Idatzi hau sinatu dut Euskal Herriko hainbat eta hainbat kazetarik egindako moduan:
Euskal Herriko komunikabideetako langileok bat egin nahi dugu Kataluniako hedabide publikoetako langile eta ordezkariekin, eta Kataluniako Kazetarien Kolegioak zabaldutako agiria geure egin, Espainiako Gobernuak TV3, Catalunya Radio eta ACNren gainean iragarritako esku hartzea salatzeko.
Hemen bildu garen komunikabideetako langileok, hortaz, geure egiten dugu Kataluniako Kazetarien Kolegioak zabaldutako mezua:
Kataluniako Kazetarien Kolegioak, 4.000 profesional baino gehiago biltzen dituen zuzenbide publikoko elkarteak, irmoki salatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, oposizioko beste alderdi batzuen babesarekin eta Konstituzioaren 155. artikuluaren aterkipean, TV3, Catalunya Radio eta ACN zuzenean kontrolatzeko iragarritako asmoak.
Kataluniako Kazetarien Kolegioak uste du Generalitateko gobernuaren jabetzako hedabide publikoetan esku hartzea aurrekaririk gabeko erasoa dela demokraziarentzat eta adierazpen askatasunarentzat, hau da, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasota dagoen oinarrizko eskubide batentzat, eta modu onartezin batean jartzen du zalantzan TV3 eta Catalunya Radioren profesionaltasuna. Gainera, bi hedabide horien esku hartzea informazio eskubidearen urratze bat da, hau da, demokraziaren oinarrietako batena, zeren bi hedabide horiek zalantzarik gabeko erreferentzia informatibo bat baitira Kataluniako gizartearentzat. Kazetarien Kolegioak duela aste batzuk ohartarazi zuenez, ez dago egoera bakar bat, oso salbuespenekoa izanik ere, informazio eta adierazpen eskubideetan atzera egitea ekar dezakeena.
Honi dagokionez, ezin da egon informazioaren profesionalen prentsa askatasuna muga dezakeen ezein irizpide, eta Espainiako Gobernuaren esku hartze honek arriskuan jartzen du kazetaritza independentzia, zeina honako hauek arautua den: Kolegioaren Kode Deontologikoak, TV3eko, Catalunya Radioko eta ACNko batzorde profesionalak eta Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko gobernu organo propioak, zeinak Kataluniako Parlamentuari zor dizkion kontuak.
Une zail hauetan, Kataluniako Kazetarien Kolegioak, zeinak duela bi hamarkada oso lan aktiboa eduki baitzuen hedabide publikoen gainean, aitortu egin nahi du TV3 eta Catalunya Radioko erredakzioen lan profesionala, eta hedabide horietako batzorde profesionalen ondoan jartzen da eskatzeko Kataluniako ordenamendu juridiko propiora itzul daitezen.
Azkenik, Kataluniako Kazetarien Kolegioak deitoratzen du Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernuak sekula pairatutako erasorik zuzenena bultzatu izana, 155. artikuluaren aplikazioaren bidez, zeinak, de facto, Konstituzioak eta Kataluniako Estatutuak babesten duten autonomia baliogabetzen baitu.
Euskal Herriko komunikabideetako langileak