Pentsatu dut lerro batzuk idaztea blog honetan. Gaztetu ez naiz egingo, tamalez, baina balioko dit Internetik ez zen garaiak gogoratzeko, pezetetan genbiltzan garai haiek, antzokirik ez genuenak, ez zineklubik, ez urtean zehar kultura ekitaldi iraunkorrik, ez.. barkatu, ez dut hortik jarraituko, zahartzaroa urrun dugu-eta 🙂
Neuretik da idatzia, hiru urtera atera genuen fanzine bat gida moduan hartuta. Orduko arrakastaren gako batzuk ere ausartu naiz jartzera.
Lehen hiru urteak
Joan dira urte pila bat. 1992an sortu genuen EGA, Elgetako Gazte Asanbala. Orduan, oraindik, “Euskararen ajeak” liburua argitaratu gabe zegoela, ze bestela, Gazte Batzarra deituko litzateke Sarasolaren “kulpaz” 🙂
Hiru urte pasa ziren hainbat ekintza egiten. Sonatuak izan ziren ikastolen jaietatik azkena ateratzen zen autobus haiek, esaterako. Elgetakoa beti azkena. Hiru urtean 700 pertsona inguru mugitu ziren autobusotan. Batzuetan bi ere atera genituen Elgetatik. Indarra hartzen, hala ere, 94an hasi zen EGA. Urte horretan, esaterako, aldarrikapena izan zen emakumeen borroka. “Elgetako emakumeak” moduan sinatu zen EGAtik sortutako pankarta.
1994koa izan zen ikastaroen urtea: txalaparta, hankapalo, trikiti ikastaro… eta baita fanzine bat-edo behar genuela hausnatu genuenekoa. Fanzine bat behar lukeenak amaitu zuen GOIBEKOKALE izaten 1995eko apirilaren 1ean. EGAk sortua eta bultzatua. Hamaika laguni eskerrak aurrera atera zena eta onarpen handi eta zabala izan zuena Elgetan. Hilabetekaria oso maitatua izan zen, 2000. urtera arte iraun zuena eta gero Goienari lekukoa pasa. Urte berean berreskuratu genuen Asentzio Eguna. Oso potentea jendez, urte dezentetan. Gogoratuko da norbait Elkoro pilotariaren finala pantaila handian ere ikusi ahal izan zela, pagopean, urteren baten.
1995ean antolatu zuek EGAk lehen kontzertua. Ederra izan zen. Pottoka, Tapia eta Leturia Band eta Bizkar Hezurrak. Frontoian izan zen, Xabier Montoiak esaten duen moduan Euskal Herriko soinurik txarrena duen frontoi horretan. Faltan genuen lokal bat… Erakutsi genuen behar genuela… eta herriak ere ikusi zuen bagenbiltzala… aktibo ginela… 1996ko martxoaren 22an okupatu zen Gaztetxea.
Ardatz batzuk:
Ekintzak eta espazioarekin autokudeaketa: Ekintzak ziren garrantzitsuak, duda barik. Baina lokalak lagundu zigun ekintzok aurrera ateratzen. Espazioa inportantea zen, eta autogestiorako beharrezkoa han barra bat izatea.
Euskara: Egunkariako tonbola, Karrakorrikako tonbola, Korrikako kilometroa erostea, euskararen jaietarako autobusak…
Euskal prentsa irakurtzeko gune bakarra zen herri osoan. Tokikoetatik zeuden: Arraste Press, Elgoibarren, Lau Haizetara, Aretxagazeta, Eta Kitto… Argia astero-astero hartzen zen eta Entzun musika aldizkariaren harpidedun zen Gaztetxea. Napartheid ere bazen, bestelako komikiak, El Tubo, hainbat fanzine…
Herrirako jai egunak: Asentzio eguna izan zen lehenengoa. Euskal dantzak, bolatokia prestatu, herri kirolak, trikitilariak, bertsolariak… zer ez dugu egin Asentsio egunean! Zehatzago: zer ez dute egin herritarrek Asentsio egunean! Geroago etorri zen udazken jaia. Jai egun borobila, tortilla lehiaketa jendetsuekin, erromeriak… Herri proiektu bat osatzen zuten ekintzok.
Hitzaldiak: antimilitarismoa eta intsumisioa gogor zeuden urteak ziren. Tokatzen zitzaien gure tarteko hainbati… Durangaldeko MOC-KEM taldekoak izan genituen lagun hainbat hitzalditan.
Gai tabuak era bai Gaztetxean: HIESA: beste gai bat potente zegoena… Ez dut ahaztuko Jon Salaberriren hitzaldia, esaterako. Lehen aldiz izan ziren kondoiak barra gainean, bistara, edozeinen eskura. Sexuarekin lotutako hainbat hitzaldi antolatu ziren. Gehiturekin antolatutakoak, Amaia Vazquez sexologarekin…
Herriari zabalik: Ez zen EGA bakarrik espazioa erabiltzen zuena. Pentsa, okupatu zen garaian EGIko gazteei eskaini zitzaien EGI akanpadako koordinazio gunea jartzeko; edo Elgetako HB-k ETAren alternatiba demokratikoa bertan aurkeztu zuen.
