Astean batzar orokorra izan dugu Markeskuan. Pandemia garaian giro lasaian egitea ez da gutxi, baina gehituko nuke lan-giro onean egin dela. Toki hedabideetako ordezkaritza zabala eta puntu guztiak aho batez onartuak. Hori lortu egiten da; ez da bakarrik etortzen. Lan ona egin du administrazio kontseiluak eta Tokikomeko estrukturak. Presidentzia aldaketa ere egin zen. Eta han bota nituenetako batzuk ekartzen ditut blog honetara. Batzarrean, noski, beste hamaika kontu landu ziren, baita plan estrategikoaren baitan egindako kudeaketa plana ere.
New York Times; Financial Times; The Guardian, BBC, … Horiek ditugu begiz jota eta jarraitzen ditugula esaten hasi nintzen. Mundu mailako hedabideak zertan dabiltzan aztertuta uste dut jakingo dugula guretzako zeintzuk izango diren erronkak. Aurrera begira ez gaude bertan goxo egoteko. 43 herrialdetako ia 300 profesionalei (kazetari, kudeatzaile, editore…) egindako inkestatik ateratako ondorio batzuetatik abiatuta nabarmendu nituen puntu gutxi hauek:
Kudeaketa:
- Ideia berriak: inkestatutako profesional hauek diotenez, ideia berriak datuen neurketetatik eta audientziatik etorriko dira. Badakigu gure bezeroa zein den eta estandar bat aterako genuke. Baina 2021ean ez du horrek balio. Pertsonalizatuagoa behar du gure jardunak.
- Kontuz Facebook, Instagram, Whatsapp… Asmatu beharko dugu guk horiek erabiltzen eta ez beraiek gu. Horiek dira pertsonalizazioa saldu, baina masan hartzen dituztenak erabakiak. Hori bai, guk baino datu gehiago dauzkate gure erabiltzaileez eta ez dituzte errespetatzen.
- Harpidetza digitalak: diru-sarrera moduan. Publizitatearen aurretik egunen baten? 3 urtean datu-baseak ondo osatuta. Kliketatik harpidetza digitaletara. APP-aren garrantzia.
- Inteligentzia artifiziala. Langai bat da. Ikusten dut gutako bakoitzak podcastak egiten hastea zail. Ez delako sarrerarik egongo. Baina makina batek gure albisteak irakurriko balitu, esaterako? Inkestatuek diote “5G iraultza” baino garrantzitsuagoa izango dela inteligentzia artifizialak dakarrena. Tokikom ari da lanean duela hiru urtetik gai honetan. Asko dugu aurreratua eta hori posible da batera bagoaz, ez hedabideak banan-banan.
- Kudeaketa aurreratua: sakatu behar dugu honetan. Euro bakoitzari distira ateratzen jardun dugu ezinbestean, eta oraindik ere badaukagu zeregina efizientzian, efikazian eta efektibitatean. Gure irakurleak merezi du.
Edukiak:
- SINESGARRITASUNA lortzea da erronka. Ez batzuek aitortuko digutena, gehiengoak onartuko diguna baizik.
- Inkestatutako %88k diote inpartzialtasuna izango dela gakoa hurrengo urtetan.
- Gure txikian ere udaletako folletoiak edo propagandak ugaritzen ari dira; baita alderdien zein alderdi-ingurukoen sare sozialak. Anonimoak ere nahieran. Ez dira kazetaritza! Egia absolutuak jasotzen ditugu whatsappez. Horren aurrean inpartzialtasunez jokatzeak ekarriko digu dagoeneko maila handian onartzen zaigun sinesgarritasuna.
- Zalantzarik ez, gure proiektuak izango dira partzialak ere parekidetasunaren defentsan, euskararenean, gertukoarenean, zero kilometroko komunitatearen defentsan…
- Herrietako politikariak ere saiatzen dira hedabideak saihesten. Hedabidea erabiltzera ere hel daitezke. Eta ezin dutenean zuzenean nahi dute heldu bozka ematen duen herritarrengana. Eta zer da hori herritarrendako? propaganda: Ez dago galderarik, ez testuingururik, ez datu kontrasterik. Eta hori da kazetaritzaren egitekoa. Onartu dagigun ez dugula beti behar beste denborarik hartzen kontrasterako. Eta derrigor-derrigorra da edozein albistetan hainbat iturriri kontsulta egitea.
- KAZETARITZA hobea egin beharko dugu. Baita agintean daudenak haserretzen badira ere diren kolorekoak direla. Hori bai, inpartzial eta denei lekua eginez.
Tokikometik egin beharko dugu aurrera makinetan, prozesuetan, efikazian, kudeaketan… Beharbada gehiago egin genezake kazetaritzan, hau da, edukian. Beharbada, eta horrela adostuko bagenu, bada langai dugun arlo inportantea, inportanteena ez bada. Ez gara zerotik hasten, eta asmatuko dugu komunitatearekin batera egiten.
Makina bat lan, denon artean errazago eta hobeto egingo ditugunak. Zer ginateke gutako bakoitza Tokikom sortuta ez balego? Tokikom dagoelako gara profesionalagoak eta izango gara eraginkorragoak urtez urte.
Zorion animo eta mezu asko jaso ditut. Publikoak zein pribatuak. Den-denak eskertu nahi ditut. Gure txikian, Euskal Herrian, behar dugu elkarri igurztea ere. Pa bana bueltan.
[…] Iban Arantzabalek bere Etxebarri blogean. […]