Txiki
Eta txiki izateak baditu kalteak ere, baina onurak asko. Lantalde profesionala eta malgua dugu eta eskerrak! Denborei egokitu gara. Esaterako, gehienetan, kazetari bakarrak elikatzen du weba, telebista, papera eta behar denean irratia ere albiste bakoitzarekin. Ez genuke modurik izango lau hedabide ditugula-eta lau lan-talderekin. Oraindik badugu zer findu, egia da, baina txikiok ez gara moldakaitz. Zetorrena sumatu eta taldea ere egokitu dugu. Txikiagoak gara, baina moldatzen gara.
Pobre
Eta pobre. Honek desabantailak bakarrik ditu. Edo aldekorik izatekotan pobre bizitzen ohituak gaudela eta imaginazioa bikoiztea berezko jokaera dugula.
Pobreak gara eta, estatutoz, irabazi asmorik gabeko kooperatiba ere bai. Herritik sortu eta herriarendako lanean dihardugu eta ulertzen dugu komunitate horrekin batera egin behar dugula lan. Ez hori bakarrik, erabakiguneak ere konpartitu behar ditugu herritarrekin, euskara elkarteekin, udalekin. Horrek ematen digu behar dugun pluraltasuna, horrek ematen digu Debagoienaren pultsua hartzeko behar dugun tresneria. Noski, horrelakoegatik eta edukia lantzerakoan egiten dugun oreka-lan etenbarikoagatik sentitzen dute bere Goiena herritarrek.
Txiki, pobre eta kuadrilla
Txiki eta pobre kuadrila ere bagara. Eta zein pozik! Tokikomen batzen garenok gure artean trukatzen ditugu gure miseria eta gure pozak. Banaka-banaka pobre garena ez da aberats bihurtzen elkartze hutsagatik, baina badugu alor horretan zer landu ere. Txikiak elkartzeak, ordea, handiago izatea dakar eta beste modu bateko zenbakietara heltzea. Tokikomen 30 hedabide gaude eta egunero-egunero periodiko formatuko 37 tabloide orrialde egiten ditugu. Bai bai, egunero, astelehenetik domekara:
- 156 lankide gara.
- 641 laguntzaile
- 350 blogari
- 97.000 aletik gora (zenbaki bakoitzeko)
- 194.000 irakurletik gora.
- 300.000 bisitaritik gora webguneetan hilero-hilero.
- Ia 6 milioiko aurrekontua dugu.
- Oh.: batuko bagenitu Hitzak eta beste zenbait aldizkari kopuruak igoko luke.
Datuok Eneko Bidegainek egindako “Euskal hedabideen etxea” ikerketatik ateratakoak dira eta baita hurrengo esaldiak ere:
Toki komunikabideen indargunea da euskararen ikuspegitik betetzen duten funtzioa eta hartzaileen aldetik duten onespena. Baliabide eskasiak ez du ahalbidetzen neurketa sistematikoa, baina egin diren apurrak oso argiak dira.
Orain urte batzuk tokiko bi aldizkariri egin zitzaien neurketa eta bi datu:
-
Galdetutako etxeen %84an toki komunikabidea zen etxe horretan sartzen zen argitalpen bakarra.
-
Ildo editorial plurala. Galdetuta ea toki hedabideen ildo editoriala plurala ala lerrotua den, erantzuten %86k zioen baiez, plurala zela.
Goienan 2012an egin genuen galdeketa hau eta datuak antzerakoak dira:
-
Ia herritar guztiek (96,8) eskualdearentzat beharrezkoa edo oso beharrezkoa kontsideratzen dute Goiena, baita euskara ulertzen ez dutenek ere.
-
Herritarren gehiengo zabalak (71,9) proiektu plural bezala ikusten du, indar politiko edo ekonomikoekiko independiente.
-
Euskara indartzeagatik baino tokiko informazioa eskaintzeagatik da beharrezkoa Goiena herritarrentzat, alde txikiz, baina informazio lokala euskara indartzeari nagusitzen zaio.
-
Euskaraz ezer hitz egiten edo ulertzen ez dutenen artean edota kide guztiak erdaldunak diren etxeetan irakulegoa altua da, %40 ingurukoa.
Jarraitzen du txostenak eta esaten du:
Argi dago toki komunkabideek euskaren normalizazioan betetzen duten funtzioa eta bertako informazioa lantzeak ematen dien herritarren atxikimendua.
Gertukoan urrea eta bezeroen babesa
Eta zer behar dugu ba guk? Irakurri gaitzaten, entzun gaitzaten, ikusi gaitzaten eta gero eta gehiago gurekin batera hedabidea egin dezaten. Ez dute jasotzea bakarrik gura, parte hartzea gura du herritarrak eta gu gero eta leku handiagoa eskaintzeko ahaleginean ari gara. Erabiltzailea dugu buruan egiten dugun pauso guztietan eta hori kontuan izanda dihardugu lanean Goienan urtarrilean bertan proiektu berri bat kaleratzeko. Jasotzen dihardugu berriz harpidedunek, ez-harpidedunek eta harpidedun izandakoen iritziak. Eta horiei entzun ostean kapaz izango gara produktua hobetzeko.
Ez da izango produktu bakarra, gainera. Urtarrilean bertan, Berria eta Geu Gasteizekin batera ALEA izango da kalean, Arabako aldizkari berria.
Bagabiltza eta jarraituko dugu sinisten duguna egiten, gertuko informazioan urrea dagoela jakitun garelako eta sentitzen dugulako bezeroen babesa.