Zein kontzertura joan erabakitzea ere ez da erraza izaten. Asko dago, agenda beteak daude eta inguru hurbilean ere hamaika aukera: komertzialak, euskaraz direnak, musika estiloaren araberakoak, jaiak, makroak, espezifikoak, talde askotakoak, akustikoak, zaratatsuak, sotilak… Ez da bat txarragoa besteak baino, eta, beharbada, batzuetan bat eta besteetan bestea aukeratzeak ematen du bizi dugun musika momentuaren begirada osatuagoa. Ez da bat eta beti bera, ez da dena parranda, ez da dena pultsera jantzita ikusteko kontzertu, ez da dena blues edo sinfoniko, ezta dena erromeria. Barikuan musikari bikotea zen etxean eta aukera ona izan zen.
Ostiralean 19 lagunek erabaki zuten bost euroko sarrera ordaintzea Morau eta Beñardoren “Ardo” ikusteko, ardoa den tokian zibilizazioa ere badago-eta. Dena esatera, baita erdiren bat inguruk 18 euroko disko-liburua erosi ere. Ez zen aukera errazena: ordu aldrebesa geratu zen egiten zuen bero zaparendako. Erraza da pentsatzea askok nahiago izan zutela hondartza, igerilekua edo pagoaren gerizpea. Ez genuke gezurrik esango aitortuz gero askok aukeratzen dutela beste edozer kontzertu bat 5 euro ordaindu aurretik. Hala ere, badakizue hainbat bagaudela pentsatzen dugunak 5 euroko sarrera jartzeak aukeraketa dakarrela. Aukeratu beharrak, sarrera bat ordaintzeak, kontzertuari laguntzen dio. Bereziki kontzertua ikustera doazenei, eta baita artistei ere.
Morau ezaguna da Elgetan. Etorri izan da hainbatetan duela 25 urtetik bai, elur zein 35 graduko tenperaturarekin. Oraingoan “Putre” musika teknikaria, ekipo txukuna, eta gogoa ekarri zuten Beñardo eta Morauk. Landu dute urteko ardo edangarri bat: freskoa, gardena, erritmikoa, arina belarrietarako eta itzalean ondutakoa. Poetikoa izan daiteke ardoa? Baliteke. Bada.
Bikotea ez da kriantza edo ardo-ondu zale. Urtekoaren aldeko biak ala biak, Gasteizko tabernetan ikerketa eginda etorri ziren Elgetara. Eta eman zuten eskola, gitarren laguntzarekin. Enokultura legetxe musikarena ere. Modu ez-homologatuan jardun zuten kantutik kantura: baita mahatsondoak imitatuz ere, pentsa! Ardoa ardo bada, kopatik, edalontzi zabal zein txikitik ere dasta daitekeelako, edo zahatoan, edo barrikan, edo tetrabrikean. Hainbat asebete gintuen ekarritako ardo jakituriak. Ardofaktoak zekarren instrumetuak deskargatzetik Elgetako aldapan behera egin zutenerainoko ordu mordoxka bat. Merezi izan zuen.
Horrelako kontzertuetan, txiki baina zainduetan, kontzertu-osteak ere izaten du bada xarma. Eta horretan hutsik ez. Beñardo zein Morau, Morau zein Beñardo musikazaleak dira edozeren aurretik eta beti dago zer ikasi. Bizi dute, bizi baitute, garentxo hau, ardoa bezainbat! Parada ederra izan zen euskal musikagintzaz jarduteko, ertzez, erdiguneez, irrati formulaz, antolatzaile eskolaz (Arrasateko lagun bati eguerdian bertan lapurtutako ideia)… Musikaz eta komunikazioaz, musikaz eta kulturaz, musikaz eta burbuila honetaz. Plazer, etorri diren aldioro bezala. Botila ardoa ere utzi zigun bikoteak, nola aitak fortuna armairuko apalategian. Guk dastatu genuen, eta bai: urtekoa, ekologikoa, gardena, zuzena, eta baduena betikorik, traza berrituekin. Ez diotsu hau Peñin gidak edo The Wine Advocat-ek, 5 eurotxo ordaindutako 19 horietako batek baino. Gutxirekin asko.