Ez naiz eroso sentitzen tertulietan. Bai etxekoetan, lagunartekoetan edo sektorekoetan, lanekoetan… baina publikoak diren tertulietan… ez, ez naiz eroso sentitzen. Ez telebistan, ez irratian… Batetik, autozentsura aplikatzen dudalako izango da, baina ez hori bakarrik. Gauzak zelan esan eta zer (bereziki) esan ondo prestatu arren… kaka morralian! Hala ere, eraman nuen ba gai bat Azpimarrara eta han esan nituenak eta esangura nituenak blogera ekarri ditut. Gainera, edonork irakurriko balu komentarioak egitea libre, noski, gaiaz ikasteko balioko du-eta.
Azkenengo aldiz ere horixe gertatu zitzaidan. Neuk aukeratu nuen aurkeztuberri zen erakunde bat hartzea aipagai: Berdin (ez dut webguneko loturarik topatu).
Prentsaurrekoa egin zuten Berdinekoek eta zintzoa iruditu zitzaidan han zeudenen ahotik entzundakoa hauteskunde bezperetan izanagatik. Badakit jakin, gai horretan dabilen medikuren batek zenbat lan egin duen, Goienatik ezagutzen nuen guk geuk ere landuta genuelako gaia eta baita kolaborazio luze bat idatzita ere Puntua aldizkarian… Eta nik jasota neukan txanponaren aldea horixe zen, aldarrikapena egiten zutenen aldea. Dena den, txanponak, beti alde bi.
Elkartea berria, baina diskurtsoa askotan entzundakoa estiloz, behintzat: aldarrikapenaren barruan sar daitekeen egiteko modu hori. Eta horrek eman zidan zer pentsatua. Hasi hemen eta han begira, hasi ia zenbat kexatzen ziren hizkuntza gaietatik osasun arloan… en fin, hemerotekara egin nuela eta han konturatu nintzen 2013an 20 kexa baino ez zituztela jaso Elebiden EAEko osasungintza eta hizkuntzarekin lotuta. Gutxi iruditu zitzaizkidan, oso gutxi. Aurten milaka izango dira, baina ez dakit helburua kexak gehitzea ote den…. Kexena, ulertzen dut gaia plazaratzeko modua izango dela, elkartea sortzea letxe. Alde horretatik pegarik ez, baina gustatu zaidana elkartetik da nora jo ez dakitenei laguntzeko prest daudela, aholkatzeko balioko duela eta informatzeko.
Betikoa da katramila: zenbaterainoko bizkor goazen. Euskararen erabilerak osasungintzan 11,8 puntu egin du gora eta urte tarte berean euskararen erabilerak 4,5 inguru egin du gora. Egin da zati eder bat Osasungintzan ere egiteko dagoena ez dela gutxi aitortuta. Hemeroteka gaiztoa da eta Rafael Bengoa sailburuaren esanak ere etorri zaizkit pantailara: “con el euskera hemos ido demasiado rĂ¡pido”. Denendako ez duela euria egiten gura beste, alegia.
Asmatu beharko da bizkorrago joaten nire ustez, eta baita bizkorregi goazela diotenak tren honetara erakartzen. Dena beharko dugu, denak. Horratx katramilaren oinarria: bizkortasunean asmatzea. Nik neuk medikuen eskubide indibidualei baino eskubide kolektiboei emango nieke lehentasuna, kolektibo hori milaka eta milaka lagunez osatua dagoela jakitun: bezeroak. Bestetik, lagundu bedi gaiaren zabalkundeak Osakidetzako bezerook medikuen pantailan euskaraz artatzeko nahia dugula jar dezaten eskatzeko. Nik eskaera zuzen-zuzenean egingo diot familia medikuari.