Gerraren errekreazioa Elgetan: etorkizuna sortzeko leku

Herriaren frontoia lepo bete zen emakume erresistenteei omenaldia egiteko

Herriaren frontoia lepo bete zen emakume erresistenteei omenaldia egiteko.

Debagoieneko ekintza borobil bat: “Gerra eguna” Elgetan. Puntu on asko: memorixa ariketa eraginkorra, Debagoiendar asko parte hartzen, antolatzailliak ordu asko lanian (bereziki aittatu Julia Monge eta Juan Ramon Garai, demasak zarie!), gorputza hartu daben errekreaziño eta omenaldi eguna, ikusle ehundakak…

Eta klima berezi bat: Barne Sailburu izandakuak, ETAko militante bat urte asko preso eginddakua, Lehendakari bat, HBren sortzaileetako bat, EAJko mitikuak, PSEko lehendakari izandakua, alderdi txikixaguetako kargudun asko, alkate andre eta jaunak, zinegotzixak … Mimau biharreko egun bat dirudi, pasautakua irakurri eta etorkizuna sortzeko gune pribilegiaua. Inbersiño on bat.

Bi argazki eskuko telefonoarekin ateratakoak:

Hedabideetan agertu ez den argazki bat, kuriosoa. Laurak ezagunak eta bereziki Paco Etxeberria

Hedabideetan agertu ez den argazki bat, kuriosoa. Laurak ezagunak eta bereziki Paco Etxeberria

Elgetako bost herri-politikari errekreazio ostean manifestazioa zabaltzen. Alkatea erdian eta beste laurak, zinegotziak:

ElgetakoBostZinegotzi

 

Argazki gehiago, bideoak, kontakizuna… goiena.eus atariko kanal berezian. Hiru-lau bideo, argazki pila bat…

Testu landu bat omenduak han zeudela irakurri zutena Iraitz Agirrek eta Julia Mongek. Testua argia.com-etik dakart cc-by-sa lizentziari esker.

 

Emakumeen gerrak beste kolore batzuk ditu

Elgetan une eta gune ugaritan aritutako ahizpa eta arrebek hartu zuten protagonismoa, isilpeko ahots guzti horiek. Literaturako azken nobel saria den Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan kontatzen den bezala, emakumeek kontatzen duten gerrak, eta beraz, errepresioak eta erresistentziak berak, beste kolore batzuk ditu, beste usain batzuk, beste argi-ilun eta espazio batzuk. Heroi eta batailetatik haratago, egoera lazgarrietan bizi den jendearen bizitzak kontatzen dira hauetan. Gerra eta errepresioak dakarren gogortasuna, tragedia, urruntze zein galera guztiek, ez dituzte emakume hauek biktima bilakatzen ordea. Erresistentzia, borroka, elkartasuna, laguntasuna eta sorkuntza pertsonalaren adibide dira. Menpekotasun patriarkal eta frankistaren inposizioei izkin egin eta euren ideia politiko eta sozialekin konprometitu ziren emakumeak, botere egiturek inoiz domatu ezin izan zituztenak, errebelde eta borrokalariak.

Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, gudari edo miliziana bezala joan zirenen ahotsak. Erretagoardian erizain lanetan ibilitakoak, lubakiak eraikitzen aritutakoenak, frontean gelditu eta itzuli zirenenak.

Igandeko ekitaldian 41 emakumeri egin zitzaien omenaldia, Iñigo Arregik egindako Egiaren Iturria eskultura jaso zutelarik. Antolatzaileek argi zuten ordea, omenaldia garai hori bizi izan zuten emakume guztiei zuzenduta zegoela. Isilarazitako ahotsek, kontakizun ezagun zein ezezagunak kontatzen dituztela. Horiei guztiei honako hitzak eskaini zizkieten.

Gerraren lekuko zuzenak izan ziren emakumeak omentzeko elkartu gara gaurkoan, baita diktaduraren aurkako erresistentzian borrokan aritu ziren andrazko guztiak oroitzeko. Hemen zaudetenak, hil zituztenak eta memoriaren mapa marrazten hasi garen bitarte honetan bidean gelditu direnak.

Historiako eta memoria kolektiboko orrietan isilaraziak izan diren ahotsak entzunarazi nahi ditugu gaurkoan.

Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, miliziana bezala joan zirenen ahotsak gara. Erretagoardian erizain lanetan aritu ginenona, lubakiak eraiki genituenena, frontean gelditu eta frontetik itzuli ginenona.

