Aurreko astean aurkeztu genuen 2deo, Euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza laborategia. Tabakaleran aurkeztu genuen, berez, 2deo zabaltzeko lekurik egokienean, egia esan. Ehun bat lagun izango ziren ikus-entzuleen artean.
Ez da izan erraza puntu honetara heltzea. Eskatu digu, batez ere, datu eta iritziak batzen denbora asko pasatzea. Duela urtebete hasi ginen sektoreko jendearekin egoten eta 80 enpresatik gora elkarrizketatu ditugu. Ekoizle-etxe txikienetik, autonomoak diren argiztatzaileetara, edo EITBko arduradunetara eta EIKEN edo Ibaia moduko erakundeetara… Oinarria izan da etenbako entzuketa, desing thinking metodologiak eskatzen duen moduan. Gainera, seikote batek osatutako kontraste taldea izan dugu urte guztian zehar egiten genuena jarraitzen eta proposamen berriak egiten. EHUkoek gazte gipuzkoarrei egindako 2.500 inkesta ere izan ditugu eskura. Prozesu guztia blindatzeko, sektoreko jendearendako hiru jardunaldi egin genituen Orona-Ideon eta han jasotako iritziek ere garrantzi handia izan dute azken proposamena definitzerakoan.
GFA-tik enkargua egin zigutenetik argi izan genuen Mondragon Unibertsitateko eta Goiena Komunikazio Taldeko lantaldean (Oihane Agirre, Goio Arana, Amaia Pavon eta laurok) kontua ezin zela izan txosten huts bat egitea, bakarrik. Prozesuak izan du garrantzia eta esperimentazio errealak.
Hiru galderari erantzuten saiatu gara prozesu honetan: Berritzailea da interbentzioa?
Zelan laguntzen du ikus-entzunezko sormena sustatzen? Etorkizuneko laborategirako balio du interbentzioak? Horrela jarri ditugu lau proiektu martxan eta beste asko atzera geratu dira, laborategia sortzeko zain.
Aurkeztu dugu laborategi bat Euskara sustatzea duena helburu kontsumoa handituz. Jende gehiagorengana heltzea beharrezkotzat dugu eraginkor izateko. Ekoizpen eredu berri eta formatu berriak esperimentatzea eskatu digu horrek eta kalitatea zer den birformulatu beharko dugu jardunaldietan parte hartu zuten unibertsitate ikasleek gogorarazi ziguten moduan. Ze… eskuko telefonoekin grabatutako bideo motz horiei ez diegu begiratuko kalitatearen izenean? Ahaztu youtubeko euskarazko material hori guztia? Oker geundeke hori eginez gero.
Helburuetan kokatzen da baita ere sektorean onura eragitea, bai baitakigu sektorearekin eta sektorearendako izan behar duela laborategiak bereziki, merezi eta behar duelako. Euskal Herriko edozein herritarrendako ere gura izan dugu lekua egin laborategiak. Ateak zabal-zabalik izango ditu laborategiak eta igurtzia topatuko da sektorea eta herritarren artean.
Garazi Goiak, arrakastarako gakoak zerrendatzeaz gain esan zigun garapenean inbertitu egin behar dela eta horretarako dirua behar dela. Dirua egongo da laborategi honetan, baina oker legoke beste leihatila bat espero duena. Laborategian ezberdin egindako produktuetan inbertituko da bai denbora, bai baliabideak. Asmoa? Produktu hobetuak ateratzea merkatuan lehiatu daitezen.
Proposamen konkretua dago idatzita
Aurkezpenean ez ginen heldu urte beterako idatzi dugun ekintza plana zehaztera, funtzionatzeko moduari eman gura baikenion garrantzia. Hau da, ZELAN galderari erantzun ZER galderari baino. Hala ere, jakina, ZER ere idatzita dago txostenean eta horretarako bizpahiru erraztaile ere beharko direla.
Laborategi hau behar dugula uste dugu honetan jardun dugunok sektoreari entzun ostean, baina laborategia tresna bat baino ez da. Froga egin dezagun eta baloratu, bi urte barru, ia merezi duen ildo honetatik jarraitzeak edo ez. Idatzita utzi dugu sektoreak edo erakundeek ikusiko ez balute itxi egin beharko litzatekeela 2deo. Egitasmoa hil eta beste zerbait berria asmatu. Horregatik aurkeztu dugu obra handirik gabeko gunea, modulablea, sormen industrietako beste arloek ere erabiltzeko modukoa, zabala eta Tabakalerako gainontzeko bizilagunekin igurtzia bilatzen duena.
Guretzako ikastaldi demasa izan da urte honetakoa. Asko ikasi dugu, bereziki elkarrizketetatik. Baita nazioarteko egonaldietatik, Orona-Ideoko jardunaldietatik eta laborategietara egindako bisitetatik. Aurkezpen arriskatu bat ere egin genuen abenduaren 14an eta esperimentu bat izan bazen ere balio izan digu aurkezpenak mila modutara egin daitezkeela ikasteko ere.
Ez dakit aurkezpena egunean bertan bezala antzematerik dagoen, baina ikusle eta hizlarien artean informazioa erakusteko modu berri hau ikusiko dugu beste leku batzuetan ere. Amaitzeaz bat hiru enpresak ia zelan egin genuen aurkezpena galdetu zieten teknikariei. Teknikarien lana ere ederra, atzean lan-ordu asko egon dira-eta. Niri tokatzen zait etxekoak eskertzea: Goienako ikus-entzun arloko teknikariek jai egunak barne egon dira aurkezpenerako materiala sortzen eta jakinekoa da hori gabe ez legokeela esperimentatzerik. Zer den ekipo on batean lan egitea!
Inork gura balu aurkezpena ikusi, hemen dago, behar besteko argipean eta zer izan zen antzemateko aitzakiarik gabe. 7’30’’-etik aurrera dago laborategiaren aurkezpena. Aurretik Ahaldun Nagusiaren sarrera eta ostean Bingen Zupiria, Markel Olano eta Eneko Goiaren tertulia Vanessa Sanchez-ek gidatua.
Bideoa, OrainGipuzkoaren creative commons lizentziari esker.