Hauxe Goiena.eus-etik ateratako testua, Miren Arregik idatzia:
Gasteizko Europa jauregian gaur, abenduaren 18an, egin den ekitaldian jaso du Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkarteak ‘Zilarrezko A’ Kudeaketa Aurreratuaren aintzatespena. Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek, sailburuorde Estibaliz Hernaezen eskutik jaso du aitortza. Sari hori hedabide batek jaso duen lehen aldia da. Guztira 25 erakundek jaso dituzte Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Aurreratuaren sariak.
Sariok,
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazak, Hezkuntza
sailburu Cristina Uriartek eta sailburuorde Estibaliz Hernaezek eman
dituzte, besteak beste, Euskaliteko Presidentearekin, Jose Hernandezekin
batera. Lehendakari Iñigo Urkullu ere izan zen ekitaldian.
Modu horretan, praktika aurreratuak eta Goienak bere interes taldeekiko –bezeroak, pertsonak, bazkideak eta gizartea, besteak beste–, duen asebetetze orekatua saritu dizkio Euskalitek Goienari. Aurten Euskaliten aitortza jaso duen Debagoieneko enpresa bakarra da Goiena; horrez gain, Tubax-ek, Potrón Electrónicak, Spri Agentziak eta Mercabilbaok ere jaso dute Zilarrezko A saria gaurko ekitaldian.
Goienari emaniko saria pozarren jaso du komunikazio taldeko zuzendari Iban Arantzabalek. “Oso pozik gaude, aitorpen inportantea delako guretako. Goienako lankideak, Goienako gainerako bazkideak, Debagoieneko gizartea, bezero komertzialak, irakurleak, ikus-entzuleak, erabiltzaileak… Uste dugu denon saria dela eta bakoitzari zati bat dagokiola”.