Mugak zeharkatu eta gure kideen aldamenean, faxismoaren kontra, internazionalismotik, ahizpatasunetik aritu ginen brigadistak gara.

Fusilatu zituzten horiek denak gara; gure hilotzak guk geuk brodatu genituen bandera more, gorri, berde, zuri, beltzekin estali zituzten, odoldutako banderak.

Gure besoen artera jausitako gorputz zaurituak zaindu genituenak gara, haragiz estalitako hezurrak, azaletik sentitzen dutenak, errepresioa poro guztietan sufritzen dutenak.

Gure gorputzak gerra krimenen guda-zelai bihurtu zituzten. Gure konpromiso politiko eta sozialagatik torturatuak izan ginen, torturatuak izaten jarraitzen dugu, sistematikoki bortxatuak, zaurituak, behin eta berriz kartzelaratuak.

Irakasle izan ginen, idazle, kazetari, joskin..

Eta batez ere, sufragistak eta feministak izan ginen. Horregatik ere hil gintuzten, bortxatu gintuzten, ilea zerora moztu ziguten, betiereko lotsara kondenatu nahi izan gintuzten. Lesbianak gara, transak gara eta gudari izateari beste zentzu bat ematen hasita gaude dagoeneko.

Indar polizialengandik ihes egitea lortu genuenak, martxoaren 3 bakoitzean, maiatzaren 1 bakoitzean. Langileak eta sindikalistak. Antolatuak eta autonomoak.

Mira Marusiña, Mirá, Mirácómovienen… Munduko Maria Luisa potzu guztietatik datozen eta etorriko ez direnen zain, omenez, eguneroko borroka txiki eta handiak bultzatuz aurrera egitea beste erremediorik izan ez genuen guztiak gara.

Kuba, Mexiko, Alemania, Errusia.. herrialde horietara erbesteratu behar izan genuen, bonbardaketetatik eta ezarri nahi izan zituzten arauen beldurretik ihesi.

Ertzetatik arituz, erdiguneak konkistatzeko bideari ekin zenioten guztiak gara. Memoriadun emakumeak, emakume oroituak eta kolektiboki memoria antzeko prozesu honetan, ezinbesteko ahotsak. Zuen borroka eta mugimenduak, hainbat eremutan aitzindari izandakoak, gure egungo aldarrikapen izaten jarraitzen dute. Zuek izan zarete ertzetatik borrokatzen irakatsi diguzuenak. Badakigulako jakin, historiako liburuetan agertzen den gerrak antzekotasun gutxi duela zuenarekin. Orri horiek gizonezkoek idatziak izan dira, gizonetatik eta gizonei buruz. Gerraz zerbait badakigu, gizonen ahotsetik izan da. Emakumeok isilik egon behar izan dugu, isilaraziak izan gara, eta gure hizkuntza bera ere isilarazi nahi izan dute. Gaur, erdigunetik hitz egiten dugu beraz.

Euskal Herriko erresistente eta errepresaliatuak zaituztegu gaurkoan erdigunean, baina zuekin batera, munduko hamaika txokotako emakume erresistente eta errepresaliatuak gogoan ditugu. Kurdistanen, Sirian, Palestinan, Donbassen eta munduko hamaika bazterretan euren eskubideen borrokan ari diren milaka emakumeak, gurekin dira Elgetan. 

Erdigunetik dihardugu eta gelditzeko hasi gara plazak gure egiten. Diktadurak isilarazi nahi izan zituen emakumeei ahotsa emanez, emakumeon memoria indibidual eta kolektiboa berreskuratuz, gure isiltasunak lanbrotzen dituzten mamuei aurre eginez. Garena, izan ginena eta izan nahi duguna lotzeko, eta gu geu zeharkatzeko beharra duen bizitzari bide emateko aukera da honakoa. Kontatzen ez den historia izan gara, baina gu gabe ez dago memoriarik. Eta memoria, zerbait izatekotan, sorkuntza ariketa bat da. Memoria historikoa eta pertsonalaren arteko hari fina, gogoratzea merezi duen hori bermatzeko bidea.Lotura horiek indartuz, kontzientzia aldaketan eraginez, mundua eta errealitatea beste koordenada batzuen arabera ulertzeko gakoak emanez. Ez dugu horretan zalantzarik, horretan gabiltza, horregatik batu gara gaurkoan. Eta badakigu ondo gabiltzala. Eta neskak, sinetsi iezaguzue, hau hasi besterik ez dela egin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude