Ekartzen dut “Red ética” blogeko artikulua irakurri osteko hausnarketa batzuk. Artikulu originalaren izena (eta lotura) da: “Ocho cualidades que definen el periodismo de calidad“. Zortzi ezaugarriok London School of Economics-eko irakasle Charlie Beckettek aipatutakoak dira. Are gehiago laburtuta irakurri daitezke hemen.
Atentzioa deitu dit lehen ezaugarrian bertan dagoen esaldiak: “No importa cuán valiosa sea la “calidad” de su contenido si las personas no lo consumen.” Egia esan, kalitate goreneko edukiak egin genitzake, baina gutxik kontsumitzen baditu… Argitaldari eta bezeroaren arteko arrakala horrekin bizi behar duen enpresak benetan merezi behar du… Baina goazen Beckettek aipatutako ezaugarrietara:
1) Kalitatea = erabiltzaile esperientzia
Irakurterraza egin behar da kazetaritza. Ehun berbako artikulu bat hobea izan daiteke erabiltzailearendako eduki multimedia interaktibo bat baino. Nahiz eta maitasun handiarekin egina egon 5 parrafako sarrera luze batekin aurkeztuta nekez da esperientzia positiboa lortzea.
2) Kalitatea = pertsonalizatua eta editatutako edukia
Informazioa bilatu, hautatu, editatu, antolatu eta partekatzea da gakoa. Gutxiago ematea gehiago ematea da askotan. Informazio uholdetik hautatu behar da zer eta zelan.
3) Kalitatea = balio erantsia
Momentuoro gertatzen dira notiziak, orainak du garrantzia. Hala ere, kazetaritzatik eman daitekeen balio erantsia da: testuingurua ematea, analisia egitea eta iritziak plazaratzea. Garrantzitsuak baita: esperientzia, ikerketa eta berritasuna ere. Hauetara heltzeko ohikotasunez egiten ditugun gauzei erreperatu behar, zeintzuk diren behar-beharrezko ikusteko eta zelan utzi lekua berriei.
4) Kalitatea = nabarmentzea
Erabiltzaileek hainbat lekutik jasotzen dute informazioa, gero eta gehiagotik. Beharbada zer nabarmendu da pentsatu behar duguna ondo eta ez dauka zertan jendeak gehien kontsumitzen duen hori izan behar beti.
5) Dibertsitatea, serendipia eta poztasuna
Askotan erabiltzaileak ez daki zer gura duen irakurtzea. Aukera daukagu sorpresak emateko, kontatu irakurleak ez dakien hori. Batzuetan jakitea nahi duela ere ez daki eta kazetaritza onaren esku dago hori. Ustekabeko aurkikuntzak atsegin zaizkio erabiltzaileari.
6) kalitatea = inpaktua
Erredakzioan lanean dihardutenek pertsonetan duten eraginaren jakitun (edo kontzienteago) balira, komunitatean duten balioa hobeto ulertuko lukete.
7) Kaliatea = esperientzia emozionala
Sentsazionalismoa ez dago ondo ikusia ez. Baina hortik eta esperientzia emozionalei muzin egitera… Sentimentuak, identitatea, baloreak… bizi kalitatearen parte dira eta baita hedabideekin erabiltzaileek duten lotura inportante ere. Emozionalki konektatu behar da bezeroarekin, irakurle-entzule-ikuseleekin.
8) kalitatea = notizietatik haratago
Beharbada, notiziak ematera ohituratuegi dagoenak behar luke igurtzi handiagoa komunikatzea lanbide duten beste jende batekin. Esaterako: antzerkilariekin, musikariekin… Esperientzia kulturalek eragiten dute bezeroengan eta ez genuke pista hori galdu behar. Badago zer ikasi eta inoiz ere ez dago sobera (beharrezkoa da) kulturalki jantziagoa izatea erredakzioan lanean dagoena.