Pena handia da, eta galdu arte ez dena konturatu izango da ez dela zerbitzu horren erabiltzailea. Julianek lana utziko du. Galeraren zenbatekoa eta zelakoa dira handiak. Ez dut uste erraz egongo denik beste inork esatea: “gutxiago erosi”. Julian Markiegiren esaldiak dira: “Gaurkoz nahikoa da”, “bihar etorri berriz”, “gaur ez da aste akabera eta horrenbeste gauza…”, “kromo pakete pare bat nahikoa da, gorde dirua”, “Kinder arrautza oso karua da eguazten buruzurian erosteko”.
Zenbat saltzailek esaten dute ba, saltzen dutena saltzen dutela, “nahikoa da” edo “gaur ez erosi”? Saltzailea saltzeko dago ba, baina Julian ez da bakarrik saltzailea izan. Umetan ulertzen nekeza den arren, umeen laguna izan da. Garbi ikusi eta bizi izan dugu ume ginenok urteak hartu ahala.
Gurea ikusi dut nik neuk pentsati, 5 edo 10 zentimoko gominola bat erosteko; 5 minututik gora pentsatzen, eta Julian begira tarte horretan guztian. Julian: tenplau.
5 zentimo? 10? 20? merkeegi dira zerbitzu horretarako. Zentimoak, euroak… errorea ere egiten dut nik horrela pentsatzen! Izan ere, zentimoa ez da dena. Dirua da trukeko aldagaietako bat, baina ez bakarra. Pazientzia eman izan du Julianek debalde, kioskora joate hutsaren trukean.
elkarteen errifak direla, Dya-ren loteria dela… beti egon da prest laguntzeko. Borondatez hor ere. Mugi txartela ere pazientziarekin kargatu izan du.
“Periodistia”. Bere aita, Juan “periodistia” zen guretzako. Nik beranduago ikasi nuen “periodista”-k beste osagai batzuk bazekartzala definizioan, pentsa! Elgetarrok Julian Markiegirengana barik Julian periodistarengana joan izan gara urte askoan; geroagokoa da “kioskoko Julian”. Dena esatera, izan du periodistatik Julianek. Ez daude herriko notizia asko harek jakin barik pasatuko direnak. Herriko autubatzaile ere izan da zelanbait, eta beti errespetuz kontatzeko kontatu behar zena. Zintzoa. Uste dut berba horretxek definitzen duela Julian.
Ezagutu ez nuen aitita ere “periodistia” ei zen. Federiko, aguazila ere izan zen, udaletxeko bigarren pisuan biziko ziren orduan, seguruen; gero Juan, aita; eta azkenengoa bera, Julian. Baina zelan ahaztu Rosario ama, esaterako. Harek egin zituen kiosko txikian orduak eta orduak. Asko. Eta gure umetako listopasaukeriak aguantatzen ere bai. Julianen arrebak ere ikusi izan ditugu plazabarrenean, izan ere, eguneroko zerbitzua lotua da oso. Badaki dakienak. Eta egunerokoan eten txikiren bat baino ez du egin Markiegi familiak. Egunkari banaketan egunkaririk banatzen ez den egun horretakoa baino ez da izan jai eguna. Urtean pare bat egun. Ikusi dugu goizean goiz lanean, astegun eta jaiegun.
Zein merke erosi izan dugun eta zein garesti izan behar den ez erostea. Herri moduan beste galera bat. Handia. Konturatuko garena falta dela. Zeinek egingo du egunerokoen banaketa egunero, atez ate, eguna zabaldu orduko? Zenbat balio du etxeko zapatilekin ataritik egunkaria jaso, denbora hartu eta eguneko egunkaria irakurtzeak gosaltzen? Ba hori dena posible izan da. Demaseko zerbitzua eman du familia honek eta ezin eskertuago egoteko momentua da.
Deskantsua hartzekoa ere bai, noski, izan ere, baten batek merezi badu Julian Markiegi da. Deskantsua merezi du, eta merezi du urte askoan ahalik eta erosoen eta pozen bizitzea. Berari ere kostatuko zaio, akaso, goizeko erreferentzia ez izatea; guri, behintzat, asko kostatuko zaigu zerbitzu hori galtzea, ez baita zerbitzua bakarrik, gertuko pertsona bat baita herritarrok faltan botako duguna. Eskerrik asko, Julian.
Goienak atera du albistea goiena.eus-en: https://goiena.eus/elgeta/1638518191223-gaur-itxiko-du-kioskoa-julian-markiegik