Gerra kazetaritzaz-edo eskatu zidaten kolaborazio bat Euskadi Irratitik. Norako eta Amaraunarako; zertarako eta Enbeita eta Urretabizkaiaren tertuliaren sartzeko Nagore Tellerian gonbidapenez. Ezer baino lehen esan dezadan errespetu handia diodala gerra kazetaritzari eta neuk ere miresten dudala langintza hori. Hau esanda, ba zer esan injustuki kontrajartzen zaion kazetaritza lokalaz. Tokikoa… Egia esan, tokikoa ere bada borroka-kazetaritza.
Hiru borroka-zelai aipatuko ditut, behinik behin:
- Erakundeak eta alderdi politikoak. Esango du norbaitek tokikoak ez direnek ere badutela borroka-zelai… eta halaxe da. baina…
- Norbera parte den komunitatea da albiste: auzo-elkarte, kultura mugimendu, kirol talde, ekologista talde, enpresa txiki, komertzio… lokalak ez direnek ere borroka-zelai? akaso, baina…
- Dibortzio-bikoteak: “Negazionistak edo ez”; eta, “Euskal Herria Askatu edo lazo urdina”; edo, “eskola publikoa eta ikastola”; edo, “Atez ate edo bosgarrena”; edo…
Hiru taldeak dira iturriak, eta beharrezkoak denak. Informazio asko sortzen dute, gainera. Baita ezkutatzen ere batzuetan. Eta hiru esparruetan (alderdi-politikan, komunitatean eta dibortzio-bikoteetan) bada aldagai bat garrantzitsua eta tokiko kazetariari eragiten diona zuzen-zuzenean: informantea eta notizia dela lehengusina, laguna, auzokoa, ezaguna. Horrek eragiten du berezko presio bat eta zergatik ukatu, baita autozentsura ere. Borroka-kazetaria da tokikoa: gertuko ingurumariarekin eta norbere buruarekin ditu irabazteko eta galtzeko borrokak eta borrokak.
Gehitu borroka horri borroka prekarioa dela. Kazetaritza, berez, ez delako munduko ofiziorik estimatuena soldata handiak irabazi nahi dituenarendako. Tokiko kazetaritza ildo beretik. Afiziotik behar du ofizio honek, metro karratu gutxian interesdun testuak sortzeko abilidadea, eta behar du kontatu-nahia. Istorio onak ateratzea, erakargarri egitea, harripean dauden horiek ateratzea, ezkutatu nahi direnen bila jardutea… langintza zirraragarria.
2020/10 erret-dekretuak komunikabideen ekoizpena eta banaketa zerbitzu esentzialen barruan sartu zituen pandemia hasi zenean. Pedro Sanchezek. Ez geunden haren zain beharrezkoak ginela sinisteko, baina beno, sartu gintuzten esentzialen zakuan: albaitariak, supermerkatuak, bankuak, banaketa enpresak, notarioak… Hara! ondo pentsatuta… gu ere bagara notarioak. Zeinek jasoko ditu ba herriko kultura elkarte horrek egiten dituen deialdiak edo udalak antolatutako kontzertuak? Edo zirku-karpa jarri dutela herrian? Imajinatu herri-prentsarik ez dagoela. Urteetan egindakoa galduko genuke jasoko ez balitz. Notarioaren testigantzak segurtasun juridikoa ematen die hitzarmenaren parte-hartzaileei eta bere neutraltasunak egiaren presuntzioa ematen du. Sakontzen jarraituta… neutraltasunetik ez, baina inpartzialtasunetik guk geuk ere egiak bilatzen ditugu kazetaritzatik. Egien bilaketan, notarioen kontrara, kazetariak azkura ere sortu behar du. Baita gertukoenei ere, eta ziurrenik gehiagotan behar luke zirikatzaileago, kazetariago.
Kazetaritzak ezer behar badu edozer baino gehiago da SINESGARRITASUNA, baita parte den hedabideko mantxetak ere, eta horretarako ez dago beti jai guztiak jendetsuak, parte-hartzaileak eta giro ezin hobekoak direla esaten ibiltzerik behin eta berriz. Eta hori lortzeko berezko duena eta ezinbestekoa duena da INPARTZIALTASUNA. Gaiak jarrera horretatik lantzea, istorioak kontatzea, ez-objektibo izanda, baina bai objektibotasunaren bila jardunda, zan ere, objektiboa zein da ba! Besterik da bilaketa horri uko eginda jartzea kameraren edo teklatuaren aurrean.
Inpartzialtasuna… Gure ikus-entzule-irakurleek ere ez daukatena, portzierto. Eta eskubide osoz, noski. Bezeroak beti du… Hala ere, demasa da gero ezkerrekoagoa denak ezkerreko agerkariak kontsumitzea eta eskumakoago denak eskumarengoak bakarrik. Horrek gizarte hau hausten du gehiago. Urruntzen ditu pertsonak, zatitzen du, ikusezin bihurtu bestea. Sarrionandiari irakurri berri nion asko ez dela liburu baten sarreran: “Norberaren egiak besteenekin osatzen dira; besteen ikuspegiak isilduz eta desitxuratuz ez dago gizarte osasunik”.
Sinisten dut entzuten dakien kazetariarengan eta jendeari zer pentsatu behar den esaten ez duen kazetaritza moldean. Testuingurua zorrotz marrazten duen kazetaritza aldarrikatzen dut, iturriek (pluralean) diotena entzuteko patxada hartzen duena. Badaukagu zertan inbertitu. Eta iritziak? iritziak editorialetan, tertulietan, iritzi zutabegileendako… Enbetita eta Urretabizkaiarendako, kasu. Zuen txanda bikote, horiek ere baditugu-eta beharrezko.
Kolaborazioaren audioa: