Desinformazioaren kontrako antidotoa da tokiko kazetaritza

Titular horixe irakurri berri dugu El Pais egunkarian  ateratako artikuluan. Badakizue, etxetik beharrean kanpotik datorrenean… Jar diezaiogun etxeko ikuspuntua. The Expanding News Desert  (pdf-a) azterlanean jasotzen denez Amerikako Estatu Batuetako ezinbesteko zutabe izan da tokiko prentsa. Eta Euskal Herrian? antzerako ikerketarik ezagutzen ez dudan arren badut uste (ez-zientifikoa, klaro) tokiko prentsak gero eta garrantzia handiagoa duela.

Herrialde horietan moduan, Euskal Herrian ere zerbitzu informazio handia ematen dute tokiko hedabideek. Gure orriak eta pantailak gertuko agendaz, udaleko oharrez eta ekimen publiko eta pribatuen ekintzez josiak daude. Informazioa bor-borka. Eta behar bat dago hori familietara eta norbanakoetara heltzeko, izan ere, bezeroek eskatzen eta eskertzen dute lan hori. Zelan litzateke posible, esaterako, Debagoiena komunitatea orain dela 18 urte zaborrak biltzeko bakarrik zela pentsatzea, eta gaur gaurkoz, 18 urte atzera gure buruetan ez zegoen “debagoiendar” berba takean-potean entzutea zinegotzei eta alkateen ahotan? Tokiko kazetaritzak ere egiten du Debagoiena, noski; eta egiten du Euskal Herria ere.

Hedabide lokalak dira udalen jardunaren nondik norakoa dakitenak. Astean bertan egin dugu Debagoienako plataforma irekirako saio bat. Herri bakoitzeko kazetariak hartu du parte bertan eta zerbait ikusi bada da herri horretako informazioa azaleratua dagoela tokiko hedabideak izan badirelako. Nolabaiteko kontrola egiten zaio diru-publikoari, demokrazian sakontzeko balio du tokiko aldizkarigintzak, ahotsa ateratzea nekeza zaien horiei bozgoragailua jartzen diegu… Herriaren nondik norakoaren berri badu profesionalak. Eta bai, badugu bide luzea lantzeko ere, oraindik, zergatik ez aitortu. Hala ere, zeinek dauka ba herriaren pultsua ez bada herri horretan berezitua duen kazetariak?

Gertuko kazetaritza ez da egiten agentzietatik heltzen den ohar zaparradaz. Gure argazkien %95 geuk sinatutakoak dira. Bulego kazetaritza gutxien gertuko hedabideetan dago. Ez dira gaztelerazko eta beste hizkuntza bateko oharrak itzuli eta argitaratzen, normalean. Eskatzen du iturriarengana joan eta kazetaritza zuzena egitea, bertatik bertarakoa. Batzuetan ahotsa grabatuta, beste batzuetan ikus-entzunezkoa eginda, baina bertatik bertarako kazetaritza multimedia. Horrek ere egiten du sinesgarri, horrek egiten du estimatu. Badu kontrako alderik ere kazetariarendako, izan ere, presioa handia da. Aurten bertan hamaika albiste atera barik izan ditugu, hozkailuan, iturriek itxaroteko eskatuta. Inoiz, baita albiste hori beste hedabide batzuetan aterata ikustera heldu arte, gainera! Hari fin horren gainean egiten du dantza gertuko kazetariak: komunitatearendako komunitatearekin, eta, beti ere, kazetaritzak berekin dakarren informazio eskubidea ahaztu barik. Motxila ere bada batzuetan, eta esklusiban albiste batzuk izan arren ez da erraza izaten momentuan atera edo ez erabakitzea. Sarri lantzen da gehiago, kontraste handiagoa egin eta ondoren atera.

Kalitatezko kazetaritzak eskatzen du bizkortasuna bera ere aldagai bat izatea 2018an. Hala ere, eta zure herrikideendako informazioa egiterakoan eskatzen du baita ere publikatu behar den hori ondo lantzea. Sinesgarritasunaren mesede, zalantza izpirik gabe. Kontrastea eta sinesgarritasuna bizkortasunaren kaltetan.

Ez da erraza aukeratutako ofizioa. Negozio ikuspuntutik ere gero eta makurragoa eta gero eta zailtasun handiagoduna. Publizitate diruak handienetara daude bideratuta eta lokalek apal-apal eta batuta baino ezin diezaiekete aurre egin handienei. Bitartean, lizentziatua dagoen jendea behar besteko eta merezitako soldatak jaso barik. Komeni da fokoa enpresetako lankideengan jartzea eta horri aurre egiteko pauso politak eman dira EAE-ko erakundeekin, Aldundi eta Jaurlaritzarekin. Zalantza barik, 2019an aurrerapausoak eman behar dira soldaten gaian ere, ofizioak merezi duelako eta egiten denak balio sozial handia izatez gain gure bezeroen ehuneko handienak beharrezko edo oso beharrezko jotzen duelako egiten dugun lana. Aurrekonturik adostu ez izanak ez digu laguntzen, baina jarraitu beharko dugu markatutako bidean. Hedabideetan xeoxer hobetuko den esperantzan gaude, badira, hala ere, ahaztu ezin ditugun beste hainbat ofiziokide: gidoigileak, produktoretan dabiltzan teknikari eta kazetariak, ikus-entzunezko sektoreko enpresa osoak…

Tokiko enpresen hautua badago doakoari ere lotua, baina ez da horregatik kostatu gabekoa. Telebista eta webguneetan dagoena jasotzen dute bezeroek diru trukerik egon gabe. Seguruenik, gure egitekoa euskararekin lotuta dagoelako ere izan behar du horrela, baina txarto egingo genuke klik bakarrera edo telebista kateko botoi bakarrari zapalduta jasotzen dena balioan jarriko ez bagenu. Jende askoren lana dago hor atzean eta gure bezeroa inozoa ez denez badaki egiten den lanak kostua duela. Gertuko hedabideen mantxeta guztiek dute beste inork eman ezin dezakeen edukia eta gainera euskararendako “irabazia” dagoen esparru bat dela ere esan genezake, euskara lider den esparru bat.

Tokiko hedabideoi dagokigu zintzo jarraitzea lanean, komunitatearen luze-zabalera ondo neurtuta eta ahalik eta komunitate handienari zerbitzua ematea. Sinesgarri, komunitatearekin batera eta komunitatearendako lana eginda, gertutik, desinformazioari mugak jarriz, testuinguruak landuz… KAZETARITZA egitea. Hori baino ez eta hori dena: kazetaritza.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude