Gosaltzen irakurri nuen Berria paperean Telleria eta Labakari egindako elkarrizketa. Umorea zen gai zentrala. Ematen du gaiak bai. Gauza askotan egongo dira ados elkarrekin, baina nabaritu daitezke diferentziatxo batzuk ere eta interesgarria iruditu zaizkit, oso. Bereziki interesgarria, hitz honekin aipatzen ez den arren, bezeroa erdigunean jartzeaz dihardutenean. Ezin burutik kendu hedabide baten jokaeraz hausnartzeko ere eman didala, izan ere, esan egin behar da umoretik eta hedabide batean ere: ESAN. Baina nola, zeinentzat, goitik behera, behetik gora, parez-pare, zirikatzaile, mitinero, sarrera (harpidetza) ordaindu duen hori kontuan izanda, funtzionatzen duen hori egitea nahikoa den… Hemen entresaka bat, umorearenaz. Hedabideenaz beste baten…:
Antton Telleria: Eta munduak stand-up komedia egiten du eta euskaldunok berriz, bakarrizketak. Iruditzen zait dela nahi gabe azpitalde batean sartzea. Nik stand-up-aren alde egiten du: stand-up-a euskaraz.
“Ze askotan badirudi: “Hau da nik egin nahi dudana eta hau da niri gustatzen zaidana”. Baina ez dezagun ahaztu jendea zu ikustera joan dela, sarrera bat ordaindu duela, ondo pasatu nahi duela, eta zu zerbitzu bat eskaintzeko ere bazaudela.
Nirea oso komediaren zerbitzura egiten dudan hautaketa da.
Niri gustatzen zait umorea norabide guztietan egitea, sinisten dudalako eta gustatzen zaidalako pentsatzea umorea errealitatearen isla bat dela, eta, alde horretatik, umorea behetik gora soilik egin behar dela esaten duen jendea hipokrita xamarra iruditzen zait, ze gu, bizi, norabide guztietan bizi gara. Kontziente naiz horregatik zauri batzuk irekiko ditudala, baina aldi berean irabazten dit beti umorea egin nahi horrek.
Ni jabetzen naiz, eta ez zait gustatzen, erabat norabide batean eta helburu batekin umorea egiten ari zarenean, zure testuak hartzen duela halako mitin puntu bat.
Nik uste dut aitortu beharko litzaiokeela umoregileari umoregile izatearen lizentzia.
Ane Labaka: Nik ulertzen dut umorea arma politiko bat ere badela, eta oholtzan nagoen momentutik nahi dudala, gainera, gauza batzuetan eragin. Orduan bai, umorearen zerbitzura, baina baita umorea beste gauza batzuen zerbitzura ere.
Eta ni saiatzen naiz goitik beherako umore hori ez egiten, ni umorera iristen naizelako atzean hausnarketa batekin, eta ez dudalako sinisten umorea dela umorea bere horretan.
Nik ikusten dut ia ezinezkoa dela umorea umorea egite hutsagatik hori. Eta ez dut esaten umoreak balio duela gizartea eraldatzeko, bakarrik zuk pentsatu duzulako umoregile gisa zein mezu nahi duzun hor kamuflatu; esaten dut bestela ere gizartea ohituta dagoela eta historikoki umore hari batetik gatozela, eta barre egiten diola horri, hain zuzen ere zuk erdi nahi gabe bota duzun mezu horrek funtzionatzen duelako. Eta niretzat da: “zergatik funtzionatzen du gaur egun bizi garen gizartean txiste mota horrek?”.
Nik sentitzen dut sortzaile gisa ezin naizela erdian egon.
Bertsotan ere, zenbateraino den pertsona, pertsonaia, bertsolaria… Defendituko badugu umorea egin daitekeela denari buruz eta adierazpen askatasun hori, nik defenditzen dut, gainera, orduan, kritikarako eta analisirako prest egon behar dugula.
Elkarrizketa osoa bideo-zatiekin eta guzti ere atera dute Berria.eus-en: https://www.berria.eus/ahomentan2021/09/05/umoreaz-serio.html