Elkarrizketak egiteko baliogarri zaizkidan aholku batzuk idatzi ditut. Blogera ere ekartzen ditut.
- Betiko sei galderak jarraitzen dute izaten egin beharrekoak: zeinek, zer, non, noiz, nola eta zergatik. Basikoa dirudien honek ematen ditu ba buruhausteak. Ebento baten berri ematean non edo noiz falta izatea modukoak oso agerikoak dira.
- Elkarrizketa prestatu horiek kontuan izanda. Ez dago elkarrizketako galderak elkarrizketatuari bidali beharrik. Batzuetan elkarrizketatuaren mailak edo ohitura faltak eragin dezake horrelakorik, baina hala ere, hobeto galderak nondik nora joango diren azaltzea galdera zehatzak ematea baino.
- Geratu leku eroso batean. Zarata larregi egongo ez den lekuan, bereziki. Argia ere zaindu behar da beti. Lokalizazioa. Konfidantza lortzeko lehen pausoa da.
- Puntual. Geratu zaren leku horretan norbera lehenago egotea ona da. Sekula ere ez beranduago. Ahal den guztietan elkarrizketatuaren poltsikoko telefonoa izan behar dugu eta gertatu beharko ez litzatekeen arren, berandutuz gero, ahalik eta bizkorren abisatu. Errespetua.
- Erremintak: aurretik konprobatu pilak dituzten, funtzionatzen duten etab. Beti izan eskuko telefonoan grabatzeko aplikazio bat. Beti da ona bigarren aukera hori…
- Adeitsua izan. Hautatutako gaiari ongien lotzen zaion elkarrizketatuak baietza eman digun guztietan gauzak erraztea dagokigu, emandako baietz horri zintzo erantzutea eta errespetuz. Elkarrizketa bortitzak ez lirateke egin behar, gutxiago mantxeta baten azpian. Ez ahaztu norbere markarekin batera hedabidearena ere badoala. Gu kazetari gara eta enpresa ere ordezkatzen dugu, hein baten.
- Galdera zehatzak egiten badituzu jaso erantzunak. Eta ez badizu galdetutakoa erantzun galdera berriz egitea ondo dago, ez lotsatu. Akaso berba berberak erabili barik galdetu daiteke gauza bera. Galderak irakurri barik egitea ona da. Eskema bat eraman, ez dago zertan galderak diktatu. Elkarrizketatzaileak ere izan behar ditu lorgarri diren helburu batzuk. Horiek kontuan izanda joan elkarrizketara. Galdera zehatzak ez dauka zertan luzea izan. Normalean motzak dira zehatzenak eta egokienak. Gainera, erantzunak dira mamia eta jendeak entzun gura duena.
- Derrigorra da gaiaren eta elkarrizketatuaren gaineko jakintza izatea elkarrizketa lotzeaz bat, hanka sartzea ez da txukuna izaten eta. Ez da derrigorra, aldiz, jakintza hori guztia galderetara eramatea. Ondo dago publikatuko diren baino galdera gehiago egitea web bertsioan-eta ondo etorriko direnak. Hala ere ez dago dena galdetu eta inor aspertu beharrik.
- Jarri behar gara irakurlearen lekuan. Jasotzailea (ikus-entzule-irakurlea) izango den horrek zer galdetuko lioke elkarrizketatuari? Gu zerbitzu bat ematen ari garela ezin ahaztu.
- Jarri elkarrizketatuaren lekuan. Elkarrizketatu bakoitzak gura izaten du zerbait esatea. Esan gure izaten du eta entzuteko jarrera izan behar du elkarrizketatzaileak.
- Entzun, argi eta garbi entzun. Esaten dituen horrek sortzen ditu galdera berriak, aurretik idatzi gabe ditugunak. Askotan horiek dira onak. Norbera apain agertzea baino garrantzitsuagoa da bi norabideko elkarrizketa izatea. Erantzunak ematen dituenak espero du guk entzutea eta logikoa denez ulertzea.
