatu baino lehen. Tokikoen kasuan, bereziki, oso zabala da hartzailea. Adinez, ia-ia umetatik jubilatuetarainokoa; hizkuntza ahalmenez, literatura irakurlea eta beste ezer euskaraz irakurtzen ez duen pertsona ere bai; pentsamoldez, bizipenez, herriz, gustuz… Denetik dago tokikoen hartzaileetan. Ez da alperrik kazetaritza masiboa tokikoa, ez da alperrik ahalik eta buzoi gehienetan banatzen, ahalik eta eskuko telefono gehienetara heltzen, ez da alperrik gaitegian askotarikoa.
Goizeko kafea
Pandemia pasa ostetik ia egunero moduan goizeko 06:30ean hartu dut kafea ohiko tabernan. Astero joaten naiz hainbat aldiz. Eta nire lan-jardunaz ez dit sekula txintik ere esan tabernariak. Zerbait bazekiela bistakoa da. Gaur esplizitatu du. “Zuen langintzan manipulatzen da?” Eta harrapatu nau galderak bekarrak kendu barik!
Erantzun diot barretxo goiztiar batekin: “kafea manipulatzen den legetxe kazetaritzan”. Erantzuna motzean joan da. Pentsatu barikoa. Ez dut konbentzitu seguru! Manipulatu berbaren bi adierarekin jolas egindakoa izan da erantzuna: langaiak landu edo manipulaturen zentzuan, batetik; eta, bestetik, galderaren zirtoak, seguruenik, nahi zuen aldetik. Hau da, testuak zerbaitetarako gidatzetik-edo, faltsutzetik-edo.
Erantzuna joan da joan. Eta kafea hartu ostean hasi naiz pentsatzen: kafea eta kazetaritza-testuak badute antzik. Kafea ateratzea sinplea da, baina hartzen dira ba han-hemen kafe txarrak prezio berean! Kazetaritza testuak antzera!
Kafe ona ateratzeko erremintak aztertu ditu gure bailarako ikerketa zentro batek. Ikerlariak 45 aldagai aztertzera heldu zirela dut gogoan memoriak ez badit kalerik egiten. Erabiltzen den kafea, produktua, berbera izanik ere, eta kafe-makina ere bakarra erabiliagatik 45 aldagai! Bakoitzak du eragina kafean: zenbat hauts, 8-10 gramo artean-edo; zelan birrindua, ez haustuegi ez grano handiarekin; zenbateko presioa egiten zaion kazolatxora kafea atera ostean zapaltzerakoan; zelako ura, kare kopurua…; graduak, uraren tenperatura 100 gradutik ahalik eta gertuen egotea, baina irakin barik; presioa, erogatzerakoan edo kafea banatzerakoan uraren presioa zenbateko den; kafea erortzen ematen den denbora garrantzitsuenetarikoa zelakoan nago; kafe kazolatxoen gainean lagatzen den aire-kamera edo altura hutsune hori…
Goizeko kazetaritza
Kazetaritzan ere aldagai asko. Denak neurgarriak, baina ez ditugunak beti zorroztasun berarekin neurtzen. Pertsonak pertsona, kafe alea kafe moduan, baina: norbanakoaren kultura, idazteko ahalmena, galderak egiteko era eta enpatia, 5w-en erabilera, pieza egiteko denbora, tituluan asmatzeko borondatea, makineria erabiltzeko jakintza (Internet, Inteligentzia Artifiziala, Xuxen, sare sozialak…), iturri onen zerrenda, iturri txarrena, lankideekin harremana, albistea bilatzeko usaimena lantzea, kontrastea, zehaztasunak, azalpenak, baliabideak, enpresak ematen duen formazioa, unibertsitatean ikasitakoa edo ez ikasitakoa, euskara menperatzea, euskara ikasten beti egongo garela onartzea edo ez, irakurlea izatea… Zenbat luzatu daitekeen zerrenda! Seguru ahapaldi honetaraino heldu denari pasa zaizkiola burutik beste hainbat.
Kazetaritza eta tabernaria: ofizio bi
Kafe ona hartu dut goizean. Gehienetan hartzen dut ona, egia esatera. Eta sinplea edota konplikatua da tabernari langintza, kazetaritza bezainbeste: bezeroak, norbere jarrera, ematen den produktuaren kalitatea… zenbat aldagai bi profesioetan! Beharbada, bietan, langintza konplikatua izanagatik ere azken emaitza sinple ematea da gakoa.
Oraindik lehen orduko galdera berriz bor-bor! Manipulatzea? Eta makina hasi da kontzeptuei bueltaka: sinpletasuna, zehaztasuna, testuingurua, argitasuna, distrakziorik eza, helburu argiak, konpromisoa komunikazio taldeko helburuekin, xehetasun funtsezkoak bakarrik… Baina buelta hitz berberera: manipulatzea.
Manipulatzea? Ba kafe txarra ateratzearen pareko litzateke manipulazio intentzionatua. Behin egingo duzu, bitan… Hirutan? Tokiko kazetaritzan ez dago lekurik manipulaziorako ez gezurrerako, ezta irakurleak gai batekiko zer pentsatu behar duen esanez idazteko. Hiru testu txar asko dira eta bezeroaren pazientzia-dosia neurtua da. Kafea hartzeko badira leku dezente eta baita notiziak irakurtzekoak ere!
Badago, hala ere, diferentzia bat. Eta nabarmena da. Gustuko ez duzun kafearen bila ez da joaten bat. Eta ahal duelarik, pentsatu behar dugu gustukoa ez den kafe bat emateko borondaterik ez duela tabernariak. Kazetaritzaren gorentzat dut jendeari gustatzen ez zaizkion notiziak ere ematea, azken finean, kazetariak ez du aukeratzen zein markako kafe-kiloa erosi. Notiziak direnak dira eta gure lana albistea ondo azalduta ematea da, baita azkura sortuko badu ere. Notizia eman presio justuarekin, ur kantitate justuarekin, irakin barik eta aire-kamera ere neurtuz. Kafe on bat da notizia on bat, nahiz eta beti ez den ondo sartzen.
Ez dakidana da gustuko ez diren albisteak jasotzeko lehen baino prestutasun gutxiago edo gehiago duen bezeroak. Ez dakit. Jarraituko ahal du, hala ere, gertuko kafea hartzen.