Horrelaxe dakar bisitatzen dudan bakoitzean gehiago gustatzen zaidan ahotsak.com-ek: Aixolaerrekako Ibutx baserrian jaiotakoa. Gazterik Beizu baserrira joan zen familia guztia bizi izatera. Ezkongabea, bizi guztian artzain ibilitakoa. Hasieran Beizun bertan ibili zen, eta Azula hustu zenean, bertara joan zen; anaia Beizun geratu zen. Oso kontalari ona. Bergarako eta Elgetako ahozko ondarea jasotzeko proiektuetan hartu du parte.
Gu astean egon gara Beizun. 40 minutura-edo dago Elgetatik. Pasiada ederra. Taldetxo bat joan ginen eta guretzako gura beste denbora zuela esanda hartu gintuen Enrikek, jator asko. Konturatu ginen bai Beizuko erlojuak eta gureak orratz antzerakoak dituztela, baina ezberdin ikusten dugula segunduen joana. Beizura sartzeko hezia pasatzeaz bat konturatzen da bat horrelakoekin. Argirik ere ez du apenas erabiltzen. liarra ez da botikan erositakoa, telebistarik ez eta nekez ikusiko du Enrikek Goiena telebistan egin zuten albiste hau. Goizago jaiki eta ardiak jaitsi, gaztak egin, iluntzean berriz jaitsi… eta horrela hainbat urtean. Bost sei hilabetetan lan askorekin (bildotsak-eta…) eta gainontzekuetan larre bila. Pentsa, Enrikek 7 urte zituela jarri zituen ardiak aitak eta berak 13 urterekin utzi zuen eskola.
Beizura heldu ginen-eta… Esan zidan Enrikek ikusteaz bat: “Joño, Etxebarri. Aspaldi ez haiz egon hemen, e?” Eta ni, ezagutu izanaz ere harrituta. “17 urte izango dittuk egon ez haizela”. Eta ni are harrituago! Urte horiexek dira gaztaia zelan egiten zuen esanaz erreportaje bat egin geniola Goibekokale aldizkarirako. Aldizkaria bekosugainean zuen oraindik. Demasa.
Orain, urri-azaro inguran-edo etorriko ei da herrira. “Urtiek erabaki juek ez nik” dio. Moldatuko dela, noski, baina falta ere sumatuko duela begibistakoa da. Albistea atera da Goienan: Elgetako azken artzaina.
Pare bat gazta erosita jaitsi gara Azulatik. 15 euroan kiloa “merke, plazara fan eta hotzak goiz osua pasau biharrik be ez daukat zuek erostera etorri ezkerio-eta…” Ez da ez garestia. 6 litro esne behar dira gazta bat egiteko eta atzetik dagoen artisau lan hori guztia… merke eta on! ummm.
Hello to every one, its truly a fastidious for me to visit this site, it contains helpful Information. bdkbkebabafd