Gustatzen zait Maritxu Kajoi, hori aurretik. Baina blog-sarrera honetan komunikazioaz jardun gura dut.
Esana daukat, oso digital den munduak erakartzen nauen arren, gustuko dudala, eta paretetan zelo ziztrin batekin itsatsita egoten diren kartelek sortzen didatela erakarmena. Gustatzen zait irakurtzea, ikustea. Ia-ia usaintzea ere bai! Gustatzen zait hizkuntzaren erabileran fijatzea: zer dago elebi, zein handi eta zein txiki, zein euskara hutsez, zein euskalkian, zer letra tipo, zuriuneak badituen edo ez, argazkiak… Ez naiz diseinatzailea, ez dut arte ederrak egin, baina zu, bakoitzak baditu bere afizioak.
Gaur barrez egon naiz. Goizeko kortaua hartzerakoan (ebakia esan beharko nuke Arrasaten?) Meritua, Maritxu Kajoiko egitaraua egin dutenena (eskerrik asko!):
- Aurten, San Andres auzoko jai batzordea omenduko dogu; 2019an Ziorla omendu ostien enbidixaz dazelako eta Atxabaltakin mugan bizi bihar izatiagatik. Ta bide batez, ein dauen eta eitten dauen lan danagatik.
- 08:00 Anialixazalien gozagarri, etxafleruek Santa Barbaratik mundure, Arrasate Opinaren eskutik.
- 10:00etan TAO sistema ulerketako ikastarua, daltonikua bazara aurrez abixau.
- 18:00etan, Oñatiko lorategixetara txangua, hemen hilda dazen lorak Txantxikuei lapurketara, Titanic-en soinu bandiaz lagunduta.
- 21:00etan Argindar autokontsumo tailerra, Arbolapetako farolan praktikak, izan ematea zabalik azpiko telefonoan. (Plaza mugatuak).
- 23:23tan Doke dema leninista, Kondekuako zelaixan, SUDC Gazteakek antolatuta.
- 03:00etan Santamañako errepresaliatuen aldeko elkarretaratzia, jai batzordeak aske!
- 08:30ien Tinder Outlet, berandu zabitz, dauena dau; autogestioa.
Falta dira egitarauko ordu batzuk hor, baina ikusgai dituzue maritxukajoi.eus webgunean.
Portzierto, kartela asko gustatu zait. Egileak webean topatu ditut: Miren Barrenetxea Iñarra eta Ane Agirre Uribesalgo
Honek denak eskatzen du lagun-talde bat elkartzea, ohiko lanetatik aparte denbora bat eskaintzea, beste batzuendako eskaintzea eta lan egitea, umorearekin batzea mahai-bueltan, urtero-urtero… herrigintza.
Bertsoan esaten dute: “Herrikoia-“k argi du nondik-norakoa, “herrikoia” kajoitik iturrirakoa, “herrikoia” da jai bat behetik gorakoa… Baina “herrikoia” ez da “laguntza bakoa”.
Segi holaxe, “Herrikoia” izan dadin “herrikoa” beste.