Inteligentzia Artifiziala erabilita lortu dugu goiena.eus-eko testuak irakurtzea. Albisteak, argazki galerietako testua, bideoetako testua… Ahots sintesia aplikatu eta martxan! Martxan dugu goiena.eus-en. Aurrerapen handia egin dugu eta behar beharrezko bidelagunekin egin ere, Orain enpresarekin. Goienan 0km-ko Inteligentzia Artifiziala darabilgu. Euskarak horixe behar du. Txikiegiak gara erraldoiek begira gaitzaten. Hautua izan da: “egin dezagun!”.
Urteak behar izan ditugu gauden lekura heltzeko. Hori bai, egoskorrak gara, laguntza teknologiko ona izan dugu, lankidetza ona. Egin ezazue zeuek proba: goiena.eus klikatu eta barra bat agertuko zaizue goian.
Gizarterako egiten dugu lan
Magnate batzuen asmakizun liluragarria da bai ChatGPT, baina kontuz! Argi izan behar dugu gu garela multinazional horietatik zintzilik gauden txotxongiloak, jostailuak.
Horrek zer esan nahi du, muzin egin behar diogula teknologia horri? Ez. Menperatu behar dugu Inteligentzia Artifizialaren arloa bai edo bai. Tokatuko zaigu berriz ere korronte-kontra igeri egitea. Geure alde, baina igeri! Ekinean harrapa gaitzatela berrikuntzek!
Euskarazko ahots sintesiarekin egin duguna da igeri. Kilometroak egin ditugu. Kilometroak, ez diruaren alde, ez agintekeria lortzeko, ez handikeriagatik. Puntan jartzen gara bizi dugulako gure hizkuntza, bizirik nahi dugulako euskara. Puntan nahi dugulako. Ordu inbertsioa da? Bai. Gure egiteko zuzena da? Ez da inporta. Egin egiten dugu, egunero kazetaritza profesionala egiteaz gain badugu gizarte erantzukizun bat ere eta hizkuntzarekin lotutako garapena badagokigu. Kazetaritzan jarraitu behar dugu galdera humanoak egiten, gertuko kazetaritzan inbertitzen, robotek ez dute-eta hori egiterik. Eta badagokigu Goiena moduko enpresa txikiei IA erabiltzea.
Emango ditugu pausoak, jarraituko dugu euskarazko erremintetan inbertitzen. Ezin dugu Googlek noiz ikusiko gaituen zain egon. Zergatik? Balitekeelako ez begiratzea.
Eta jarraitzen dugu Orai enpresarekin garapenak egiten, makina hobetzen. Lortzen ari gara Debagoieneko berbak, aditzak, esamoldeak… ikastaraztea. Euskalkia erakutsiko diogu estandarraren mesedetan. Eten barik lanean, dabilen harriari ez zaio eta goroldiorik lotzen.
Inteligentzia Artifiziala, antropomorfismorik gabe. Badugu tendentzia bat makina hauek emozioak balituzte moduan ikustera, balekite moduan zer den krudela, tristea, ironia… Baina ez. Aurrean duguna da makina bat, emoziorik ezin izan dezakeena, nahiz eta pertsonon hizkuntzak ondo imitatu. Erabilgai zaigu eta aprobetxa dezagun, baina kazetaritzak humanoago egiten gaituela sinetsita. Behar dugu gertuko kazetariek egindako kazetaritza. Inoiz baino gehiago!
Goienak atera du Josu Aztibiari egindako elkarrizketa. Laburbiltzen du ondo egindako bidea.
“Adimen artifiziala gauza da hizkuntzak sortzeko”
‘goiena.eus’-eko albisteetako testuak entzun egin ditzake erabiltzaileak, Orai enpresak garatutako teknologiari esker. Koordinatzaileak eman ditu azalpenak.
Eneko Azkarate Laspiur Arrasatek egindako elkarrizketa:
Elhuyar Fundazioak sortutako Orai NLP Teknologiak enpresako koordinatzaileak, Josu Aztiriak (Zumarraga, 1978), adimen arti-
fizialari buruz dihardu. Sortzen diren aukerez, mehatxuez, dato-
rrenaz… Goiena.eus-en erabiltzaileen eskura jarri den ahots-sin tesiarekin lortutako proiektuaren gainean ere jardun du.