- Jasotakoa txukundu, kontestutik atera barik, beti ere. Argia izan jasotako hori ematerakoan: laburra, soila, gardena. Formatua egokitu, hedabide balkoitzak bere hizkuntza du: paperean modu batera, telebistan beste bat, irratian zein Interneten ere ezberdin. Gakoak ondo adierazi. Titular deigarriak bai, baina zehatzak eta lehenengoan ulertzekoak. Zuzentzailea derrigor pasatu. Literatura utzi liburuetarako. Erraztu. Jasotzailearen denbora urrea da.
- Besteen materiala aitortu: beste batzuek egindako lana erabili behar baduzu elkarrizketa txukuntzeko (argazkiak, bideoak, aipuak…): aitortu.
- Elkarrizketatuak (edo txarrago, badaezpadako komunikazio arduradunak) ez uste arren ere, ia salbuespen barik, komeni zaio galderei erantzutea. Hedabideei ezetza ematea ez dut uste hobea denik ia sekula. Behin elkarrizketa baieztatuta, eskertu behar dugu guretzako denbora bat dedikatu izana. Bereziki gure hedabideetan agertzeko “beharrik” ez duten elkarrizketatuetan. Badagokigu, hala ere, politikari profesionalei eta gurean agertzeko interesa duen guztiari ere elkarrizketa eskertzea.
- Tuiteatu. Esan elkarrizketa egin duzula. Batzuetan komeniko da esatea egitera zoazela ere, eta noski, zure jarraitzaleren batek galdera bat egiteko aukera zabaldu zenezake. Behin argitaratutakoan pasa lotura hori. Twitter izan daiteke sare sozialik egokiena, baina badira beste batzuk ere. Elkarrizketa egiteaz gain haizatzea ere badagokigu. Eta hedabidean argitaratu denaz gain zerbait pertsonalagoa ere idatzi genezake norbere blogean eta are eta jasotakoari bizitakoa gehituz balorea eman.
- Izan Kazetaria. Edo ez elkarrizketatzailea baino gehiago. Ez jueza, ez oposizioko alderdia, ez boxeolaria, ez borreroa, ez borregoa. Duintasun handiko lana da kazetaritza. Horrela antzeman dadin gure eskuetan dago. Proposatu hedabideari zein elkarrizketa egin gura duzun, zein sakontasunekin, noizko…
oh.: Puntu gehiago badiren? seguru baietz. Gustura gehituko ditut proposatzen badituzu. Beharbada jarritakoren bati zehaztapen bat ere egingo zenioke. Bestetik, ez ahaztu hau ez dela torlojugintza. Norberak jartzen dio bere estiloa… eta hori ederra da.
Paperean publikatutako elkarrizketak irakurtzerakoan sarri eukitzen juat jakinmina zenbaterainoko aldia ete daguan jatorrizko elkarrizketaren formatik publikatutakora.
Hernaniko Kronikako Eñaut eta Jesusek oin hilabete batzuk emon juen ikastaruan galdera horixe egin najotsen. Etxotxen emon aldiaren zenbatekuari garrantzirik, eta bai, ostera, publikatutakua aurrez elkarrizketatuarekin ahalik eta gehiena adostuta/negoziatuta izatiari, batez be tokiko komunikabidietan.
Hik sarri eukitzen dok jakinmina irakurle moduan, ez? Ba berdin gaiñontzekuok irakurle gazenian. Ez juat uste alde haundixa egotia ona litzakenik.
Negoziatzia… Zeiñek ez jok egin? Eta egin biharko juau… Baiña ez juat uste kazetaritzaren aldekua danik holan jardutia. Eta kazetaritzaren aldekua ez danez ezta gertuko kazetaritzaren aldekua be. Klaro, ni ez nok iñor Eñautek eta Jesusek esandakueri kontra egitteko, gutxiago han ez izanda eta kontestua jakitzeka.
Bestetik, “norberak jartzen dio bere estiloa” esaten amaittu juat. Gure lana ederra dan edo ez irakurliek esango juek. Hori dok legia bai kazetarixarendako eta baitta komunikabidiaren markarendako.
Eskerrik asko hire ekarpenagaittik, Egoitz.