Goienatik “Gipuzkoa kultura” deitzen zen telebista programa bat egiten genuen. Oso maitea genuen programa, egia esan. Batzen ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura teknikariek zuten jakintza eta Goienatik telebista egiteko behar zena. Emaitza duina zen. Askotan, hala ere, izaten genituen komentarioak Artelekutik bueltan etortzen zirenean kazetariak… Komentario haiek gogoan eta irakurri berri dudan liburua aintzat hartuta zati bat gustatu eta ekarri dut blog honetara, Juan Luis Zabalaren “Txistu eta biok” liburutik. Berari baimena eskatu barik eta zatiok irakurtzean barre egin dudala egileari aitortu ostean 🙂
Ondo pentsatuta, azken batean inbidiagatik izango da seguru asko. Artista garaikideak nahi duena egiten du, bere barruko bulkadari askatasunik handiena eman diezaioke, eta horixe bera txalotuko diote gainera, bere buruari mugarik jartzen ez dion sortzaile ausarta dela esanez. Kazetariak, aldiz, eskatzen zaion piezaren neurriari, tonuari eta gainerako ezaugarri nagusiei ez ezik, men egin behar die: egiari, errealitateari edo dena delakoari; zuzentasun linguistiko eta gramatikalari, hizkera xenofobo, sexista edo misantropoa saihestuz; medioaren ideologiari, deontologiari eta, egokitzen bada, premia komertzialei; iritzi publikoa deitzen denari eta ustezko zentsuzkotasunaren mugei. Eta hori guztia, nahitaez, aintzat hartu behar du ordenagailuaren aurrean tekla bat zanpatzen duen bakoitzean.
… Nolanahi ere, aitortu behar dut atsegina zaidala arte garaikidea, erakarri egiten nauela…Â … Seguru asko erabateko askatasuna eskaintzen duelako, gehienetan funtsezko ezertarako baliagarri izan gabe bere baitan alferrik galtzen den askatasuna bada ere.