Azokak eman du berea. On-line eta fisikoa izan da: On-line ez da izan iazkoa zifretan, baina izan da; fisikoa ez da izan orain dela bi urtekoa ere, baina izan da.Azoka egunetan entzun dira egin beharko liratekeenez hainbat jardun, baina errazagoa da stand guztiak zabalik eta txukun daudenean iritziak ematea norberaren burutazioetatik (eta behar propioetatik). Zailagoa behar du izan eguneroko COVID-19 zifrei begira bizitzea azaro osoan eta ehunka enpresaren arnasa sentitzea kolkoan. Arnasa da ardura antolakuntzarendako. Ezina ekinez egin da. Benetan inporta dutenek eskertu dute sortzaileen eta antolatzaileen hautua: BEZEROEK.
Bezeroa: atetik sartu den pertsona bakoitzak kopuru handiagoa inbertitu du kulturan. Ez beharbada disko honetan, baina bai berri-berria den horretan; ez derrigor liburu honetan, baina bai bestean. Gutxiagok gehiago. Paseanteak baino erosleak izan dira pasiloetan ikusi direnak eta horiek dira edozein azokaren bezero OPIak. Kontzertuetara joaten denari eskertu behar zaion legetxe eskertu behar zaio erostera etorri denari. Eskerrak!
Ezin ahaztu, hala ere, ikus-entzuleek, hitzaldietan egon direnek, antzerkian egon direnek, ipuin kontaketetan egon diren umeek edota etxetik streaming-ean jarraitu dutenek ere gozatu dutela eta hori hor geratzen da, norberearen diskoraren edo liburuaren salmentak baino harantzago. Zenbat aldiz ikusi da, esaterako, Anariren Platerueneko “Vinu, cantares y amor” ederra? Milaka batzuk. Zein da horren eragina?
Bide batez, standetan egon diren sortzaile, saltzaile, enpresari eta abarrek zenbat erosi dute gainontzeko standetan? Iaz baino kopuru handiagoa izan da? Orain dela bi urte baino handiagoa? Ez da neurgarria, noski, baina gure mikro-mundo honetan oso inportanteak dira gainontzekoen kontzertuetara doazenak edo gainontzekoen hitzaldiak entzuten dituztenak bezainbeste sormen lanei aukerak ematen dizkienak patrikatik dirutxo batzuk aterata. Eroso erosi ahal izan dute, behintzat, standetan egon direnek gainontzekoen sorkuntzak.
Plateruenan kontzertua ikusi dutenak, San Agustinen antzezlanak, Zugazan filmak edo Saguganbaran ipuinak, horiek dira ekosistema desiragarria osatzen dutenak, eta, gerora ere, euskal kulturaren parte izango direnak. Parte: izan sortzaile, erosle, ateko zaindari, komunikatzaile edo antolatzaile. Eta parte urte osoan.
Badakit antolatzaileak standa erosi duten enpresen onerako egin dituztela ahaleginak. Zorionak eta eskerrik asko ematea tokatzen da. Niri horixe ateratzen zait eta ez besterik. Atera da aurrera Durangoko Azoka. Ez zela egingo ere mahai gainean egon zen egun batzuk lehenago, eta alderdi tirabira eskax batzuk ikusi baditut ere egin izana bera da albiste ona. Ustez, denendako. Egin da, zorionez.
Badaude asko saldu dutenak, eta, tamalez, pentsatutako beste saldu ez dutenak ere bai. Ez dut topatu lagun bakar bat ere azoka egin izanaz damututa, baina bai gutxi saldu izanaz kexati. Eta baliteke duela 2 urte beste ez saldu izana, jende kopuruaren eraginez ere bai, baina ez bakarrik. Uste dut momentu ona dela begirada altxatu eta etorkizuneko kulturaren egoeraren nondik norakoaz pentsatzeko. Orain dela bi urte ez da gaur, eta gaurkoa ez da izango bi urte barrukoa. Nik gauza bat daukat argi eta horregatik nire zorionak Gerediaga elkartekoei: 2021ean horrela egin izan ez balitz asko zailduko luke 2022koa eta aurreragokoak. Excelak eta Word-ak gertuago egongo dira aurten azoka egin izanagatik.
Kultura ohitura da
Kulturan errazagoa dirudi, eta izaten da, etxafuegoak bota eta jendea zerura begira jartzea egun eta ordu puntualetan, ekitaldi puntualetan. Arnasa luzekoak eskatzen du erronka konpartitua. Arnas luzekoa da kultura-ohitura. Kultura-ohitura da, hain zuzen, desira eta behar. Kultura-ohiturarako da ona azoka egin izana gune guztiekin. Aurtengoagatik merezi zuen, baina zer esanik ez urte askoan bizirik behar dugun Durangoko Azokarekin pentsatuta. Formatu honek funtzionatu du. Hurrengo urtean gehiago eta hobeto.
Guztiz ados, Iban.