Bn Colmery-k (Knighit International Journalism Fellowships de ICFJ) dioen moduan, kazetaritza ez dugu produktu baten ikuspuntutik begiratu behar eta bai ekosistema oso baten ikuspuntutik. Hori horrela, guk ITURRI deitzen ditugun horiek eta KAZETARIAK, ekosistema beraren parte dira. Gero eta gehiago, denok egiten dugu eduki sorkuntza eta helburu beraren parte gara sarri.
Bi motatako iturriak identifika genitzake:
- Ohar bidaltzaileak: politikarien prentsa oharrak, enpresen notak, kirolarien prentsaurrekoak… Beti egongo direnak eta kazetariek jaso eta albiste bihurtuko dituztenak albiste izateko lain emango balute.
- Iturri izendunak: Gurekin batera informazioa lantzen duten herritarrak, elkarteak… batzuetan kazetariaren laguntzarekin. Gero eta leku handiagoa hartu beharko luketenak gure hedabideetan.
Eredu hiperlokolean, derrigorra da bigarrenekin kontatzea. Goienan hasiera-hasieratik dugu langai gertuko informazioa, baina hiperlokala esaten diogunean esaten ari gara herritarrekin batera lantzen den informazio mota, ekosistemak (kazetari+iturriak) sortzen duen gertuko informazioa.
Iturrien ondoan kokatzen dira kazetariak, eta gero eta gehiago izan beharko dira dinamizatzaileak. Hain zuzen ere, ekosistema horren eragileak dira, ekosistemak funtzionatzeko behar duen oreka bermatzaileak. Saregileak dira.
Egiteko berriak izango ditu kazetari dinamizatzaileak eta izango dira:
- Testuen egokitasunean lagundu iturri izendunei.
- Iturri izendunei formazioa eskaini: argazkiak nola atera, titular egokiak, nola erabili sare sozialak eta bloga, kazetari irizpideak, oreka… Jakinik ezin dugula kazetaritzan inor formatu, horretarako daude unibertsitateak.
- Gero eta iturri izendun gehiago izatea lortu. Sarea osatu. Komunitatea egin.
Zorionez dagoeneko hainbat artikulu dira komunitatetik datozenak eta albiste garrantzitsu bihurtzen direnak jarraian. Gero eta artikulu gehiago daude Goienan kazetaria ez den jendeak sinatuta. Gero eta leku handiagoa dute sarean bereziki, baina baita telebistan eta bereziki paperean. Bide bat urratzen ari gara eta sinistuta gaude gertuko komunikabide izaeran sakontzeko balio izango duela.