Apunte batzuk eraman nituen aurrekoan Espaloira eta horietxek ekarri ditut blogera, gordeta geratzeko besterik ez bada ere. Egia esan, Astrako Johanak eta Platerueneko Enekok esandakoak ziren interesekoak, baina horrek jasotzerik ez dut izan. Nireak hemen, jakin arren ahoz botatzeko zeudela idatzita:
- Txostena 2000ko apirilean aurkeztu genuen; Goibekoko batzar orokorrak onartu 2003ko martxoaren 6an; 2004ko ekainaren 10ean kooperatibaren estatutuak onartu; Espaloia zabaldu 2004ko ekainean.
- Udalak 342.272euroko inbertsioa egin zuen; Goibekok 84.000 euro hasieran eta gerora beste 60.000 inguru (teloi, barru-soinu etab); Udalari utzi zizkion Goibekok 78.000 euro. Guk apustua egin genuen bai, eta baita Udalak ere. Zor barik desegin genuen Espaloia kooperatiba 10 urteko kudeaketaren ostean.
- Espaloia zabaldu genuenean ez zen asmoa izan kontrakultura hartzea kulturaren oinarritzat.
- Disidente eta trasgresorea? Ba ez zen momentua. Oraindik ere ez da momentua, seguruen. Erakunde publikoek zenbat diru inberti dezakete kulturan gurea moduko herri batean? Udalak zenbateko aurrekontua du kulturara zuzendua?
- Gaztetxeak ez du kulturaren arrastoan funtzionatzen azken urteetan. Kultura ekintzendako leku handia dago gure herrian eta Debagoienean eta horri probetxu gehien elgetarrek atera diezaiokete. Eskualde proiektua izan behar zela argi zegoen, Eibar ere kontuan hartuta.
- Gure hautua izan zen: askotarikoa, euskaraz lehenetsia, autofinantzatua (laguntzekin noski!), autokudeaketa irekia (edozeinen eskaerei zabalik beti, egin dira kontzertuak guk sekula antolatuko ez genituenak, dirua galduz. Sortzaileei beti ordaindu zaie ahal zen guztia. Takila gutxi ateratako kasuetan beti lagundu zaie gehitxoago. Hori akorduan dute sortzaile askok.
- Lehen urtean bila joan ginen, gero etortzen zena kudeatzen nahiko lan. Astean dozena bat eskaintzatik gora jasotzen ziren. Eta horri gehitu, klaro, gurean estrenatu diren antzezlanak, musika kontzertuak… asko punta-puntakoak eta gehienak euskaraz. Amaieran konturatu ginen gure gustuetarako programatuta gazteak ez genituela nahi bestetan erakartzen.
- Espaloiko erabakitze formula izan da lagun arteko afaria egitea. Eguaztenero lauzpabost lagun eta, noizean behin, puntualki, besteren bat. Eta inportanteena: AUZOLANA. Jendea beti egon da prest laguntzeko. Hori ezin da edozein herritan lortu. Elgetan bai.
- Antzezlan asko, musika gehiago, magia, ipuinak, dantza, kantua… denetik izan dugu. Ni bi gauzarekin geratu behar banintz…: Errautsak antzezlana ederra izan zen, Artearekin batera; baita Juan Karlos Perezen kontzertu jazzeroa, Ruperrenekin batera. Eta gero Danbaka fenomenoa, udalak antolatutako guztiak, kanpotik antolatuta zetozenak ere bai…
- Eskerrak taberna eta jatetxearekin pentsatu genuela hasieratik. Joko handia eman dute. Lana ere bai, bereziki Espaloia kooperatibako lan bazkideei. Ezin eskertuko lana. Horrek sortzen zuen jende mugimendua eta kultura eramaten genuen jendea zegoen lekura. Koadro bat Espaloian zintzilikatzea edo herriko beste edozein lekutan…
- Euskara izan dugu ardatz. Beti. Eta klaro, mundura zabaldu gara eta askotariko hizkuntzak entzun ditugu Espaloian. Euskaraz %50 baino gehiago eta ondoren gaztelera, ingelesa…
- Kudeaketa eredu moduan kogestioan sinistu dugu. Inbertsioa handia egin zuen udalak eraikinean; baita Elgetako Goibeko Euskaltzaleon Topaguneak ere. Inbertsio hori guztia geratu da herriarendako. Oso-osorik.
- Minusetik hasi ginen, guraso elkartearen kontrakotasunarekin eta talde politiko guztien babes gabe. Hala ere, poliki-poliki herri proiektua ikusi da eta zalantzati geratu direnak eskuko atzaparrekin kontatu daitezke. Herritarrek, denek, harro erakutsi dute kultura gune bizi bat genuela Elgetan.
Eta orain?
Goibekoko bazkideek Espaloian antolatutako ekintza guztietan %20ko deskontua izango dute hurrengo 15 urtean. Hori izan da inbertsioa herrirako uztearen kontra hitzartutakoa.
“Eta orain?” galderari, berriz, berriek erantzutea onena. Irakurketa berritua beharko du 2016 ez baita 2004ko ekaina. Nire desioa, ahalik eta bizkorren zabaldu dadila. Ekintza bakarrarekin? Ba bakarrarekin; taberna bakarrik? Ba taberna. Txarrena itxita egotea. Horregatik amaitu nuen esaten “jar itzazue bentak, erosteko tabako eta koƱakak”. Dena da on itxita egotearen aldean. Badakit badabiltzala gaiarekin eta Elgetako Udalak gonbidatu gintuen Plateruenako Eneko, Astrako Johana eta hirurok. Ondo egon zen. Ideiak baino atzera begirakoak hartu zuen denbora, baina aurrera egin gura duenarendako sekreturik ez dagoela argi geratu zen: sekretua ez da dirua, sekretua da lana. Hain sinplea eta hain konplikatua era berean: lana.
Azkenengoz eskola-umeen jaian egon nintzen. Benetan da ederra itxita daukagun areto hori. Merezi du biziberritzeak. Nire desiorik onenak.