Adimen artifizialaren alorrean ari da lanean Orai, gaur egun gori-gori dagoen alorra, sortzen dituen aukerengatik.
Duela hiru bat urte izan zen eztanda bat, itzulpen automatikoan
egin ziren hobekuntzengatik.
Euskaran ere jauzi kualitatibo handia eman zen. Orain sortu
diren sistemak, ordea, gauza dira zehaztasun handiarekin hizkuntzak sortzeko. Makinak gauza dira testuak laburtzeko, gai nagusiak ekartzeko, elkarrizketa bat eroateko. Hori guztia herritarrengana heldu da.
Teknologiaren aurrerapen azkar horrek mesede egiten dio euskara bezalako hizkuntza txiki bati?
Horrelako tresnak masiboki ari gara erabiltzen. Eta gure hizkuntza hor ez badago… Guk geure baliabide teknologiko propioak izatea, garatzea, da inportantea. Bestela, mendeko-
tasun handia sortzen zaigu.
Horrek ez du esan nahi, esaterako, Chat GPT euskaraz egotea
txarra denik edo Googlek bilaketa euskaraz egiteko aukera
ematea txarra denik.
Goiena.eus-eko testuak ahots bidez eman ahal izateko, ze teknologia erabili duzue?
Ikasketa sakona edo deep learning deitzen zaiona. Lehenbizi,
adibideak sortzen dira corpus jakinetan, oso modu adierazga-
rrian. Hizlariak hainbat audio-ordu grabatzen ditu. Grabazio
horiekin, corpus horiekin, entrenatzen da hainbat algoritmo-
ren bidez. Arkitektura neuronala sortzen da. Azkenean, ahots
sintetiko natural bat lortzen da.
Goiena.eus-en kasuan, esaldi asko grabatu dituzte hiru kazetarik, ordu asko sartuz.
Bai, hala da. Gaur egun, ordu beteko grabaketekin gauza gara
antzeko emaitzak lortzeko.
Aitzindaria da Goiena.eus, alde horretatik?
Bai, modu horretan eginda eta emaitza horiekin, lehen heda-
bidea da. Tokikom elkarteko beste hedabide batzuekin ere
ari gara antzeko proiektuetan.
Emaitzarekin gustura geratu zarete?
Bai, oso gustura. Beste proiektu batzuetan aritu gara, baina Goienako ahotsak oso ondo geratu dira. Kalitate handiko emaitza
da. Helburua zen kazetariaren ahotsak imitatzea eta albisteak
entzuteko sentsazio atsegina lortzea, eta hori lortu da.
Azpitituluak euskaraz sortzeko beste proiektu batean ere ari zarete. Zertan?
Goienarekin, Goineural izeneko proiektu baten. Goiena gaur
egun gauza da edozein bideo azpititulatzeko. Baina hobeto
dabil hizkera formal batean oinarrituta, albistea irakurria
denean. Euskalkiarekin ere ari gara lanean. Arrasateko euska-
rarekin proba batzuk egin ditugu. Aditz-taulak badaude, arau-
tuta dago, liburuak daude…
Iraultza izan da Chat GPT. Baita zuendako ere?
Ustekabe atsegina izan da, bai. Emaitza harritzeko modukoa
da. Horrek eskatzen digu birkokapen bat. Ezagutzen ditugu
erabiltzen dituzten teknikak eta arkitekturak, baina benetako
disrupzioa izan da.
Adimen artifiziala ari da aldatzen
hainbat lan. Zenbateraino?
Esaten da lan automatizatua ordezkatuko duela adimen artifizialak. Baina lan intelektualean ere eragina izango du. Lan
administratiboan, abokatuen hainbat lanetan… Sortuko dira
beste lan batzuk, baina beste batzuk ordezkatu ere bai.
Kazetariaren lana zenbateraino ordezka dezake ahots automatiko
batek?
Ondo egindako kazetaritza hor egongo da beti. Kazetariaren sena, testuingurua, gai berriak, ikerketa edo lanketa handiagoa
eskatzen dutenak… Baina gauza mekaniko asko, hainbat al-
biste labur… beharbada, erraz egingo ditu makinak.
Albiste faltsuak, ustez pertsona ezagun batek egindako adierazpe-
nak, ikusten ari gara adimen artifizialarekin. Horiek antzematea eta saihestea izango da erronka?
Bai. Arazoa dira. Detektatzea da erronka. Horretan ere bagabiltza.