Lekukoa pasatu dugu Espaloian

Hamar egun pasatu dira gertukoenekin azken jaia egin genuenetik. Lasaiago-edo apunte pare bat Espaloian egindako 10 urteko ibilbideaz. Zikloa itxita: Artistak gustura+publikoa gustura = antolatzailea gustura.

  • Alde egoistenetik, oso emankorra izan da Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak eman diguna kudeaketan ibili garenoi. Jantzi egin gaitu, hazi. Lagun asko egin ditugu ibilbidean eta gaur gaurkoz edozein sortzaileri deituko bagenio gure taula gainera etortzeko eskatuz, doan ere egingo lukete gehienek.
  • Noski, gure egitekoa sortzaileei begirakoa ere izan da eta begirunez egindakoa gainera. Ordainsari duina (ez beti merezi bestekoa, tamalez) ematen saiatu gara beti eta inor ez da joan Espaloitik afaldu barik eta hartu-eman minimo bat izan barik.
  • Askotan berba egiten dugu euskal sortzaileez eta herri kulturaz-eta… eta herri kultura ageriko egiteko lekuez ezer gutxi esaten da inguruan. Sortzaileak beraiek bai, konturatuta daude eta eskertuta orain dela 20 urtetik gaurdaino asko hobetu baita eszenaratzeko lekuen erosotasuna. Kafe antzokiek badute kulparen zati bat.
  • Esango nuke, hala ere, eta inportantea izanagatik, gutxiena dela foko asko, tramoi elektrifikatuak eta soinu ekipo ona izatea. Inportanteak dira, baina are gehiago sortzailea gustura egoteko egin beharreko ezkutuko horiek guztiak. Bereziki artista ulertzea. Bizpahiru artistekin kenduta (beti dago egolandiaren bat…) elkarrekin afaldu dugu, lotan geratzekotan herriko landetxe eta hotelean egin dute, sozidaderen batean edo Espaloian bertan afaldu…
  • Artista diogunean ez diogu bakarrik goi mailako hori. Bereziki mimatu da gurean euskal artista (goi mailakoa askotan). Gure proiektuko ardatz izan da euskara eta euskal artista zentroan kokatu dugu.
  • Euskal artista herrikoa eta ingurukoa izan bada are gehiago. Pozen egon garen egunak, seguruen, herrikoak taulan jokatzen zutenekoak izan dira. Ez da geratuko sortzailerik taula gainetik pasatu ez denik.
  • Atzerrikoak ere saiatu gara ekartzen, noski. Bereziki antzerkia musika eta magia. Gehienetan sarreretan sortzen zutenari kopuru txiki bat gehituta joan dira. Hasieretan zulo potoloak ere egin izan ditugu, baina akaberarako zuloak euskal artistekin egitea genuen lege. Irekita egon gara edozein proposameneri eta herriko edozeinek zerbait antolatu gura izan duenean lagundu diogu.
  • Hamar urte egin ditugu telebista aparailu barik. Merezi izan du! Noski, ez ikuspuntu enpresarialetik… irabazi asmorik gabeko proiektua izatearen onurak. Eguaztenetako zinekluba ere ederra izan zen, nahiz eta sarri dozena erdi ikusle baino gehiago ez izan.
  • Askotariko ekintzak beste horrenbeste jenderendako. Polita izan da ostirala gaztez lepo ikusi, zapatua 50 urtetik gorakoez eta domekan umeen kontzertua antolatzea.
  • Inbertsio guztiak ordainduta eta zor barik amaitu dugu. Goibeko Euskaltzaleon Topaguneak erabaki du inbertsio guzti-guztia herriari uztea. Halaxe egin dugu, zero euroren truke. Ordain bakarra, Goibekoko bazkideek aurrerantzean egingo diren ekintza guztietan %20ko beherapena izango dutela.
  • Eskerrik beroenak sortzaile guztiei eta modu batera edo bestera gertuan zaudetela erakutsi duzuen guzti-guztiei.
  • Taulak eman duenaren zati bat iruditan:

Azken berba: “Ezer egiten ez dutenak baizik dira akatasgabeak” zioen Josep Conrad-ek. Ba horixe, hankasartze eta guzti, zerbait egin izanaren pozez eman diogu lekukoa hartzea gura zuenari. Zorterik onena!

 

9 comments on “Lekukoa pasatu dugu Espaloian

  1. Mikel Iturria(e)k dio:

    Lan handia egin duzue Iban eta konpainia. Zorionak ematea eta eskertzea da lerro hauen bidez egin nahi dudana. Gozatu!

    Mila esker!

  2. Luistxo(e)k dio:

    Zorionak egindako guztiagatik. Sortzaileez gain, bisitari eta kontsumitzaileak ere mimatu ditu Espaloiak urteotan. Elgeta mapan pittin bat ageriago, gorago, jartzen ere lagundu du. Vilarriba goian, gorago, Villabajotik miresmenez esana.

    (Pasa-> Pasatu jarri izenburuan mesedez, Marimaistra hemendik pasatu aurretik)

  3. Joxe Aranzabal Joxe Aranzabal(e)k dio:

    Elorriotik ere hainbat aldiz egin dugu Elgetara, bertako kultura eskaintzak erakarrita. Zorionak Goibeko elkarteari, lan bikaina egin duzue-eta!

  4. maite(e)k dio:

    Zorionak eta eskerrikasko lan talde osoari. Momentu benetan gozoak pasa izan ditugu eta pasako ditugu, espero, Espaloian. Biba zuek!

  5. […] Iturria: arantzabal.com […]

  6. barberenea Eneko Barberena(e)k dio:

    Bejondeizuela eta atseden hartu, merezi dozue eta!

  7. Igor Susaeta(e)k dio:

    Beti izan da plazer handia Espaloiara joatea.

  8. patxi lurra(e)k dio:

    Obrigado!

  9. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Ez dakizue zein eskertuta (eta lotsatuta) nagoen esan dituzuenez. Twitterren ere hainbat mezu jaso ditut publiko zein pribatuan. Emozionanteak.

    Baina lagunok, “Ez diamante, ez perla, ez urregorririk; alegrantzia baino ez dago hoberik” Jarrai beza festak! Desiorik onena berriei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude