Aspaldi egin genuen lehenengo aplikazioa. Eta lehenengo aplikazioak zuen denetik! Han zegoen dena! webgunean genuen guztia eta gehiago ere bai. Eta Baturako lagunek (Batura mobile solutions) esaten ziguten ez zela gauza bera aplikazio bat eta webgune bat… baina gu gurera! Noski, ez genuen asmatu. ERROREA izan zen gehiegi sartu gura izatea, edukien arbola konplikatuegia zen. Orduko aplikazioa 600-700 lagunek jaitsi zuten, hala ere. Ondo.
Gaur beste kontu batekin gatoz. Ikasi egin dugu, han eta hemen ikusi. Eta zer da egin duguna? ba dena sinpletu. “Sinplea on” leloari jarraitu diogu. Hustu egin dugu edukiz. Hustu eta pantailarako irakurgarria izango den zerbait atera. Sinplea, lehen bistara zer den ikusten dena eta zerbitzuei gehiago emana ohikoak ditugun beste hainbat atali baino.
Komunitateari feedbacka erraztu
Hori izan da egitekoetan garrantzitsuena. Buruari buelta eta buelta jardun dugu eta heldu gara konklusiora lau botoi jarri behar genituela erabiltzaileen eskura. Kexatzeko aukera, txalotzeko aukera, argazkiak bidaltzeko aukera eta edozein notizia edo ohar bidaltzeko aukera. Pantailaren leku preferentea horietxek hartzen dute eta norbaiti irudituko zaio beste gauza batzuei lekua kentzen diela… Gure apustua da horiek izatea erabiltzaileek esku-eskura. Horiei ematea garrantzia horiek baitira gurekin di-da harremanetan jartzeko aukera errazten dutenak.
Zerbitzuak
Eta ondoren zerbitzuak: eskelak, gida eta aurreztu. Goienak egindako apustu garrantzitsuak. Debagoienan eskelen gaia interesekoa da eta debagoiendarrek astero-astero orria betetzen dute eskelekin. Horiek kontsultatzeko berbideratzen dugu webguneko atal horretara. Berdin gidarekin eta baita aurreztu.com-ekin ere. Berbideratze soilak dira, baina di-da egiten dutenak.
Responsive
Noski, webgune guztia kontsultatzeko aukera badugu den letxe. Gure webgunea Tokikom plataformarekin egindako webgunea da eta responsive denez, izaera likido horrengatik, egokitu egiten da edozein pantaila tamainatara. Beti dago aukera webgunean dagoen guztia kontsultatzekoa ze ez genuen galdu gura aukera hori. Hala ere, jendearekiko harremanari eman diogu garrantzia. Ia zer esaten diguten bezeroek.
Aplikazio berria jaisteko (doan)
Kazetaritza komunitatearekin kontatuta
APP hau denen eskura jartzea Goiena egiten diharduen politikarekin lotuta dago. Gura dugu komunidade bizi bat, bere etxe aurreko jarlekua gaizki badago argazkia aterako diona eta guri bidali. Guk hori argitaratu. Eta ahal den guztietan jarleku hori konpondu beharko lukeenarekin egon eta bere erantzuna lortu.
Ez dugu gura igorletik hartzailerako informazio bide ohikoa bakarrik lantzea. Gura genuke herritarrek egindako kazetaritzari ere lekua ematea eta horretarako erreminta da atera duguna.