Lau paretetatik harantzago: herria genuen helburu. Holaxe zabaldu genituen “gosea munduan arazo politikoa da” moduko aldarriak panelen bidez. Txiapasi buruzko hitzaldiak, panel informatiboak, Markos Subkomandantearen parrafo osoak…
Ikus-entzunezkoak: diapositiba emanaldiekin hasi ginen. Josetxo Arantzabalek prestatu zituen berak ateratako euskal musikari buruzko argazkiak eta kantuak. Gero etorri ziren Islandiari buruzkoak, Bi emakume Turkiatik Birmaniara… KUTXAk lagunduta ere egin genituen diapositiba emanaldi jendetsuak. Ez-ohikoa inguruko gaztetxeei begiratuz gero. Zinekluba ere izan genuen aurrerago.
Antzerkia: Bilboko “Transito Teatro” taldeak zabaldu zuen antzerkien zerrenda eta gero etorri ziren Arrasateko “Txatxi” gazte taldea eta beste hainbat.
Ikastaroak askotarikoak izan dira, Gaztetxerik ez zegoenean ere. Gerora jarraitu zuten gehienek, eta berriak gehitu. Esaterako, grafiti ikastaroa eman zigun Elorrixoko Xaldo frafiti taldeak.
Dantzak izan zuen lekua beti: trikitiarekin hasi zena saltsa ikastaro ere bihurtu zen Ane Mendiola oiartzuarrarekin. Ikasi ahal izan zen merengea edo jazz-a dantzatzen ere. Eta Asentzioarako Larrain dantzarekin hasi zenak Iribas-ekin jarraitu zuen.
Umeak: Beti izan dute lekua Gaztetxean. Hasieratik egin dira ekintzak: egun pasak, jolasak, dantzak, abestiak, goxokien boloak… eta gerora umeendako zinea ere izan zen Elgetan lehengo aldiz. Gaztetxeak inbertsio handia egin zuen zine pantaila eta proiektorea erosten. Euskarazko marrazki bizidun DVD-ak ere lortu genituen Eusko Jaurlaritzatik.
Denetik: futbolin txapelketak, partxis, mus… eta irteerak ere bai mendira, eta txitxiburduntziak, eta… ufff. Zenbat gauza.
Musika ere izan da ardatza. Bai eszenari lagun dio dio Gaztetxeak, bai gure gozamen iturri izan da eta diru-sarrera garrantzitsu bihurtu zuen barra. Elgetako Gaztetxetik den-denak joan dira sarrera osoa kobratuta, gutxienez. Baita gehiago ere sarritan sasoi hartan.
1997rako talde hauek pasatu ziren Gaztetxetik: Iskanbila (hau izan zen lehen kontzertua), Non Demontre, Aitzol Mujika, EH Sukarra, Parabellun, Ekon, Beer Mosh, Xabier Montoia, 6nemen9, Eraso!, Noise Am Behin, Ttak, Anophles, Storbais, Parentesis, Luther, Brutal Melody, Brigada Slam, DAntzut, Hardezan… Itxaron zerrenda handia zegoen Elgetako Gaztetxean, 30-40 talde bai, zain zeudenak noiz deituko.
Urteroko ekintza asko: Hasierako urteak dira errepasatutakoak. Baina ekintza gehienek izan zuten urte askoan errepika. Eta berriak etorri ziren ostean. Hiru-hileko programzioa zuten triptikoak ateratzera ere heldu ginen. Justo de la Cuevak emandako moduko hitzaldiak geratu zaizkit gogoan, edo inprentatik pasatako lehen kartel koloreduna Gaztetxeen koordinakundearekin batera egin genuela, AHTaren kontrakoa, edo taulatik botatzea kostatzen zitzaigun Arakajun taldea zein Mal de Ojokoak, Apoaren edertasuna lan ederra, edo Berri Txarrak mutiko zireneko hura… Rogelio Botanz talde guztiarekin, zenbat erromeria…
Nik horrela gogoratzen ditut hasierako urteak, lehen hamarkada-edo bai, behintzat. Eta dena zen polita eta happy? Bai zera! Baina hori beste post bat da. Guk ere atera genuen kartel bat “Gaztetxearekin zirt edo zart!” egin behar genuela genioena
Nire ustez, arrakastaren gakoak izan ziren:
– Herrira begirako proiektu plurala.
– Proiektu beregain sozio-politikoa. Autokudeatua.
– Irekia ideietan, egiteko moduetan, estiloetan…
– Lagunarte sendoa, talde ona. Bereziki emakumeez osatua.
– Anbiziotsua eta lanerako gogoduna. Ondo pasatzeko beti prest!
– Barrak dirua ematen zuen.
– Kolektiboak inporta zuen.
– Ez zegoen larregi herrian eta ezer gutxi eginda ere bazetorren txaloa.
– Euskalduna eta euskaltzalea.
2018ko martxoaren 17an itxiko ditu ateak. Gazte Asanbladako kideek esan dutenez giltzak emango zaizkio Udalari. Aipatu dituzte arrazoi batzuk ere. Penaz, baina errespetu osoz hartzen dut erabakia eta egia esan ausarta ere iruditzen zait. Proiektuak sortzen eta hiltzen ere jakin behar da. Garai bakoitzak eskatzen du jokatzeko modu bat eta jokatzeko modu hau gaurko gazteek erabakitakoa denez badu balioa. Zoriondu baino ez 1992ko EGA hartatik 2018ra artean lanean ibili diren guztiak.