Denbora gutxi dela oparitu zion garipaua gure alabari. Urtero egin du bederatzi urtean. Ez gara familiakoak, baina ni neu ere Ostatu tabernan sukalderaino sartzen nintzen 6 urte nituenetik. Balbinak ematen zidan mosto handia eta hango patata tortillak ez zuen parekorik! Balbinak zerabilen taberna familiarekin batera eta haren lekua hartu zuen Arantxak gero. Taberna zahartxo hark herritar asko batzen zituen plaza barrenean, herriko taberna eta pasoko taberna zen aldi berean, eta sasoi batean harategia ere bazuten ondo-ondoan Aretxagatarrek. Tabernan loteria jokatzen zen orduko hartan, futbol-kinielak paperean egin eta paperezko zigiluekin ziurtatzen zen jokatu zela. Sarri ikusi nuen Balbina mingainean zigiluok bustitzen. Ostatuko izkina hori apartekoa zen gu baino nagusiagoendako, ze gure izkina beste bat zen, martzianitoen pantaila bat lehenengo aldiz ikusi genueneko txokoa. Gerora etorriko ziren bolantedun makinak, billarra, martzianito gehiago… Tabernan jaiotako honentzako erreferentzia bat zen metro gutxira zegoen Ostatu. Panaderokuan Bitter Kas zen edari gorria eta Cinzano gehiago edaten ziren Ostatun raba goxo-goxoekin. Klaro, Cinzano boteilla txikien txapak urre-gorria ziren edozein umerendako eta Farias kaxetan gordetzen zizkidan niri Balbinak lehenengo eta Arantxak gero. Pisutsuak izanda urrun joaten ziren txapok eta txikiak izatera zailagoa zen beste txapek talka egitea Cinzano txikiekin.
Ez zen egonkorra ez hango zorua, eta suak hartzeko zorian ere izan zen. Su ematea nahi izan zuten Piper-potoa altare zuen talde antolaturen batek. 1980 uztailean kixkali egingo zen egurrezko etxea lehergailuak eztanda egin balu. Goma 2z osatutako 6 kiloko lehergailua zen. Zorionez, taberna barruan zegoen bezero baten hanka jo zuen artefaktuak eta mekanismoak kale egin zuen. Triskantza izango zen bestela, hogei bat lagun zeuden tabernan.
Ostatu, Panaderokua, Guria, El Zamorano bodega, Martintxo, Lupiren bodega, Mantunekua, Vazquezenekua… Eta esango nuke tabernari izateko modu bat ere desagertu dela horiekin batera. Bezeroen laguna zen tabernaria sarri, konfidentea, psikologoa, adar-jotzailea tokatzen zenean… Ez zen Whatsappez edo Telegrametik geratzen tabernan; tabernariarekin egoten zen bat tragoa partekatzen, eta tragoa hartzen zegoen lagunekin han elkartu. Bilguneak ziren tabernak, eta tabernaria bazen pieza garrantzitsua kuadrilla batzeko ere. Aspaldi amaitu ziren aguazilak txaloak jo eta tabernak ixten zituzteneko garaiak. Aguazil lanak herritarrek hartzea ez da izan onerako aldaketa. Aspaldi desagertu da zenzen-txiki egunez zezentxoren bat ekarri eta herritarrei tabernariek jai bat oparitzen zien eguna. Akabo fandangoa.
2012ko urtarrilaren 1ean itxi zituen Ostatu jatetxeko ateak gure Arantxak. Ostatun lan egin zuen hirugarren belaunaldia izan zen Arantxa eta Juan Andresena. Zenbat haruntz-honuntz Ostatun. Zenbat desorduko jan-edan eta eztabaida. Izan ere, zerbait bazeukan Arantxak haserretzeko kapazitatea zen. Bihotz ona besteko genioa zeukan. Beharbada horrek egiten zuen maitakor ere. Ez zen kolore grisetako emakumea: beltza edo zuri!. Zuri edo beltz hautatzen zuela jakitera ematen zuen beti, gainera. Nahikoa lanekin zebilen aspaldian. Osasuna pattal, bidaia asko medikutara, herriko farmaziara… ez da hilabete harek egindako torradak jan ditugula kuadrillakook, hala ere. Indarrik ez eskuan, baina burua bazuen zeremonietarako. Gudarien bidean bizi izatea ez da kasualitatea, gerrera zen Arantxa eta horrelaxe gogoratuko dugu.
Torrealdea auzoko jaiak ia noiz ospatuko ziren egon ginen komentatzen aurreko astean. Prest zegoen auzotarrei edozertan laguntzeko. Eta hartuko zuen afari herrikoirako sarrera ere, seguru. Ostatun bertan makina bat bider antolatu ziren bertso-afariak eta gustuko zuen jai-giroa. Espaloia Kafe Antzokiari beti lagundu zion eta kultura ekitaldi askotan hartzen zuen parte. Aurten zenzentxo bat ekartzea nahi zuen herriko jaietarako. Ez zigun behin esan, izan ere, zerbait buruan sartutakoan dale eta dale jarduten zuen, egun bat bai eta hurrengo ikusitakoan berriz. Kuadrillako argazkia azkenengo jaietan atera genuen. Pasio zuen zezen-giroa.
Momentu on asko pasa ditugu Arantxarekin Ostatun eta haserrealditik haserrealdira goxo gogoratuko dugu bihotz oneko izana.
oh.: Eskela Goienan